Dokumentuaren akzioak
Bidegorritik joanda errepidetik joanda baino kutsadura txikiagoa txirrindularientzat
Life+respira izeneko ingurugiro proiektuaren barruan egindako azterketaren arabera, automobilen bide beretik doazen txirrindulariek aire kutsatuagoa arnasten dute bidegorritik edota espaloitik doazenek baino. Nafarroako Unibertsitateak bultzatutako proiektua da eta Iruñeko txirrindulari eta oinezkoek arnasten duten airearen kalitatea hobetzea du helburu. Egindako neurketen arabera errepidetik metro eta erdi soilik urrunduta %30 kedar gutxiago arnasten da. Oraindik behin behineko emaitzak dira, baina arduradunen esanetan kotxeak eta bizikletak banatzearen beharra agerian uzten du.
Hiriko berdeguneek ere kutsadura murrizten laguntzen dutela ikusi dute. Adibidez, errepidea bizikleten bidetik banatzen duten landare-hesiek %7-21 murrizten dute.
Beste emaitza batzuen arabera Iruñeko kutsadura eguraldiaren, hiriko zonaldearen eta orduaren arabera aldatzen da. Aldagai horiek erakusteko eta matematikak erabilita, mapa animatu bat sortu dute, hiriko kutsadura nola aldatzen doan ikusteko.