Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Eider Urkola: "Zuzendariaren herrialdearen azterketa funtsezkoa izan da filmak barruraino ulertzeko"

Dokumentuaren akzioak

Eider Urkola: "Zuzendariaren herrialdearen azterketa funtsezkoa izan da filmak barruraino ulertzeko"

2020/12/03 - Unibertsitatea.net
Ikerketa tesia egiten dabil UPV/EHUko MAC ikerketa taldean. Txiolari originalena izan da #txiotesia5 lehiaketan.

Eider Urkolak (Billabona, 1994) Ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak egin zituen UPV/EHUn eta egun, MAC (Mutaciones Audiovisuales Contemporáneas) ikerketa taldean Andrei Zvyagintsev zinemagile errusiarraren gaineko ikerketa tesian murgilduta dago.

 

Lehenik eta behin, zorionak! #txiotesia5 lehiaketako Txiolari originalena izan zara.

Eskerrik asko, ilusio handia egin dit. Ez nuen espero, oso txio onak ikusi nituen eta sorpresa izan da saria.

Ez naiz Twitterren gehiegi ibiltzen, baina egia da Twitter hitzetan oinarrituta sare soziala dela, edo hori uste dut nik, Instagram irudietan oinarritzen den bezala. Zerbait ezberdina egin nahi nuen, eta hortik hasi nintzen. Plataforma bera ere “hankaz gora” jartzen. Gainera, nire tesia horretarako aproposa dela, irudia baita oinarria. Hari honetatik tiraka bururatu zitzaizkidan txioak, eta bigarren txioan diodan bezala, hobea da egitea azaltzea baino, beraz horixe egin nuen. Labur esanda, dena hankaz gora jarri.

Ikus-entzunezko ikasketak egin zenituen eta ikerketaren munduan murgildu gero. Nola suertatu zen aukera?

Azken urtean hasi nintzen bide hori planteatzen, eta hein handi batean ateak ez ixteko sartu nintzen, hau ere zer zen ikusi behar nuela pentsatuz. Eta egia esan ez naiz damutzen, oso gustura nabil, ez da erraza baina asko gustatzen zait egiten dudana, beti daude gauza berriak; zer egin, zer irakurri, zer ikasi … leiho bat da mundura.

Andrei Zvyagintsev zinema zuzendari errusiarraren lana ikertzen diharduzu tesian. Zergatik bera?

Nahigabe heldu nintzen. 2015ean “Leviathan” filma ikusi nuen, orduan zuzendaria nor zen ere ez nuen begiratu, baina zinetik ateratzean benetan film ona zela pentsatu nuen, gutxitan ikusten zirela horrelako film sakonak. Lan horrek asko zuela esateko eta aztertzeko. Urteetan izan nuen filma burua, film batek zer izan behar zuen oso ondo islatzen baitzuen (nire ustez behintzat); entretenimendua zen baina aldi berean hausnarketara bultzatzen zuen, buruari eragitea.

2017an hasi nintzen tesiarekin, nire tesi zuzendariarengana joan nintzenean hitz egitera tesia egiteko modu bat autore bat hartzea eta horren lana aztertzea zela esan zidan. Orduan aitatasunaren irudia aztertu nahi nuen, eta horrela heldu nintzen, nahigabe. Izena ikusi nuenean ez nuen ezagutu, ezta bere filmak ere, baina nik ikusi nuen filmaren azala ikusi nuenean berehala erabaki nuen zein izango zen nire tesiaren aztergaia, Andrei Zvyagintsev, eta oso aukeraketa ona izan zen.

Bere lanetan gizartearen bitartez sistema kapitalistaren kritika egiten duela ikusi duzu.

