Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ekaitz Agirregoitia: "Euskaraz bizi garen ikertzaileontzat oso garrantzitsua da gure jardueretako zalantzak eta dinamikak gure hizkuntzan egitea"

Dokumentuaren akzioak

Ekaitz Agirregoitia: "Euskaraz bizi garen ikertzaileontzat oso garrantzitsua da gure jardueretako zalantzak eta dinamikak gure hizkuntzan egitea"

2014/05/15 - Unibertsitatea.net
Ikertzaile euskaldunen harreman-sarearen garrantzia azpimarratzen du Ekaitz Agirregoitia Biologian doktoreak eta UEUren Osasun-zientzietako Ikertzaileen II. Topaketetako sustatzaileetariko batek.

Biologian doktorea da Ekaitz Agirregoitia UEUko Osasun sailburua. 2009an aurkeztu zuen tesia, Opioide-hartzaileak (d, k, m) eta kannabinoide-hartzaileak (CB1, CB2) giza espermatozoideetan espresatzen dira eta haien mugikortasunean eragiten dute, eta, egun, UPV/EHUko dabil irakasle lanetan.

Azken aldian, buru-belarri dabil UEUren Osasun-zientzietako Ikertzaileen II. Topaketak antolatzen eta berarekin izan gara ikertzaile euskaldunen harreman-sarea osatzea helburu duen jardunaldi hauei buruz hitz egiten.

UEUk antolatzen dituen Osasun-zientzietako Ikertzaileen II. Topaketen sustatzaileetako bat zara. Zer da Topaketarekin lortzea nahi duzuena?

Helburu bat baino gehiago ditugu. 2010ean antolatutako lehenengo topaketetan genuen helburu nagusia lanean euskaraz jarduten zuen ikertzaileen komunitate bat bazegoela azalaraztea izan zen. Bigarren topaketa hauen helburuetako bat ere bada ikertzaile gehiago komunitate horren partaide sentiaraztea. Baina, ikertzaile euskaldunen harreman-sarea sendotzeaz gain, helburu espezifikoak ere badaude: osasun-zientzietako ikertzaile euskaldunen lerro zientifikoak aurkeztea, hizkuntza zientifikoko zalantzak partekatzea edota osasun-zientzietan euskarazko produkzioa sustatzea.

Berritzailea da osasun-zientzietan zabiltzaten euskaldunen eztabaidarako foroa martxan jartzea. Osasun-zientzietako ikerkuntzan euskarak lekua duela frogatzeko topagunea ere izango da?

Bai, noski. Horrelako eztabaidaguneak hizkuntza askotan existitzen dira, eta argi dugu gu ez goazela ezer ordezkatzera, eta, are gutxiago, inorekin lehiatzera. Hala ere, euskaraz bizi garen ikertzaileontzat oso garrantzitsua da gure jardueretako zalantzak eta dinamikak gure hizkuntzan egitea. Gainera, ikertzaile euskaldunen gehiengoak bata bestearengandik oso gertu lan egiten dugu, eta eztabaidagune batek aukera izugarriak eman ditzake elkarrekin harremanak izateko eta kolaboratzeko. Horretaz gain, ezin dugu ahaztu Euskal Herritik kanpo lan egiten duen ikertzaile euskaldunen komunitaterako ere tresna oso baliogarria izan daitekeela.

Topaketa antolatzeko ikerketa-lanak aurkezteko deialdi irekia egin duzue, zein da jaso duzuen erantzuna? (norbanakoak, erakundeak, enpresak, osasun-zientzien esparruko zein alorretakoak...).

Oso ona. Duela lau urte 28 lan jaso genituen, eta, aurten 24. Bizkaitik, Gipuzkoatik, Arabatik eta Nafarroatik jaso ditugu lanak. Beraz, pozik egoteko arrazoiak baditugu. Bestaldetik, Ekaia eta Elhuyar bezalako argitalpenek eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE) bezalako erakundeek topaketak babestuko dituzte, eta horrek indarra ematen die topaketei. Gainera, aurten, laborategiekin euskaraz jarduten duten enpresen babesa ere bilatzen ari gara.

Proposamen guztiak eskuartean, dagoeneko egunaren nondik norakoak zehaztuta izango dituzue, zein izango da topaketaren dinamika?

Topaketetako parte-hartzaileei ongi etorria eman ostean, Jon Zaratek, Ekaia aldizkariko zuzendariak, osasun-zientzietako lanak euskaraz argitaratzeko aukerari buruz hitzalditxo bat eskainiko digu. Gero, parte-hartzaileek bidali dituzten komunikazioen aurkezpenak bi formatutan egingo dira. Alde batetik, hemezortzi ahozko komunikazio egongo dira hiru bloketan banatuta, bi goizean eta bat arratsaldean. Bestaldetik, posterrak aurkezteko saio berezi bat egongo da goizean, nahiz eta egun osoan zehar ikusgai egongo diren. Topaketei agurra emateko, ikertzaile euskaldunen eztabaidagunea aurkezteko eta etorkizuneko erronkei buruz hitz egiteko saio labur bat egingo dugu. Egitarau osoa Osasun-zientzietako Ikertzaileen II. Topaketak gunean jasota dugu.

... eta zein da bertan ikustea gustatuko litzaizueken argazkia?

Osasungintzan ikertzen duen euskal komunitatearen ordezkaritzaren argazkia ikusi nahiko nuke. Naturaltasunez eta konplexurik gabe. Duela lau urte egon zirenekin berriz elkartzeko argazkia eta aurten batuko direnak ezagutzeko argazkia. Eta bukatzeko, Eibarrera etorri direnez gain, bertaratu ezin izan direnak, baina ikertzaile euskaldunen sarea josi nahi duten ikertzaileen argazkia ikusi nahiko nuke.

Maiatzaren 30ean ospatuko da Topaketa UEUk Eibarren duen egoitzan, badago oraindik parte hartzeko edo bertaratzeko aukerarik?

Bai, noski. Maiatzaren 28ra arte topaketetan izena emateko aukera egongo da. Gainera, izena emateko deialdia zabala da, hau da, lanen aurkezleaz eta sinatzaileaz gain, osasun-zientzietako ikerkuntzan dabilen orok graduko ―esate baterako, ikasleak, barne-ikasleak, master-ikasleak, doktoregaiak eta doktoretza ondoko ikertzaileak― izena emateko aukera izango du.

Aurten, II. Topaketak, eta aurrekoak orain lau urte. Izaera honetako topaketak antolatzen jarraitzeko beharra dagoela uste duzue?

Ikertzaile euskaldunen aldetik jaso dugun erantzuna duela lau urte jaso genuena bezain ona izan bada, horrek adierazten du biltzeko behar bat badagoela. Gainera, 4 urteko formatua ez da txarra: alde batetik, zientzia ez delako presarekin landu behar den gai bat, bestaldetik, 4 urteren buruan, ziklo aldaketak ematen direlako arlo horretan, izan ere, tesiak eta lanak burutzeko urte kopuru ona da. Eta, azkenik, denbora ematen diogulako euskara zientifikori bere oinarriak sendotzen joateko eta balantzea egiteko.