Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Egunkariak eta azukrea erabiliz propietate bereziak dituzten mintzak lortu dituzte

Dokumentuaren akzioak

Egunkariak eta azukrea erabiliz propietate bereziak dituzten mintzak lortu dituzte

2017/02/08 - unibertsitatea.net
Kolorea aldatzeko duen gaitasunari esker, sentsore gisa erabilgarria den mintza sortu dute UPV/EHUko Kimika Fisikoko ikertzaileek. Bereziki aproposa da metalak detektatzeko.
Egunkariak eta azukrea erabiliz propietate bereziak dituzten mintzak lortu dituzte

Erlantz Lizundia. UPV/EHU

Kanadako ikerketa talde batek zelulosatik lortutako nanokristalak (CNC ingelesez) helize forman antolatzen ditu. Nanokristal horiek geruza ordenatuetan antolatuz gero, egoera jakin batzuetan helize forma hartu dezakete eta oso propietate bereziak dituzten mintzak lortu. Ikerketa talde horretan egin zuen egonaldia Erlantz Lizundia, UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko ikertzaile eta zelulosan adituak. "Helizea, edo egitura kiral nematikoa, osatzen duten zelulosazko nanokristalen artean dagoen distantziaren arabera, mintzak kolore bat edo beste hartzen du. Egiturak eta argiak elkarri eragiten diote" Lizundiaren esanetan. Kolorea aldatzeko gaitasun hori "oso baliagarria izan daiteke mintz horiek sentsore gisa erabiltzeko; adibidez, ingurune heze batean jarrita, egitura puztu egingo da, geruzen arteko distantzia handitu, eta kolorea aldatu".

Kanadan ikasitakoa oinarri hartu eta pauso bat harago joan da Lizundia. Egitura kiral nematiko horretan kanpoko estimuluen aurrean propietateak aldatzen dituzten beste nanopartikula batzuk sartzea pentsatu zuen. Horretarako carbon dot izenez ezagunak diren nanopartikulak aukeratu zituen; batetik fluoreszenteak direlako eta, bestetik, lehengai gisa azukrea erabiliz lor zitezkeelako. Glukosa hartu eta "ura eta beroa bakarrik erabiliz" lortu ditu, eta "nahiko prozesu azkar eta merke baten bidez".

Lortutako materialak berak nahi zituen ezaugarriak dituela dio Lizundiak. Batetik, ingurumena zaintzen du, ez baita toxikoa eta iturri berriztagarrietatik lortzen baita. Zelulosa iturri moduan egunkariak erabili ditu. Bestetik fluoreszentea izateak "propietate interesgarriak ematen dizkio materialari sentsore gisa erabili ahal izateko". Bereziki aproposa da burdina detektatzeko sentsore gisa, eta, hala, Lizundiak azaldu duenez, "oso baliagarri da ingurumenean poluzioa hautemateko edo gorputzeko metalak detektatzeko".

Egindako zenbait proben emaitzak ikusita bioirudiak sortzeko ere erabilgarria izan daitekeela uste du Lizundiak, eta horretan sakontzeko asmoa du.

Etiketak: UPV-EHU UPV/EHU