Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Edurne Larraza: “Nire ustez teknologiak tresnak dira eta tresna horiek erabiltzen ditugunok ikasi behar dugu horiek egokitzen gure beharretara eta ez gu haietara moldatu”

Dokumentuaren akzioak

Edurne Larraza: “Nire ustez teknologiak tresnak dira eta tresna horiek erabiltzen ditugunok ikasi behar dugu horiek egokitzen gure beharretara eta ez gu haietara moldatu”

2015/04/30 - Unibertsitatea.net
Edurne Larraza Udako Euskal Unibertsitateko Informatika sailburua da, Altsasukoa bera. Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen eta Komunikazio Teknologiak Formazioan izeneko masterra egin. Gaur egun, irakasle eta ikertzaile lanetan dihardu Donostiako Informatika Fakultatean, UPV/EHUn hain justu.

 Zer dela eta erabaki zenuen #Txiotesia2 lehiaketan parte hartzea?

Tesia, lana eta familia uztartzea ez da erraza izan. Tesia idazterako garaian erabaki bat hartu behar izan nuen eta bizitza ez konplikatzearren inglesez idatzi nuen, baina bihotza urratuta geratu zitzaidan. Txiotesiak aukera eman dit nire tesiari buruz euskaraz hitz egiteko.

Informatika eta hezkuntza uztartu dituzu zure doktore-tesian, kontaiguzu zertan datzan.

UPV/EHUko informatika fakultateko irakaslea naiz. Informatika irakasterako garaian askotan sortzen da abstrakzioaren arazoa. Gauza gehienek nola funtzionatzen duten ikustea ezinezkoa da mota ezberdinetako kutxa beltzetan paketaturik daudelako. Horrek askotan eragiten du ikasleei kontzeptuak azaltzea oso konplikatua izatea. Horixe da nik irakasten dudan gai baten arazoa. Kontzeptua bera ez da konplikatua, bai ordea nola funtzionatzen duen ulertzea. Horregatik ikasleek dauzkaten zailtasunak ikertzea tesirako gai egokia izango zela iruditu zitzaidan.

TPACK eredua aipatu zenuen #Txiotesia2 lehiaketan, ze erraztasun dakartza eredu honek?

Norberaren irakaskuntza aztertzeko eredu bat da. Azken finean ereduak zehazten duena da irakasle batek izan behar dituen ezagutzak. T(echnological) P(edagogical) A(nd) C(ontent) K(nowledge) ingleseko sigletatik dator. Honek esan nahi du irakasle batek, bere ikasgaiari buruzko edukiak ezagutzeaz gain, gaitasun teknologiko eta pedagogiko batzuk izan behar dituela. Gainera. hiru ezagutza eremu horien arteko elkarrekintzan ere aztertzen ditu ereduak. Irakasle batek hiru eremu horietan eta haien arteko elkarrekintzetan indarguneak eta ahulguneak aurkitzen baditu ahulgune horiek indartzeko aukera gehiago izango du.

Gehienbat unibertsitate aurreko irakaskuntzan erabili izan da, irakasleen teknologiaren ezagutza neurtzeko. Edozein ikasgai lantzeko teknologiak zein aukera ematen duen eta horietatik zein izan daitekeen erabilgarriena.

Gure kasuan balio izan digu ohartzeko alderdi pedagogikoa gehiago landu behar genuela, ikasleek gaia ulertzeko arazoak non aurkitzen dituzten aztertu beharra geneukala eta teknologia barren barrenetik bizi badugu ere, teknologia irakasterako garaian ere pedagogikoki aztertu beharra dagoela.

Eredua ezartzeko teknologia egokia bilatu zenuten, zeintzuk izan ziren aurkitutakoak?

Alderdi pedagogikoari dagokionez, proiektuetan oinarritutako metodologia erabiltzea erabaki genuen. Horretarako, noski, proiektua aurrera eramateko euskarria behar genuen eta gure kasuan oso garrantzitsua da erabiltzen dugun makinak ez izatea sistema-eragileraik. Izan ere, sistema-eragileak konputagailuan aztertu nahi ditugun osagaien abstrakzioa egiten baitu. Une honetan Arduino edo Raspberry-Pi bezalako makinak erabiltzeko aukera badago ere, tesia lantzen hasi nintzenean Nintendo DS kontsolaren alde egin genuen. Ikasleentzat jolasetarako den makina bat erabiltzea oso erakargarria da.

