Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Begoña Altuna: "Ikerketan jarraitzeko animatu nauen saria izan da, gauza ondo eginek fruituak ematen dituztenaren seinale"

Dokumentuaren akzioak

Begoña Altuna: "Ikerketan jarraitzeko animatu nauen saria izan da, gauza ondo eginek fruituak ematen dituztenaren seinale"

2015/05/21 - Unibertsitatea.net
Begoña Altuna 26 urteko deustuarra da, hizkuntzalaria bera. "Euskarazko denbora-egituren tratamendu automatikorako azterketa" izeneko lana aurkeztu zuen IkerGazte kongresuan, baita Giza Zientziak alorrean saria eraman ere. Bere ikerlanaren inguruan, kongresuaz eta etorkizunerako dituen planez mintzatu gara berarekin.

Zertan datza egin duzun ikerketak?

Euskaraz denbora-informazioa adierazten duten egiturak aztertzen ditut. Hau da, ekintzak, egoerak eta horiek kronologian kokatzeko balio duen beste edozein egitura. Gerora informazio hori hizkuntzaren prozesamendu automatikoan erabili ahal izatea dugu helburu eta informazio hori nola kodetu ere erabaki behar izan dugu.

 

Zertan lagunduko luke edota zein da egiten duen ekarpena?

Nire ekarpena hizkuntzaren prozesamenduaren baitan kokatzen da. Esparru hau egunero erabiltzen ditugun itzultzaile automatikoen, testu sortzaile automatikoen eta abarren atzean dagoena da. Nire ekarpenarekin testu bateko ekintzak ordena kronologikoan antolatzen laguntzea espero dut eta hori hainbat gauzatarako erabili ahal izango da, adibidez, testuen laburpen automatikoan eta galdera zuzenezko bilatzaileetan.

 

Ikerketan buru belarri jarraitzen duzu oraindik... Eta gero zer?

Hamazazpi hilabete dira tesia formalki hasi nuenetik eta gutxienez beste hainbeste geratzen zaizkit oraindik. Gerora ez dakit zer egingo dudan, baina ikerkuntzan jarraitzea ez zait aukera txarra iruditzen oraindik garatzeko gauza interesgarri eta baliagarri asko daudela sentitzen baitut.

 

Ze aldizkaritan argitaratuko da zure lana?

Ez dut oraindik planteatu, baina EHUko Ekaia eta UEUko Uztaro dira gure alorreko euskarazko lanak batzen dituzten aldizkari nabarmenetakoak. Nazioartean ere publikatzea espero dut, baina hori, tamalez, ingelesez egin behar da.

 

Zer suposatu du zuretzako IkerGazte kongresuan saria irabazteak?

Alde batetik sorpresa handia izan da, maila altuko lanak aurkeztu baitziren kongresuan. Beste alde batetik, ikerketan jarraitzeko animatu nauen saria izan da; gauza ondo eginek fruituak ematen dituztenaren seinale. Zalantzarik gabe, ikerketan aurrera egiteko animoak eman dizkidan saria izan da hau.

 

Ze ekarpen egingo du mota honetako kongresu batek ikerketari dagokionez?

Batzuetan gure lanean zentratuegi egoten gara eta gure ikerketa alorreko ikuspegiak baino ez ditugu aintzat hartzen. Beste alor batzuetako ekarpenak entzun ahal izateak bideak zabaltzen dizkigu, entzundakoa gure lanarekin nola uztartu pentsatzen hasten gara, bai gure lana hobetzeko bai besteei guri balio diguna eskaintzeko.

 

Eta euskarari dagokionez?

Kongresuak euskarari ere ekarpen handia egin dio. Ikerkuntzan euskara erabiltzeak terminologia bilatzera eraman gaitu, adibidez, eta hori etorkizunerako tresna garrantzitsua da. Hiztun bezala, euskara kongresuaren hizkuntza izateak harreman berriak euskaraz egitera eraman gaitu eta gure ikerketarako euskarazko ahozko eta idatzizko komunikazio gaitasuna handitzera. Euskal komunitateari dagokionez, normalean oso teknikoa den eta nagusiki ingelesez zabaltzen den jakinduria euskaraz jasotzeko aukera izan da; euskaldunak zertan dabiltzan jakiteko aukera paregabea, zalantzarik gabe.

 

Zer da kongresuan bizi duzunetik gehien azpimarratuko zenukeena?

Nire lehen kongresua izan da hau eta horregatik ilusio berezia nuen. Orduak igaro ahala konturatu naiz gauza asko ditudala ikasteko oraindik, baita hobetzeko ere, nagusiki komunikatzeko gaitasunaren alorrean. Ondorioz, saria irabazita ere, hobetzen jarraitzeko indarra eman didala nabarmenduko nuke. Ikerlarien artean sortutako giro ona ere bat baino gehiagori komentatu diodan gauza izan da, ziurrenik nabarmentzeko kontua izan delako hori ere.