Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ane Olazagoitia: "Eritasun Zeliakoa eragiten duen glutenak RNAn ere aldaketak sortzen dituela ikusi zuen gure taldeak lehen aldiz"

Dokumentuaren akzioak

Ane Olazagoitia: "Eritasun Zeliakoa eragiten duen glutenak RNAn ere aldaketak sortzen dituela ikusi zuen gure taldeak lehen aldiz"

2022/03/31 - Unibertsitatea.net

Ane Olazagoitia Garmendia (Donostia, 28 urte) Kimikako Gradua egin zuen Donostiako Kimika fakultatean, UPV/EHUn. Ondoren Leioako kanpusean Biologia Molekularra eta Biomedikuntza masterra egin zuen eta UPV/EHUn doktoregoa egiteko aukera suertatu zitzaion gaixotasun autoimmune konplexuen genetikaren inguruan.

Kimika egin eta biomedikuntzaren alorrerantz bideratu zenituen ikasketak.

Kimikako Graduko azken urtea Glasgoweko Strathclyde unibertsitatean egin nuen Erasmus programari esker. Bertan organikako laborategi batean egon nintzen lanean, gaixotasun baten aurkako inhibitzaile batzuen sintesiaren inguruan. Bertan konturatu nintzen lan horretatik gehien gustatzen zitzaidan alderdia, gaixotasunarekin zerikusia zuen zatia zela. Horrek biokimika aldera salto egiteko ideia piztu zidan eta UPV/EHUn zeuden master desberdinak begiratzen jarri nintzen.

Salto nahiko handia zenez, erabakitzeko denbora bat hartu nuen irakasle masterra egiten nuen bitartean, baina azkenean Biologia Molekularra eta Biomedikuntza masterra egitera animatu nintzen. Biodonostin minbiziaren inguruan master amaierako lana egiteko aukera izan nuen, eta bertan ezagututako doktorego ikasleen esperientziak ikusita eta hilabete horietan bizitakoagatik, tesia egiteko gogoa piztu zitzaidan.

Orduan hasi nintzen tesia egiteko taldeak bilatzen eta gaixotasun autoimmuneen genetika aztertzen duen taldea aurkitu nuen, FUNctional genetics of IMMUNE disorders. Eta, Ainara Castellanos eta Jose Ramon Bilbaoren zuzendaritzapean tesia egiteko aukera suertatu zitzaidan.

Gaixotasun autoinmuneen garapena ikertzen ari zara, fokua Eritasun Zeliakoan jarrita.

Gaixotasun autoimmuneen ikerketak duen zailtasun handi bat gaixotasun hauen konplexutasuna da, izan ere, genetikak eta kanpo baldintzek ere eragiten dute gaixotasunaren garapenean. Eritasun Zeliakoaren kasuan, kanpoko eragile nagusia glutena dela jakina denez, genetikak nola eragiten duen eta glutenaren efektuak zeintzuk diren aztertzea errazagoa dela esan daiteke. Horregatik enfokatu ginen gaixotasun honetan. Hala ere, oraindik alderdi asko gelditzen dira azaltzeko, bai genetikaren aldetik, baita gaixotasunaren garapenaren aldetik.

Genetikari dagokionez, garapen teknologikoek gaixotasuna pairatzeko aukerak areagotzen dituzten zenbait aldaera identifikatzea ahalbidetu dute baina oraindik heredagarritasunaren %50 inguru ezezaguna da. Beraz, argi dago falta den genetika azaltzeko teknologia eta hurbilketa berriak beharrezkoak direla.

Bestalde, azken urteotan ikusten ari gara glutena ez dela kanpo eragile bakarra, zenbait birus edota bakterien infekzioek ere gaixotasuna pairatzeko arriskua areagotzen dutela; baina hauen benetako efektuak zein diren argitzeko asko gelditzen da oraindik.

Gaixotasunaren ezagutza apalak eta pazienteek aurkeztu ditzaketen sintoma desberdin ugariek zaildu egin dute Eritasun Zeliakoaren diagnosia, eta uste da kasu asko identifikatu gabe daudela gaur egun. Mundu mailako populazioaren %1 ingururi eragiten dion gaixotasuna da baina glutenaren erabileraren zabalkundeak eta gaixotasunaren diagnosiaren hobekuntzak zenbaki honen igoera ekar lezakeela uste da.

Pertsona genetikoki sentikorrei eragiten dien gaitza da Eritasun zeliakoa.

Aspaldidanik jakina da Eritasun Zeliakoa pertsona genetikoki sentikorretan sortzen dela. Eritasun Zeliakoa pairatzen duten familien artean egindako prebalentzia ikerketetan ikusi zen hau, eta genetikaren garrantzia batez ere biki bikoteak aztertuz nabarmendu zen.

Hala ere, Eritasun Zeliakoaren genetika konplexua da eta poligenikoa, hau da, gene desberdin asko daude aldatuta, eta gainera, indibiduo guztietan ez da berdin agertzen. Hau da, genetikak pisu garrantzitsua dela jakina den arren, oraindik ez dakigu zehazki nola eragiten duen.

Erantzun bila DNA zaborra deritzon eremura jo duzue.

