Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Barredromoa lehertu zen

Dokumentuaren akzioak

Barredromoa lehertu zen

2022/04/05 - UEU
Barredromoak gai desberdinen gaineko bakarrizketa umoretsuak ekarri zituen Eibarrera joan zen asteazkenean, martxoaren 30ean.

Barrez lehertu zen Eibarko Markeskoa Jauregia joan zen asteazkenean. UEUren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia izan zen bertan, Korrika kulturalaren barruan.

Barredromoak, gai desberdinen gaineko bakarrizketa umoretsuak ekarri zituen Eibarrera. Idoia Torregarai Martijak, UEUko komunikazio arduradunak, gidatu zuen saioa eta banan-banan deitu zituen oholtzara gonbidatutako zortzi atletak.

 

 

Oier Araolaza Arrieta:

Torregarairen esanetan: "Araolaza ezaguna da saltsa askotako perrexila delako, eibartarra delako eta batez ere bera inguruan baldin badago, geldirik egotea ia ezinezkoa delako!". dantza.eus-eko kidea da Oier, baita UEUkoa ere.

 

oier barredromoa

Nola ez, mugimenduan hasi du bakarrizketa: "UEU, eskailera mekanikoak dira". Eibarko eskailera mekanikoak eta aurreskuak aipatu ditu. Izan ere, zenbat eskailera mekaniko inauguratu dira aurreskuekin Eibarren?. Eskailera mekaniko hutsaren aurrean dantza egin behar duen dantzari dotorearen pentsamenduak kontatu ditu. Eskailera mekanikoak, gorantz, mailaz maila hazten doan jakintzaren metafora direla esan digu. Eta horixe dela UEU.

 

Mirari Martiarena Iraola:

Martiarena umoregilea da, gidoilaria, UEUko bazkidea eta UEUn lanean aritua. Prentsa bulegoko kide izan da urte askoan.mirari barredromoa

Mirarik, UEUrekin nagusitu dela esan du. 18 urterekin ezagutu zuen UEU eta urte hauetan ikasle edo langile bezala bizitakoak ekarri ditu gogora: grafologia ikastaroan ikasitakoak, jendaurrean nola hitz egin erakusteko ikastaroko irakaslea elkarrizketatzearen trauma... UEUn nagusitu dela bera, baina bera gazte sentitzen dela, zahartu direnak, gainerakoak direla esanez amaitu du.

 

Koldo Garcia Etxebarria:

Torregaraik kafepintxoaren errege gisa aurkeztu du: "bizitza estilo oso bat definitu du. Euskal influentzerra izateaz gain genetikaria da bera, zientzia dibulgatzailea eta hori gutxi ez balitz, UEUko zuzendaritzako kidea eta 50. urteurreneko arduraduna".

koldo barredromoa

Euskaldunak beti egiten duena justifikatzen ibili beharrarekin gogaituta agertu da Garcia: "Basauritarra izanda zelako ondo hitz egiten duzun euskaraz, ezta?" edota, "Tesia euskaraz? zertarako? zergatik?" Askotan egin dizkioten galderak biak. Euskaldun izateagatik egiten dizkiguten galdera hauek   ekarri dizkigu oholtzara.

 

 

Olatz Perez de Viñaspre Garralda:

EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta IXA taldeko ikertzailea da Olatz. Ikerketa gai nagusia Osasun Zientzietako Terminologiaren Itzulpen Automatikoa da. UEUko Informatika Saileko kidea ere bada.olatz barredromoa

Inteligentzia artifizialarekin jolasean aritu da Perez de Viñaspre. Curriculumak idazteaz kokoteraino, curriculumak idazten jarri ditu makinak (oso fidatzekoak izan ez badira ere. Galdetu bestela espioia omen den Torregarairi edo Mario Casas aktorearekin ezkonduta omen dagoen Olatz berari); baita bertsoak idazten ere. Tresnak ingelesez egin du lan, baina itzultzaile neuronalak ekarri ditu euskarara.

 

Gorka Guenaga Garai:

UNI EIBAR ERMUAn Informatikako irakaslea da Galder. "Ezagutzen duten guztiek diote umore handiko pertsona dela" dio Torregaraik eta "horretaz gain irizpide handikoa ere badela gehituko dut nik, UEUko bazkidea ere badelako".

gorka barredromoa

Bakarrizketa egiteko proposamena jaso zuenean "eta zer kontatuko dut nik baina?" pentsatu zuela esan digu; eta UEUren 50. urteurreneko "50" zenbakia inspirazio bezala hartzea erabaki zuela. Azken 50 urteetako marrazki bizidunak, pelikulak... gogora ekarri dizkigu eta bertaratutakoei galdetu: "zein marrazki bizidunekin identifikatzen zarete?". Argi du berak: "ni Son Gokurena naiz". Eta 50 urte atzera egin ostean, 50 urte beranduago Google (gutaz hainbeste dakien hori) izan daitezkeenaz aritu da: maitasun kontuetan, lan esparruan... eta tentuz ibiltzeko gomendioa luzatu.

 

Leire Narbaiza Arizmendi:

Mari maistra bat dela esanez aurkeztu du Torregaraik, "UEUko bazkidea, euskara irakaslea da Durangoko Udal euskaltegian, eta gorroto ditu eskerrik esaten duten pertsonak". leire barredromoa

Eibartarra eta diplomatua bera, eta argi dauka: "hemen hainbeste doktore... baina ni Eibarko señoria izanda, dotore!". Letren eta zientzien arteko dikotomiaren kontra agertu da Narbaiza, "matematika hizkuntza bat" delako eta "hizkuntza bat matematika". Euskara irakasleen sufrikarioa ere azaldu digu, irakurtzen eta entzuten dituztenen ondorioz izandako hemorragiak: gaizki erabilitako deklinazioak... Egin egiten duten lehendakariak. Txostengintzako hizkera ere ez du ahaztu: harremandu, egikaritu, ardaztu... "Gero Eibarren bentania esateagatik barre egiten digute. Ba jakizue egikaritu baino jatorragoa dala".

 

Josu Lopez-Gazpio:

Kimikan doktorea, Zientzia dibulgatzailea, UEUko Kimika sailburua, UEUko Irakaskuntza Masterreko irakasle eta koordinatzailea eta practicumeko arduraduna da Josu.

josu barredromoa

Puzkerraren kimikaz hitz egin du Barredromoan. Puzkerren sorreraz, duten konposizioaz, bataz beste gizabanako batek egunean botatzen dituen kopuruaz... datu ugari puzkerren mundua hobeto ezagutzeko. Baina... Aurrerapausorik izan al da puzkerren usaina dela eta hauek ekiditeko? Bada, bai. Ikatz aktiboz egindako barruko arropa batzuen berri eman digu, baita estrategikoki kokatzeko sortutako partxe batzuei buruz ere.

 

 

Ana Galarraga Aiestaran:

Ana Galarraga izan da azken gonbidatua. Elhuyarreko kidea. Torregaraik esan legez, "bi urtetan pandemiaren zurrunbiloan itsasargia izan dugu Koldo Garciarekin batera, eta eta gaurko saioa bukatzeko umorearen giltzaren bila etorri da, zientifikoki".ana barredromoa

 

Galarragak esan digu bera dibulgatzaile ditxaratxera izan daitekeela, baina umorerik izan, ez duela. Beraz, Sexuarekin harremana duten IG Nobel sarien bitxikeriak ekarri dizkigu. Eta zera galdetu: "matxistak ote dira?".

 

 

Eskerrik asko guztioi, ea datorren urtean errepikatzen den!