Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Asier Sarasua Aranberri: “Gurea moduko kultura txiki batean, zein garrantzitsua den komunitate bat garela bistaratzea”

Dokumentuaren akzioak

Asier Sarasua Aranberri: “Gurea moduko kultura txiki batean, zein garrantzitsua den komunitate bat garela bistaratzea”

2018/10/24 - Unibertsitatea.net
Asier Sarasua Aranberri (Eibar, 1969) ere Artizarra sare sozialaren orbitan dabil. “Lehenengo biologia, gero filologia, orain Internet eta teknologia berriak; handik hona, txoriak bezala” dio bere profilak. Ongi etorri mezua hau idatzi dio Artizarrari.

 

Aupa UEU, zorionak! Eta ongi etorri Artizarra!

Eta zer ote Artizarra? Profesional euskaldunen sarea dio bere leloak. Jaioberri guztiek bezala, badu bere izena, beretzat asmoak eta gogoak ere irudikatu ditugu… Baina zer izango da? Bideak erakutsiko digu zer izango den, zer erabilera eman nahi diogun, zertarako den interesgarri eta garrantzitsu profesional eta zientzialari euskaldunontzat. Izan ere, gure esku dagoelako etorkizuna.

Esate baterako, niri begitantzen zait, oso eraginkor izango dela inguruko profesionalekin harremanetan jartzeko; inguru-ingurukoekin baino, pixka bat urrunago ditugun haiekin kontaktatzeko. Urrun fisikoki edota beste jarduera-esparru batzuetakoak direlako. Eta hori ezinbestekoa da gaur egungo esparru profesionalean, gero eta garrantzi handiagoa daukalako diziplina ezberdinetako profesionalen artean zubiak sortu eta garatzea. Horretan, ziur nago, garrantzitsua izango da Artizarra.

Hortaz, uste dut Artizarra lagungarri izango dela, besteak beste, esperientziak trukatzeko, informazioa kontrastatzeko, zalantzak argitzeko, diziplina arteko zubiak estutzeko, burujabetza teknologikoan urratsak emateko eta, garrantzitsuena, nire ustez, gure komunitatea trinkotzeko. Edo are oinarrizkoagoa: euskal profesionalen komunitate bat badela azaleratzeko. Eta gurea moduko kultura txiki batean, zein garrantzitsua den komunitate bat garela bistaratzea, "hemen gaude" esatea. Existitzen garela ikustaraztea, alegia.

Izan ere, ez garelako hain gutxi. Egia da askotan galduta egoten garela unibertso handiagoetan, beste galaxia eta izar-sistema batzuetan nabigatzen, baina funtsezkoa da gure planetan ere gure lekutxo eroso hori aurkitzea. Eta Artizarra izan daiteke euskal profesionalon planeta hori, etxean goxo sentiarazten gaituen atmosferarekin, ezagutza partekatzeko, eremu ezberdinetako jendearen arteko harremanak sortzeko... eta hori guztiori, gure hizkuntzan egin ahal izateko.

Ba, horixe. Zorionak UEU eta Artizarrean ikusiko gara.