Dokumentuaren akzioak
Bertikalean aireratu zein lur hartu eta hegazkinek bezala hegan egiten duen dron hibridoa
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile eta graduatu talde batek tripulatu gabeko aire ibilgailu edo dron hibridoa diseinatu du FuVeX enpresaren bidez. Hegazkinen antzean bi hego finko ditu eta lau errotore (pala birakariak). Bertikalean aireratu eta lur hartu dezake edozein gainazal lautan, eta, aldi berean, hegazkinek bezala hegan egin. Teknologia honi esker ohiko dronekin alderatuz, bi bider autonomia gehiago du eta lur-eremu zabalak monitorizatzeko aukera ematen du. Merkatuko bestelako dronekin alderatuz gero, kostuen %50a aurreztuko litzateke.
Orain arte hiru modelo diseinatu dituzte. Bi propultsio elektrikoaren bidez dabiltzanak eta beste bat hibridoa (elektrikoa eta gasolina). Azken hau da aurreratuena. 24 kiloko pisua du eta gehienez 2,5 kiloko zama eraman dezake; 320 kilometroko autonomia du.
Dron berezi hau, besteak beste, nekazaritzan teledetekziorako, azpiegitura handiak ikuskatzeko, logistikarako (pakete-garraioa) eta itsas zabaleko erreskaterako erabili daiteke.
Iberus Emprende saria lortu zuten iaz proiektuagatik.