Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Arantza Aldezabal: "Bokaziozko ikertzaile eta euskaltzale militantea bazara, IkerGazte kongresua zuretzako oasi emankorra da"

Dokumentuaren akzioak

Arantza Aldezabal: "Bokaziozko ikertzaile eta euskaltzale militantea bazara, IkerGazte kongresua zuretzako oasi emankorra da"

2021/05/20 - Ikergazte
Ikergazte kongresuko batzorde zientifikoko kidea da Arantza Aldezabal Roteta.

Ikergazte kongresuko batzorde zientifikoko kidea da Arantza Aldezabal Roteta (Pasai Antxo, 1967). Biologian doktorea da eta Landareen Biologia eta Ekologia sailean (UPV/EHU) ari da irakasle eta ikertzaile lanetan. UEUkidea ere bada aspalditik. 2019an Baionako kongresuan parte hartu zuen eta hortxe ohartu zela dio benetan zein garrantzitsua den IkerGazte bezalako kongresuak antolatzea.

Zer da ikergazte izatea? Nola gogoratzen duzu?

Etapa pertsonalki exijentea; erronka handi bati aurre egitearen zailtasuna larruazalean sentitzen duzun garaia; heldutasun zientifikoaren bidean (zeharkaldian) beste maila bat lortzen ari zarenaren bizipena; erantzukizun eta konpromiso handikoa, eta aldi berean gustura, ilusioz nahiz ziurgabetasunez betea; beste ikertzaileen laguntza eta elkarlana beharrezkoa den fasea; batzuetan noraezean dabilen txalupa txiki bat bezala, itsas argia topatzeko irrikatan etenik gabe nabigatzen duena. Esango nuke kontrajarriak diruditen sentipen eta bizipenez jositako garai intentsu eta aberasgarria dela.

Aurrekoetan ere aritu zara batzorde zientifikoan eta duela bi urte Baionan izan zinen. Zer nolako esperientzia izan da?

Oroimen oso atsegina eta aberasgarria dut. Espero ez nituen elkarrizketak sortu ziren, espero ez nituen ikergazte eta batzordekide ezezagunekin. Askotan pentsatzen duzu: eta nik zer dut pertsona hauekin partekatzeko, interes komunekoa dena? Baina berez sortzen dira, espontaneoki. Adibide gisa, oroitzen dut Prozedura feministak: ezagutza, ikerketa eta herrigintza tailerrean parte hartu nuela eta nire ekarpenak egiten saiatu nintzela, beti ere nire ikerketa-arlotik (mendiko artzaintzaren ekologia eta iraunkortasuna, landa-eremuen biodibertsitatea eta bideragarritasuna, emakume artzainak) eta nire esperientziatik abiatuta, ikuspuntu pertsonaletik. Amaitutakoan, nire jakintza-arlotik (erizaintza, soziologia) urrun samar zeuden bizpahiru ikergazte hurbildu zitzaizkidan, baserri munduarekin erlazio estua zutenak, nire ikerketarako interesgarriak izan zitezkeen artzain eta abeltzainen kontaktuak eskainiz, eta nire ikerketagatiko interesa aitortuz. Niretzat ikaragarrizko sorpresa izan zen, espero ez nuen zerbait, magia! Hortxe ohartu nintzen zein garrantzitsua den IkerGazte bezalako kongresuak antolatzea.

Zergatik da garrantzitsua IKERGAZTE moduko kongresu bat?

Goian aipaturiko arrazoiez gain, nazioarteko maila duen zientziaz euskaraz aritzea niretzat plazer hutsa delako. Gozatu egiten dut!

Horretaz gainera, IkerGazte bezalako kongresuek ikertzaile euskaldunen arteko saretzea zein bideragarria den ohartzeko balio dute; eta honek izugarrizko potentziala du batez ere ikertzaile gazteengan. Nire ustez, egiten duten ikerketari balio erantsia ematen dio, ikerketan jarraitzeko gogoa sustatuz eta bide berriak jorratzeko grina piztuz. Atzerrian izandako esperientziak elkarren artean partekatzea, adibidez, oso aberasgarria da oraindik atzerrira joatera ausartu ez den ikergaztearentzat. Eta, batek daki, gerta daiteke kongresuan izandako elkarrizketa batetik atzerriko egonaldi bat egitera ausartu, gauzatu eta handik etorkizunerako gakoa izango den pertsona, lan-talde edo ikerketa-zentroarekiko harreman iraunkor bat abiatzea. Bizitzak mila buelta eman ditzake! Eta hau guztia IkerGaztek ahalbidetu dezake besterik gabe topagune aproposa izateagatik, ikertzaile euskaldunen arteko kointzidentzia espazialerako abagunea eskaintzeagatik. Solasaldi espontaneoetatik bide berriak ireki daitezke. Halaber, euskara zientifikoari ekarpen garrantzitsuak egiteko aukerak sor daitezke.

Diziplina desberdinetako ikertzaileak izanda ere, metodo zientifikoak baditu unibertsalak, transbertsalak eta komunak diren gaitasunak: hala nola, artikulu zientifikoen idazketa, esperimentuen diseinua, analisi estatistikoak, etab. Nahiz eta jakintza-arloak desberdinak izan, aipatu ditudan esparru horietan formazio-ikastaroak, material didaktikoa, lan-tailerrak eta terminologia ere euskaraz landu, sortu eta erabilera sustatzeko iniziatibak martxan jar daitezke, euskal ikertzaileen komunitate zientifikoa are gehiago saretuz eta sendotuz. Horrelakoak euskaraz antolatzeko elkarlanak ere sortzen dira IkerGazte kongresutik.

Zer nabarmenduko zenuke?

Goian aipaturiko guztiaz gainera, beste puntu garrantzitsu bat gehitu nahiko nuke: belaunaldi desberdinen arteko topagunea izanik (doktoregaiak, doktore berriak eta ez hain berriak), ikergazte izan ginenen (eta dagoeneko ez garenen) ahotik gure ibilbidearen berri jasotzea ahalbidetzen du kongresuak, eta honek berebiziko garrantzia izan dezake une kritiko edo ahul batetik pasatzen ari den ikergaztearentzat. Batzuetan, tesiaren garapena ez doanean uste bezain ongi, edo esperimentuak gaizki atera direnean, edo tesi-zuzendariarekin harremana ez bada ona, dena pikutara bidaltzeko gogoa sentitu izan dugu; une ahulak, bajoiak, gorabehera nabarmenak pasa izan ditugu, eta nola gainditu genituen jakiteak motibazioa berreskuratzen eta indarberritzen lagundu dezake. Zergatik ez? Horrelako elkarrizketa lagungarriak ere suertatzen dira!

Esaldi bakarrean laburbilduz nire erantzunak: bokaziozko ikertzaile eta euskaltzale militantea bazara, IkerGazte kongresua zuretzako oasi emankorra da.