Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian David del Rio: "BiCMOS teknologia erabilita, ordura arteko teknologia garesti eta konplexuekin egiten ziren sistemak diseinatzea lortu genuen"

Dokumentuaren akzioak

David del Rio: "BiCMOS teknologia erabilita, ordura arteko teknologia garesti eta konplexuekin egiten ziren sistemak diseinatzea lortu genuen"

2022/10/13 - Unibertsitatea.net

David del Riok (Donostia, Gros, 32 urte) Tecnunen ikasi zuen Telekomunikazio Ingeniaritza. Suedian Erasmusa egin eta doktoretza tesia egiteko engainatu zutela dio barre artean. Bere esanetan, "oso erabaki ona izan zen hura. Asko ikasi nuen, eta doktoretzan zehar sei hilabetez Los Angelesera joateko aukera ere izan nuen".

Orokorrean, komunikazioetarako elektronika, batez ere mikrotxipak, diseinatzera eta fabrikatzera dedikatzen da.

Telekomunikazio Ingeniaritza egin eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.

Alde batetik, betidanik gustatu zaizkit ordenagailuak, gailu elektronikoak irekitzea, konpontzea eta barruan zer daukaten jakitea eta ikustea. Beste alde batetik, nire aita ingeniaria da, beraz etxean beti izan dut giro teknikoa. Horregatik ikasi nuen ingeniaritza. Gainera, nahiko kuriosoa izan naiz beti eta ikasteko grina izan dut. Horregatik, ingeniaritza ikasketak bukatu nituenean, eta irakasle batek, Roc Berenguer-ek, berarekin elektronikan eta mikrotxipen munduan ikertzea proposatu zidanean, baietz esan nion nahiz eta hasieran zalantzak izan. Ez naiz damutzen!

Tecnunen egin zenuen tesia, komunikazio sareak hobetzeko teknologia berri batean.

Hori da! Tecnun eta Nafarroako unibertsitateko Ceit teknologia zentroarekin egin nuen tesia. Garai hartan Europar Batasunak finantzatuko ikerketa proiektu oso interesgarri bat zeukaten, eta hartan parte hartzea proposatu zidaten. Proiektuan Europako punta-puntako besteĀ  ikerketa zentro, enpresa eta unibertsitateak zeuden. Hori dela eta, Frantziara, Italiara eta Suediara bidaiatzeko aukera izan nuen, besteak beste. Oso esperientzia ona izan zen!

Zuntzik behar ez duen haririk gabeko konexioa proposatu duzu zuk.

Bai. BiCMOS izena duen teknologia, labur esateko, gaur egun mugikorretan daukagun teknologia merkea da. Hori erabiliz, momentu hartara arte beste teknologia garesti eta konplexuekin egiten ziren sistemak diseinatzea lortu genuen. Sistema hauek mugikor sareetan erabiltzen diren antenetan jartzen dira, sarearen beste puntuekin eta "lainoa"-rekin komunikatzeko.

Baina hau ez zen erraza izan. Teknologiaren mugak bultzatzen ibili ginen, momentura arte pentsaezinak ziren zirkuitu azkarrak eta kontsumo baxukoak diseinatzen. Eskerrak proiektuan zeuden beste enpresetako lankideak ere laguntza handikoak izan ziren, batez ere probak egiteko ekipamendu garesti eta konplexua eskaintzeko orduan.

Nola bidaltzen dira datuak haririk gabeko sistema honekin?

Oso frekuentzia handiko uhinak, hau da, oso tamaina txikia dutenak, erabiliz. Uhinaren propietate batzuk aldatuz gero, datuak oso abiadura azkarretan bidali daitezke. Gainera, frekuentzia hauek egungo aplikazio gehienetan erabiltzen diren frekuentziak baino askoz ere altuagoak direnez (>10 aldiz!), datuak bidaltzeko banda zabalera handia dago erabili gabe, eta guk aprobetxatu egin dezakegu :).

Txiotesian aipatu zenuen "Ez, uhin horiek ez dute minbizia edo Covid-a sortzen!". Teknologiak izan du trabarik arrazoi honengatik?

Ez, eskerrak! Baina beti dago konspirazio teoriei kasu egiten dien jendea pandemia garaian ikusi genuen bezala, eta zientzia eta teknologiaren papera aldarrikatzea gustatuko litzaidake. Ikerketa gehienak bizitza errazteko eta hobetzeko egiten dira. Gainera, frekuentzia altuko uhin hauek oso potentzia gutxirekin eta norabide estu eta jakin batean bidaltzen dira, eta beraz, ez dute influentziarik gizakiongan.

Datuak bidaltzeko abiaduran lorpen handia egin zenuen!

Bai, segundoko 10 Gigabiteko abiadura, hain zuzen ere. Aurrerapauso garrantzitsua izan zen, eta IEEE Transactions on Microwave Theory and Techniques aldizkarian ere argitaratu zuten gure ikerketa.

2017an aurkeztu zenuen zure ikerketa. BiCMOS teknologian eman da aurrerapausorik? Aplikatu da? Non ikusi dezakegu?

Bai, teknologia garatzen jarraitu da. Gaur egun, 5G sareetako ekipamendu gehienetan erabiltzen da, eta Nokia, Ericsson edo Huawei bezalako enpresek erabiltzen dute haien gailuetan. Hain zuzen ere, Nokiarekin gaude beste proiektu batean murgildurik.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Komunikazio elektronikako proiektu askotan parte hartzen dut. Haririk gabeko abiadurak 100 Gigabit segundo inguruan jarri nahi ditugu beste europar proiektu batean. Horretaz gain, radar proiektu batzuk ditugu, eta ur azpiko komunikazioak ere ikertzen ari naiz. Ez naiz aspertzen!

Txiotesian parte hartu zenuen, zer nolako esperientzia izan zen?

Oso esperientzia polita, eta aldi berean erronka handia izan zen. Bi arrazoiengatik: alde batetik, ez nago ohituta dibulgazioa egitera, normalean foru teknikoetan aurkezten baititut nire ikerketak. Bestetik, normalean ingelesez argitaratzen ditut ikerketen emaitzak, eta euskaraz egitea arraroa egin zait. Hala ere, geure hizkuntzan zientzia egin daitekeela aldarrikatzea oso garrantzitsua dela pentsatzen dut, eta horregatik aukera hau asko eskertzen dut!


txiotesia,elkarrizketa