Dokumentuaren akzioak
Bertsolaritzari buruzko doktorego-tesia egiteko deialdia ireki da
Bigarren urtez, bertsolaritzaren inguruko tesia egiteko deialdia zabaldu dute. Arlo honetan ikerketa bultzatzea helburu duen ekimenak, doktorego aurreko urtebeteko kontratua eskainiko du, hiru urtez luzatu ahal izango dena.
Bertsozale Elkarteak bultzatuta, 2011 eta 2012 urteetan bertsolaritzaren inguruko 100 bertsozale, aditu eta eragile baino gehiago elkarrizketatu ziren Ikerketa Ekintza Parte Hartzailea metodoaren bidez. Bertatik, bertsolaritzaren ikerlerroak eta ikergai lehenetsiak atera ziren, Mintzola Fundazioaren atarian ikusgai daudenak. Hala ere, doktoregaiak aukeratuko du zein adar aztertu nahi duen.
Aurtengo deialdia bigarren edizioa izango da. Iazkoan, Miren Artetxe hendaiarrak lortu zuen eta egun, honako ikerketa burutzen ari da: "Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotzea. Ipar Euskal Herriko gazteen hizkuntz identitate eta portaerak".
- Eskariak aurkezteko epea: irailaren 12ra arte
- Hautatuaren izena eta ordezkoen zerrenda: irailak 30
Xehetasun gehiago: UPV/EHUren Mikel Laboa Katedraren atarian
(Iturria: bertsoa.com)