Bai, galdera hauei erantzuna bilatzeko asmoz hurbilketa berriak beharrezkoak ziren. Horrela, orain arte DNA zaborra zeritzona ikertzen hasi ziren, baita gure taldea ere. Orain arte, DNAk kodetzen zuen informazioaren zati bati bakarrik egin zaio kasu, proteinak kodetzen dituzten geneei alegia. Hasiera batean zelulen funtzioak betetzen zituzten partaide bakarrak proteinak zirela uste zen, DNAtik informazioa RNA molekulen bidez "kopiatu" eta proteina desberdinak sortuz.

Baina gaixotasun autoimmuneei asoziatutako aldaera asko DNA zaborrean (edo proteinak kodetzen ez dituen eremuan) daudela ikusi zen. Zenbait elementu berriren artean RNA molekula ez kodetzaileak identifikatu ziren, hau da, DNAko informazioa kopiatu eta proteina sortzea helburu ez zuten RNA mota berriak. Azken urteotan RNA molekulen garrantzi handia geroz eta argiagoa da, zelularen funtzio asko erregulatzen dituztela deskribatu baita eta gaixotasun autoimmune askoren aldaerak molekula hauetan agertzen direla ikusi baita; Eritasun Zeliakoan ere.

Glutenak RNA-n aldaketak eragin ditzakeela ikusi zenuten 2020an.

Hala da. Beste ikerlari talde batzuk erakutsi zuten zenbait kanpo eragilek RNA molekuletan aldaketak sortzen dituztela eta zelulako funtzio asko desorekatzen direla. Gure taldeak lehen aldiz ikusi zuen Eritasun Zeliakoa eragiten duen glutenak RNAn ere aldaketak sortzen dituela, eta horrek, hesteen inflamazioan nola eragiten duen deskribatu genuen.

Aurkikuntza hau garrantzitsua izan zen gure alorrean, eta hori lortzeko beharrezkoa izan da talde lana. Izan ere, beste talde internazional eta nazional askorekin ibili ginen elkarlanean, Columbia eta Chicagoko unibertsitateekin (AEB), McMaster Unibertsitatearekin (Kanada), Bartzelonako unibertsitatearekin, Galdakao eta Gurutzetako Ospitaleekin eta Biocruces-Bizkaia eta UPV/EHUko beste ikerlariekin. Talde bakoitzak arlo desberdinetan zuen jakintzaz eta esperientziaz baliatuz lan honetako emaitzak aberastu eta azkartzeko aukera izan genuen, Gut bezalako prestigio handiko aldizkarian gure lana argitaratzea lortuz.

Honek gaixotasunaren garapenean eragina izan dezake?

Eritasun Zeliakoa gaixotasun konplexua da eta prozesu asko izaten dira desorekatuak, gaixotasunaren garapenean eraginez. Gure emaitzekin ikusi dugu RNA aldaketak eragina dutela Eritasun Zeliakoaren inflamazio prozesuan eta aurkikuntza berri honek gaixotasunaren hasierako pausutan garrantzitsua izan daitekeen prozesu bat azaltzen du, beraz, gaixotasuna ulertzeko pista berriak ematen dizkigu.

Tratamendu berrietarako ate berriak irekitzeko aukera emango du ikerketak.

Hala da, izan ere beste gaixotasun batzuen tratamendurako itu bezala iradoki dira jada RNA aldaketa hauek. Lan honen emaitzak ikusita gu ere bagabiltza, beste talde batzuekin batera, tratamendu berri baten inguruan ikertzen. Inflamazioa bide honetatik gelditzeko aukera legokeela ikusi dugu, baina bide luzea gelditzen da oraindik benetan pertsonak tratatzera iristeko.

Azken urteetan nolako izan da Eritasun zeliakoaren bilakaera?

Azken urteetan Eritasun Zeliakoaren bilakaera igotzen ari dela dirudi. Alde batetik glutenaren kontsumoa mundu mailan igo egin da. Bestetik, orain arte gaixotasun hau ez zen ondo diagnostikatzen eta beraz paziente asko diagnostikatu gabe zeudela uste da. Gaur egun diagnosian hobekuntzak egon dira eta pertsona gehiago identifikatzea ekarri du, baita gaixotasuna gizartean ezagunagoa izatea.

Beste gaixotasunekin ikusi den bezela, COVID19arekin adibidez, gaixotasunaren inguruko informazioa izateak eta diagnosirako erreminta egokiak edukitzeak ahalbidetuko du benetan gaixotasunaren bilakaera zein den jakitea.

Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?

Orain dela aste bat defendatu nuen tesia, beraz, erronka handi bat bukatu berri dut! Orain, ikerketa munduan jarraitzea gustatuko litzaidake, baina ez da bide erreza izango. Epe laburrean postdoka egiteko bekak eskatzea eta seguraski atzerrira joatea dira nire erronka nagusiak, ea zortea dudan…

Txiotesian parte hartu zenuen, zer nolako esperientzia izan zen?

Bai, Ikergazte 2021ean modu berri batean parte hartzeko aukera izan nuen. Hasieran kostatu egin zitzaidan nire lana txioetan aurkeztea, baina emaitzarekin pozik nago. Uste dut lortzen ditugun emaitzak zabaltzeko modu hau ezagutzea erabilgarria izango dela aurrerago. Beste taldeek gure lanaren berri izateko modu eroso eta azkarra da!

txiotesia,elkarrizketa