Dokumentuaren akzioak
CAF-Elhuyar sarietara aurkezteko epea zabalik dago
Abian da CAF-Elhuyar sarien 25. edizioa. Zientziaren eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea du helburu sariketak.
Zientziaren eta teknologiaren munduak gizartearekin lotzen dituen garraiobide gisa irudikatu nahi izan dute sariketa eta hortik sortu da aurtengo leloa: "Igo trenera!".
Lanak 2019ko otsailaren 14ra arte aurkeztu daitezke eta hauek dira sarituko diren kategoriak:
- Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuko dira: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegiren eskultura bat eskuratuko du.
- Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 euro eta eskultura eskuratuko ditu.
- Zientzia Gizartean sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak. Proiektua gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza eta eskultura jasoko ditu irabazleak.
NEIKER sari berezia ere banatuko da aurten. Lehen sektoreari lotutako artikulu onena 2.000 eurorekin sarituko da eta beste kategorietako sariekin bateragarria izango da.
Oinarriak eta gainerako informazioa: CAF-Elhuyar sariak gunean aurkituko duzu.