Dokumentuaren akzioak
Neurri nanometrikoetan egindako lehenengo aleazio superelastikoa
Neurri handi batean deforma daitezkeen (%10raino) materialen propietate fisikoa da superelastikotasuna. Haga zuzen bati tentsioa aplikatuz, U itxura har dezake, eta tentsioa kentzean, hagak erabat berreskuratzen du hasierako forma. Material makroskopikoetan frogatuta egon arren, "orain arte, ezin izan du inork aztertu superelastikotasuna dimentsio mikrometriko eta nanometrikoetan" José María San Juan UPV/EHUko kadedradun eta ikertzailearen esanetan. Superelastikotasun-propietateak aztertu dituzte Materia Kondentsatuaren Fisika Saileko eta Fisika Aplikatua II Saileko ikertzaileek eta Nature Nanotechnology aldizkarian argitaratu dute lana.
San Juanek azaldu duenez, "aizto-moduko baten gisara materiala zizelkatzen duen ioi-kanoi bat" erabiliz , Focused Ion Beam izenekoa, eraiki dituzte aleazioaren mikro eta nanozutabeak, 2 µm eta 260 nm bitartekoak. Zutabe horiei tentsioa aplikatu zaie nanoindentadore izeneko gailu sofistikatu bat erabiliz, indar ikaragarri txikiak aplikatuz, eta era horretan materialaren portaera neurtu eta aztertu dute.
Ikertzaileek lehen aldiz egiaztatu dute superelastikotasunaren tentsio kritikoarekin lotutako propietateak nabarmen aldatzen direla mikrometro batetik beherako diametroetan. "Aleazioak superelastikotasuna izaten jarraitzen du, baina tentsio handiagoetan".
Aurkikuntza honen garrantzia azpimarratu du San Juanek eta bide berriak zabaltzen dituela. "Elektronika malgua ohikoa da gaur egungo merkatuan; gero eta gehiago erabiltzen da jantzietan, kirol-oinetakoetan, hainbat pantailatan…" eta giza gorputzean ezar daitezkeen gailu adimendun mediko-sanitarioak garatzeko ere izan daiteke: "Txip batean txerta daitezkeen mikroponpa edo mikroeragingailu txikiak eraiki ahal izango dira, askotariko tratamendu medikoetarako giza gorputzaren barnean substantzia bat askatu eta erregulatu ahal izateko".