Dokumentuaren akzioak
“Euskal Herrian bada zer entzun” jardunaldiak bihar, Baionan, Arrosa Irrati Sarearen eskutik
"Euskal Herrian bada zer entzun" izenburupean VI. jardunaldiak antolatu ditu Arrosa Irrati Sareak biharko. Baionan izango dira jardunaldiok eta egun osoko egitaratua prestatu dute antolatzaileek.
10:00etaik 11:30etara bitartean tailerrak izango dira AEKren egoitzan. Batetik “Irratien funtzioa problematika sozialetan” izenekoa. Eider Olazar, Maite Ubiria eta Arantxa Idiederren eskutik. Eta bestetik “Sare sozialen erabilera gure irratsaioen hedapen maila handitzeko” Lander Arbelaitzen eskutik.
12:00etan, ostera, mahai-ingurua izango da Zizpa gaztetxean "Nola erakarri jendea gure proiektuetara?" izenburupean. Halabedi Irratiko, Txapa Irratiko eta Euskal Herria Zuzenean festibaleko kideek euren esperientzien berri emango dute.
Baina dena ez da hausnarketa izango. Bazkaria, irratiko ahotsik ederrena aukeratzeko karaokea zein Muskulo eta Korumba taldeekin kontzertua ere antolatu dituzte.