Bai, batez ere bere azken 3 lanetan ikusten da hau. Bere filmak Errusian kokatzen dira, eta kritika asko oso zuzenduak doaz herrialdeari, baina kritikatzen dituen gauza asko sistema kapitalistari lotuak doaz aldi berean, kritikak maila globalago batera ateraz: alienazioa, komunikazio gabezia, gizarte indibidualista bat, errutinak, sare sozialen presioa …

Adibide bi erakutsi dizkiguzu #txiotesia5en:  bale hezurren aurrean negarrez dagoen umearena eta korrika egiteko zintaren gainean dagoen emakumearena. Nolabait bere lan egiteko era laburbiltzen dutela uste duzu?

Laburtu esatea asko izango litzateke, baina argi eta garbi oso plano garrantzitsuak dira bere lanean eta elementu garrantzitsu asko ikusten dira. Adibidez, film guztietan daude haurrak inozentziaren edo etorkizunaren adierazle moduan; kolore urdindu argi horiek ere konstante bat dira ia lan guztietan; plano zabalak; naturaren presentzia; eta emakumearen irudia izatez, aurrerantz eginiko travelling bat da, bere lanaren ezaugarrietako bat … ez dira hutsean harturiko bi plano, bakoitzak filma laburtzen duela ere esan genezake, eta film bakoitzaren barruan ere zer esan handiko irudiak dira.

Zinemagilearen zenbat lan aztertu dituzu?

Bizirik dagoen zuzendari bat da eta oraingoz 5 lan ditu, nik bostak aztertu ditut. Ez dakit beste lanen bat aterako duen oraindik, eta horrek zer eragin izango lukeen nire lanean … agian oraindik 6 film sartu beharko ditut tesian.

Gauza asko ikusi eta ikasi ditut. Hasteko, zuzendaria errusiarra denez bertako kulturaren eta politikaren inguruan asko irakurri behar izan dut. Herrialdearen azterketa funtsezkoa izan da filmak barruraino ulertzeko. Azken baten historia eta garapen oso bereziak dituen herrialdea da Errusia, bere ertz propioekin, eta horiek ondo ulertzeak bere lana dakar.

Bestalde oso lan sakonak dira, askotan ni ere harritu egiten naiz nola lantzen dituen horren gai sakonak eta aldi berean hain erraz. Besteak beste, existenzialismoaren inguruko hausnarketa bat dago pertsonaia batzuetan, Errusiaren iraganeko eta oraingo politikaren azterketa ageri da bere lanetan, istorioak sinpleak izan arren askotan sakontasun handia dute, denboraren inguruan hausnarketa dago, gizakia gaiztoa den ala ez ... Hasiera batean ez nuen pentsatu gai hauek azalduko zirenik, eta are gutxiago azaltzen diren moduan. Ez dut soilik zinemaren edo irudiaren inguruan irakurri, filosofiako liburuak, zientzia politikoetako liburuak, soziologiako liburuak … denetatik irakurri behar izan dut. Baina hau izan da zalantza gabe politena eta gogorrena, nik zuzendariaren mundu ulerkuntza ulertzen egiten dudan ahaleginean nire ikuspuntua zabaltzen dut, eta hori zoragarria da, ikaragarri gozatu dut filmetan murgiltzen; zer egiten duen eta nola aztertzen.

Tesiaren zein fasetan aurkitzen zara orain?

Oraintxe marko teorikoarekin ari naiz. Guk alderantziz egiten dugu bidea. Zuzendari baten lana aztertzen hasi aurretik zaila baita jakitea zein izango den markoa. Beraz, aurrena azterketak egiten dira eta gero kokatu. Gainera, nik uste aurrena markoa egin izan banu eta ondoren analisiak ez nuela ezta orrialde bat zuzen idatzita izango oraintxe.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Nahiko buruhauste ematen ari zaidan marko teorikoa amaitzea da behintzat lehenengo erronka. Gutxi idatzi da zuzendariaren inguruan eta baita honen inguruan ditudan beste aspektu guztietan ere, eta hori egungo zine zuzendari europar garrantzitsuenetarikoa dela, zine jaialdi guztietatik igaro da eta sariak ere baditu. Eta ondoren, ea Covidak uzten didan, kanpo egonaldia egin eta tesia amaitu.

txiotesia,elkarrizketa