Nolakoak izan dira TPACK eredua praktikan jarri osteko emaitzak?

Lehen aipatu dudan bezala, TPACK ereduan oinarritu gara hainbat aldaketa egiteko heziketa prozesuan. Hobetu badira ere, ezin dugu esan ikasleen emaitzak izugarri hobetu direnik. Hori bai hutsunea aurkitu genuen alderdi pedagogikoa indartu nahian kontzeptu-mapak erabili ditugu ikasleek gaia nola ulertzen duten aztertzeko eta horien laguntzarekin ikasleek gaia ulertzeko dituzten zailtasunen artean kontzeptu batzuen arteko lotura falta sumatu dugu.

Zer nolako papera beteko dute komunikazio teknologiek etorkizuneko formazio-metodologietan?

Itxuraz, honek guztiak eztanda egiten ez duen bitartean behintzat, teknologiak aurrera egiten jarraituko du eta aurrera bide horretan eragiten jarraituko du eremu guztietan, horien artean formazioan eta heziketan. Hala ere, nire ustez teknologiak tresnak dira eta tresna horiek erabiltzen ditugunok ikasi behar dugu horiek egokitzen gure beharretara eta ez gu haietara moldatu. Formazioan honek badauka garrantzi berezia etorkizuneko gizakiak formatzen ari garelako eta teknologien aldaketa bizkor horrekin bizitzen irakatsi behar diegu teknologia haien menpe egon dadin eta ez haiek teknologiaren menpe.

Normalean abantailez hitz ohi dugu, baina zeintzuk lirateke teknologiek hezkuntzan izan ditzaketen desabantailak?

Azken urteotan teknologiak oso azkar aldatu dira. Nire ustez horixe da teknologiaren desabantaila nagusia. Izan ere jende askorentzat konputagailuak ez dira lagunkoiak. Tresna bat erabiltzen ohitzean itxuraz aldatzen badu edo desagertzen bada eta beste baten bila ibili behar bada, tresna asko probatu behar badira egokia zein den aurkitzeko edota konputagailuak kale egiten badu eta egindako lana galtzen bada oso posible da jendeak teknologiaren iritzi txarra izatea. Irakasleek ez badaukate iritzi ona teknologien inguruan, transmisio egokia egitea ere ez da erraza izango.

Aurrean daukagun beste erronka bat informatika hitza bera da. Informatika fakultatean irakasten dena informatika bada eta konputagailu bat erabiltzen dakien pertsonari buruz esaten bada informatika dakiela, informatika fakultatean irakasten dena konputagailuak erabiltzea da? Hala bada, eta gazte batek ofimatikako paketea, interneta eta marrazketarako tresna erabiltzen baldin badaki, zertarako ikasiko du bada informatika? Maiz, gazte hori, aurreko paragrafoan agertu den irakasleak baino trebeagoa bada konputagailuarekin, zertarako ikasiko du informatika?

Informatikariak, hau da informatika karrera egin duen pertsonak, badaki noski konputagailua erabiltzen, baina bere helburua ez da konputagailua tresna gisa erabiltzea. Informatikari horrek helburu asko eta oso desberdinak izan ditzake, baina helburu nagusia sortzea da, konputagailuarekin tresna berriak sortzea, konputagailu hobeak eraikitzea, azaro zaharrei eta sortzen diren arazo berriei aurre egiteko programak garatzea. Informatika hitzaren esanahi bikoitz horri aurre egin behar zaio bada.

Etorkizunera begira... Ze egitasmo dituzu?

Ikuspuntu desberdinetatik irakaskuntzaren mundua aztertzen jarraitzea nahiko nuke. Alderdi asko daude aintzakotzat har daitezkeenak informatikaren heziketa prozesua unibertsitatean zein lehen eta bigarren hezkuntzan hobetzeko.

txiotesia,elkarrizketa