Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ekain Zubizarreta: "EAEn, elite mailatik urrun dauden txapelketetan ere egiten dira doping kontrolak, eta hori eskertzekoa da"

Dokumentuaren akzioak

Ekain Zubizarreta: "EAEn, elite mailatik urrun dauden txapelketetan ere egiten dira doping kontrolak, eta hori eskertzekoa da"

2022/03/17 - Unibertsitatea.net

Ekain Zubizarreta, Errenterian jaio (1991) eta Orion bizi izan da. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi zituen eta ikerketa masterra egin zuen ondoren, zientzia sozialetan, baina kirolari aplikatuta. Masterra Frantzian egin zuen, Paris Nanterre Unibertsitatean eta ondoren, doktoretza tesia egiten hasi zen unibertsitate berean, soziologiatik kirola ikertzen.

Kirol Zientzietan doktorea zara.

Ez zen erabaki bakarra izan. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak lizentziatura ikastea gaztaroko nire bi zaletasunak elkartzeko modua izan zen. Batetik, etxean irakaslez inguratuta nengoen eta argi neukan nik ere ogibide bera izan nahi nuela. Bestetik, kirolean burubelarri sartuta nengoen garai hartan eta heziketa fisikoko irakasle izango nintzela erabaki nuen. Lizentziatura bukatzear nengoela, ordea, masterreko ikasketak kanpoan egitea erabaki nuen eta orduan piztu zitzaidan ikerketarako grina. Frantzian masterra egin eta jarraian tesia egiten hasi nintzen. Egun, ordezko gisa ari naiz unibertsitatean, eta irakaskuntza eta ikerketa uztartzeko aukera daukat.

Kiroleko Dopingaren gaia izan duzu ikergai.

Masterrean hasi nintzen gai honen inguruan lanean, MALeko zuzendariak zuen proiektu batengatik. Gerora, dopingaren gaia bera, interesgarria dela ikusi dut, kirolaz gain besteak beste, etika, biologia, politika eta harreman internazionalak ere nahasten direlako.

Herritarren osasunaren babesa, kirolariena barne, oinarrizko printzipio bat da herrialde guztietan. Arrazoi honengatik agertzen dira denak dopingaren aurka. Halere, herrialde guztietako agintariek txapelketetan kirol errendimendu altua lortu nahi dute, kirolarien lorpenen bitartez herrialdeak ospea lortzen duelako. Horregatik, dopingaren aurkako borrokan, interes kontrajarriak agertzen dira, gaia ikuspuntu politiko batetik ikertzea interesgarri egiten dutenak.

Noiz hasi zitzaion kirolean dopingaren gaiari garrantzia ematen?

Galdera zaila da erantzuten. Errendimendua hobetzeari garrantzia txapelketak sortu ziren une berean eman zitzaiola esaten da, Historiaurrean alegia. Praktika haiek ez ziren, ordea, egungo dopingaren modukoak. Aro garaikidean kirol desberdinek indar handia hartu zuten eta XX. mendean garapen izugarria izan zuten. Gaur egun kirolean ikusten dugun dopinga ere urte horietan garatu zen.

Egun, doping terminoa aldatzen ari da ordea. Batetik, substantziak kontsumitzeari egiten zion erreferentzia lehen, baina orain, gero eta gehiago entzuten dira "doping ekonomikoa" eta antzeko terminoak. Bestetik, historikoki kirolari lotuta egon den arren, pixkanaka beste esparruetara ere zabaltzen ari da. Adibide bat jartzearren, mundu anglosaxoian lan-mundura zabaltzen ari da, zenbait jendek, lan-errendimendua igotzeko lanean substantziak kontsumitzen dituela ikusi baita.

Armonizazio prozesua deitu zitzaiona hasi zen gero. Zer da?

Dopingaren aurkako borroka 60ko hamarkadan hasi zen; erakunde bakoitzak bere erara eta bere bitartekoekin ekin zion. Honek, hainbat arazo ekarri zituen, batez ere berdintasun ezari loturikoak. Herrialde batzuetan debekatutako substantziak kontsumitzen zituzten kirolariak zigortu ziren; beste batzuetan ez. Lehiaketaren berdintasuna urratzen zuen honek eta, gainera, arazo geopolitikoak ere ekar zitzakeen, esaterako 1998ko Tourrak erakutsi zuen bezala. Arazo horiek gainditzeko asmoz, kirol erakunde eta gobernuek armonizazio prozesua hasi zuten 1999an. Mundu mailako araudi bakar bat sortu zuten eta herrialde eta kirol guztietan berdin aplikatzen hasi ziren.

... eta Dopingaren Aurkako Euskal Agentzia sortu zen. Berezia eta bakarra. Zergatik?

