Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Beñat Garaio: "Nahiko lege-babes urria du euskarak, egunero zalantzan jartzen eta borrokatzen dena"

Dokumentuaren akzioak

Beñat Garaio: "Nahiko lege-babes urria du euskarak, egunero zalantzan jartzen eta borrokatzen dena"

2017/09/20 - unibertsitatea.net
Magisteritza egin zuen Beñat Garaio Mendizabalek (1990, Gasteiz), baina gerora joan zen konturatzen zein zen bere benetako bokazioa. "Boisen nire ‘Erasmus’ urtea amaitzean, euskararen aldeko ekimen batzuetan sartu nintzen eta ustekabean, ikerketa lehiaketa bat irabazi nuen. Izugarri gozatu nuen ikerketa horrekin eta irabazi nuenean, ikertzailea izango nintzela erabaki nuen". Londreseko SOAS unibertsitatean Language Support and Revitalisation masterra egin zuen eta geroztik hizkuntza gutxituen eta euskararen munduan murgilduta dabil. Azken Ikergazte kongresuan poster aurkezpen onenaren saria jaso zuen gizarte zientziak eta zuzenbidea arloan.

Poster aurkezpen onenaren saria jaso zenuen azken IkerGazten “Urkixote eta euskararen aurkako gurutzada”: buru bakarreko etsaia? lanarekin. Zer nolako esperientzia izan da?
Askotan entzun izan dut poster aurkezpenak bigarren mailako aurkezpenak direla kongresuetan, baina gogo handiz prestatu nuen saioa, ondo pasatzeko eta lan txukuna egiteko asmoz. Egun horretan inspiratuta egongo nintzela suposatzen dut eta ideiak ondo transmititu nituela iruditu zitzaidan. Eta Unaik ez ninduen mailuarekin jo, beraz, oso gustura. Baina txantxak txantxa, giro oso berezi batean aurkeztu genuen posterra eta uste dut horrek asko erraztu zuela gure lana. Saria jasotzeari dagokionez, hasiera batean lotsa eman zidan hainbeste jenderen aurrean ateratzeak, baina izugarrizko energia-ziztada da ikertzaile izateko prozesu ez hain erraz honekin jarraitzeko.

Zer da zuretzat ikergaztea izatea?
Euskalduna, gaztea eta ikertzailea, hiru hitzetan esanda. Uste dut ezin hobeto deskribatzen duela neure egungo egoera eta dudan ibilbidea eta uste dut Iruñean bildu ginen guztiok partekatzen ditugun ezaugarriak direla, Madurikerrak izan ezik (barka nazatela).

Izugarrizko plazera izan zen hainbat eta hainbat kide ezagutzea eta beste horrenbeste lagun bertan topatzea. Gure lana errazten du IkerGaztek eta etorkizunera begira jartzen gaitu, bete-betean.

2017ra arte Espainiako EAE-rako ordezkaria izan den Carlos Urkijoren jarduna gertutik aztertu eta euskalgintzak, gizarte-mailakoak zein instituzionalak, emandako erantzuna aztertu duzu. Zerk eraman zaitu hori aztertzera?
Nazionalismo linguistikoarekin egin nituen lan batzuk aldez aurretik, baina nahiko teorikoak ziren. Lan hau, ordea, aplikatua da eta ez du nolanahiko gai bat jorratzen gainera: Urkijo eta bere menpe zeuden langileek euskararen lege-babesa jartzen zuten kolokan ia-ia astero. Uste dut euskararentzat estrategikoki ‘gatazka’ garrantzitsua zela eta nik nire ekarpentxoa egin nahi nion euskalgintzari; eta batik bat, UEMAko udalerriei eta euskara plangintza aurreratuagoak burutzen ari ziren erakundeei.

Zein helbururekin?
Euskararen ofizialtasuna ez da inoiz erabatekoa izan EAEn (zer esanik ez Euskal Herriko gainerako herrialdeetan), baina genuen apur hori ere kentzeko abagunea baliatzen ari zen Espainiako zuzenbidea. Eta ez hori bakarrik, euskararen biziberritzeak kualitatiboki eta kuantitatiboki bizi omen duen impasse egoera hau gainditzeko asmoz abiatutako ekimenak ere sistematikoki suntsitu zituen Urkijoren taldeak. Nire lan honek, bere txikitasun eta xumetasunean, euskararen kontra egindako prozedura hori dokumentatu nahi zuen eta zientifikoki azalpen bat eman nahi zion, egoera honetatik indarberrituta ateratzeko.

Hizkuntza eskubideena jardun judizialean berme handiegirik ez duen esparrua dela azpimarratu duzu
Ez da nire ideia, jakina, nik baino askoz lehenago Urrutiak, Isasik eta abar luze batek aztertu dutelako, baina badirudi gustura egon beharko ginatekeela EAEn dugun lege bermearengatik. Eta errealitatea da nahiko lege-babes urria duela euskarak, egunero zalantzan jartzen eta borrokatzen dena, gainera. Beti pentsatu izan dut behetik hasitako herri mugimenduek dutela zeresan gehien helburuen lorpenean; baina gure legedi aurreratuenean ere horrelako zailtasunak baditugu euskaraz bizitzeko, nola uste dugu biziberrituko dela gure hizkuntza? Biziberrituko da gure hizkuntza, horretaz ziur nago, baina Moreno Cabrerak aipatzen duen espainolismo linguistiko hori da bide horretan dugun oztopo nagusienetako bat, eta horregatik gustatzen zait hainbeste gai hau aztertzea.

Zein da egindako ikerketatik atera duzun ondorio nagusia?
Uste dut aurreko galderetan erantzun dudala eta ez nuke luzatu nahi, baina lan asko dago egiteko euskara (eta hizkuntza gutxituak, oro har), biziberritzeko, baina denon ekarpentxoekin lortuko dugu egoera iraultzea. Eta Kataluniarekin amaitu nahiko nuke, esanez horrelako lanetan idatzitakoak aplikatzearekin Espainiak nahikoa izango lukeela (edo agian zukeela) barne-egonkortasun handiagoa izateko, baina beste bide bat hautatu dute eta nire zalantzak ditut ea hori den beraientzako egokiena.

Zein proiektu duzu orain esku artean?
Zorionez gustuko ditudan gauza batzuetan murgilduta nago, adibidez, EHUko ELEBILAB ikerketa taldean nabil ikertzen (Gasteizko hizkuntza aniztasuna D ereduko ikastetxeetan), hizkuntza gutxituen arloan Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloa antolatzen laguntzen dut Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean (hirugarren ikasturtea jada) eta Garabiden ahal dudan heinean laguntzen dut, eta Euskarabentura egitasmoa aurrera eramaten ari gara (laster izango duzue honen berri!).