Espainiak ere izan du mundu mailan famatu egin duen doping kasu bat, Puerto Operazioa deritzona. 2006an Guardia Zibilak doping sare oso garrantzitsu bat atzeman zuen. Epaileek, ordea, kirolari gutxi batzuk baino ez zituzten zigortu, beste batzuen izenak ez dira inoiz argitaratu eta medikuak libre gelditu ziren. Honek oso irudi txarra eman zion Espainiari mundu mailan eta irudi honetatik aldentzeko sortu zen Dopingaren Aurkako Euskal Agentzia (DAEA). Hau ez zen izan arrazoi bakarra, baina bai nagusia. Erakundea eta marko juridikoa sortu zutenek herri kiroletako animalia probak ere (idi-demak adibidez) kontrolatu nahi zituzten eta garaiko Espainiako legeak ez zuen horretarako marko sendorik. Azkenik, bazen arrazoi politiko bat: doping agentzia izateak mundu mailako dopingaren aurkako bilkuretara beste herrialdeetako ordezkariekin batera joateko aukera emango zion Eusko Jaurlaritzari.

Bakarra eta berezia dela esatea garrantzitsua da, beste herrialdeetan, agentzia nazionalaz gain ez dagoelako eskualde mailako agentziarik. Honek, euskal kirol erakundeen apostua serioa dela erakusten du.

Dopingaren Aurkako Mundu Mailako agentziarentzat baina ez da "ofiziala".

Hala da. Erakunde bezala onartzen du, baina ez dio ematen Espainikoari ematen dion errekonozimendu bera. Lehenik Espainiakoak onartu behar du, eta oraingoz ez du horrelakorik egin, arrazoi politikoengatik noski.

Zer ekarriko luke ofizialtasun horrek?

Ofizialtasunak beste herrialdeek dituzten eskumenak emango lizkioke, hau da, kodea deritzon lege internazionalaren berridazketan parte hartzeko eskubidea, erabaki garrantzitsuetan boto eskubidea eta baita Dopingaren Aurkako Mundu Mailako Agentzian ordezkariak edukitzeko aukera ere.

Txiotesian zeuk bota zenuen galdera egiten dizugu bueltan: Dopingaren aurkako sistema hobea ala ikusgarritasun politikoa?

Masterra egin nuen garaian, bigarrena esango nukeen argi eta garbi. Agentzia berria zen eta bere lehen urteetako jarduna ikusita, anbizio gehiegikoa zela uste nuen. Gainera, nahiz eta gutxitan egin, Espainiako agentziak EAEko kirolari oro kontrolatzeko aukera zuenez, DAEAk ez zirudien beharrezkoa.

Orain beste iritzi bat daukat. Agentziak lan oso serioa egin du eskualde mailako lehiaketetan eta bigarren agentzia bat edukitzea ez dela arazoa erakutsi du, osagarria izan daitekela baizik. Espainiako beste eskualdeekin eta Europako beste herrialdeekin alderatuta, elite mailatik urrutiago dauden txapelketetan ere egiten dira kontrolak hemen (EAEn), eta hori, eskertzekoa da.

Nanterreko Unibertsitatean egin zenuen tesia. Nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia oso ona izan zen nahiz eta gogorra ere izan zen. Inoiz ez nuen horrenbeste ikasi behar izan ikasgaiak gainditzeko. Kanpora ikastera joan nahi dutenek, askotan, herrialde anglosaxoiak izaten dituzte jomugan, normala denez. Frantsesa dakitenek, ordea, bertatik bertara dute beste herrialde batean ikasteko aukera, matrikula ia ordaindu gabe, herrialde anglosaxoietan ez bezala. Gainera, ikasketen maila altua da eta ikasketa programak orokorrean interesgarriak eta ongi antolatuak izaten dira. Kanpoan ikasteko esperientzia bizi nahi dutenei biziki gomendatzen diet Frantzia aukera posible bezala hartzea. Alabaina, Frantzian ikasteak badu bere alde iluna: burokrazia.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Datozen urteetarako nire erronka nagusiak, batetik, UPV/EHUn atxiki postua lortzea eta bestetik, nire ikerketa ibilbidea egonkortzea eta Euskal Herriko errealitate eta beharretara egokitzea izango dira.

Txiotesia parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia polita izan zen niretzat, pare bat arrazoirengatik. Batetik, nire ikerketa sinple eta labur azaltzera behartu ninduen. Ariketa zaila izaten da hori eskuartean ia 6 urteko lana duzunean, baina benetan garrantzitsua zer den ulertzen ere laguntzen du. Honez gain, beste arloetako ikerketa oso interesgarriak ezagutzeko aukera eman zidan. Normalean, ez balitz halako formatu motz eta zehatz batean, ezingo nituzke ikerketa proiektu horiek ulertu, horretarako orduak pasa gabe behintzat. Horregatik, doktore ikasleak txiotesian parte hartzera bultzatzen ditut.

txiotesia,elkarrizketa