Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ander Reizabal: "Gure helburua zetaren multifuntzionaltasuna frogatzea izan da beti"

Dokumentuaren akzioak

Ander Reizabal: "Gure helburua zetaren multifuntzionaltasuna frogatzea izan da beti"

2021/07/20 - Unibertsitatea.net

Bere etxetik gertu ikasi zuen Ander Reizabalek, "Berrio-Otxoa" ikastetxean, Bilbon. Gero, Gasteizera joan zen, UPV/EHUn ingurumen-zientziak ikastera eta amaitu ondoren Bilbora itzuli zen UPV/EHUko material berrien masterra egiteko. Ikerketa mundua oso gustoko zuenez doktore-tesia egitea erabaki zuen, eta aukera hori eman zioten UPV/EHU-ko Kimika makromolekularraren Ikerketa Taldeak eta BCMaterials ikerketa zentroak. Horri esker, azken urteotan, zetaren inguruan mugitu da bere bizitza. Egun, tesia amaituta, AEBetara mugitu da, ikerketarekin jarraitzeko. Bertan giza ehunak ordezteko materialak eta teknikak ikertzen ari da.

Ingurugiro Zientziak ikasi zenituen eta egun, materialak ikertzen zabiltza BCMaterials-en.

Esan duzun moduan, ingurugiro zientziak ikasi nituen hasieran. Betidanik izan ditut gustuko natura eta ingurumena eta horrelako ikasketak egiteak nire gustukoak ziren lanen ateak irekitzea espero nuen. Unibertsitateko azken urtean baina, dena aldatu zen. Praktikak, materialen laborategi batean egin nituen eta hain gustuko nuen, gradu amaierako lanerako, ikerketan jarraitu nuela. Hurrengo urtean, material berrien inguruan egin nuen masterra eta hurrengo urtean berriz, tesia.

Tesiaren aukera, zenbait hilabeteko prozesua izan zen. Banekien tesia egin nahi nuela, ikerketan jarraitzeko, baina horretarako beka beharrezkoa da. Horretan nenbilen BCMaterials ikerketa zentroak, Kimika makromolekularraren Ikerketa Taldearekin batera, tesia beraiekin egiteko aukera eman zidatenean.

Ez ditut inoiz ikasketak gogoko izan, baina ikerketa guztiz ezberdina da niretzat. "Lanean" egunero gauza berriak egiten eta ikasten ditut. Batzuetan, zerbait berria sortzen da eta hau, sekulako saria da. Horregatik, egun, ikerketan jarraitu nahi dut.

Zetaren funtzio anitzak dituzu ikergai. Zergatik zeta? Zein propietatek egiten dute horren berezi?

Ikerketaren hasieran, zetaren inguruan oso gutxi nekien. Egia esateko, tesi zuzendariak probestu zuen zeta aukera gisa. Handik gutxira lanean hasi ginen eta berehala konturatu ginen bere ahalmen handiaz. Zeta sinestezina da, bere propietateak konparagarriak dira zuntz artifizial askorekin eta hauetako asko baino propietate hobeak ditu.

Gure helburua zetaren multifuntzionaltasuna frogatzea izan da beti. Hau da, zeta gauza askotarako erabilgarria dela frogatu nahi dugu. Zorionez, horrek, etorkizunean material naturalak askoz gehiago erabiltzen lagun dezake.

Propietateei dagokienez, seguru noizbait entzun duzuela elefantearen kantua, oihal baten gainean (zeta) kulunkatzen zena. Abesti honek, nolabait, badu zentzua. Zeta oso gogorra da, metal batzuk baino gehiago. Gainera, forma ezberdinetan bilakatzeko gaitasuna du. Honi esker, hainbat aplikaziotarako potentzialki erabilgarria da.

Propietate interesgarriak dituen arren erabilgarria izateko egokitu egin behar dela diozu.

Zeta oso interesgarria da bere forma naturalean, ahula da zuntz moduan. Zetazko zuntzak milaka urtez erabili dira arropa egiteko. Hala ere, aplikazio berriagoetara bideratu gara, hala nola osagai elektronikoetara, ehunen birsorkuntzara edo ingurumenaren deskontaminaziora. Horretarako, askotan, zetaren forma eta propietateak aldatu ditugu.

Batez ere, bideĀ bi jarraitu ditugu. Alde batetik, zetaren forma aldatu dugu, adibidez, film gardenak eta malguak edo egitura porotsuak egiteko. Bestalde, zeta beste material batzuekin konbinatu dugu propietate berriak lortzeko, hala nola eroankortasun elektrikoa edo magnetismoa.

Zetaren aplikagarritasuna frogatu duzue. Zer lortu duzue?

Zorionez, gure helburua lortu dugu eta behin baino gehiagotan frogatu dugu zetaren erabilgarritasuna. Alde batetik, hainbat sentsore egin ditugu, haiekiko presioa edo indarra neurtzeko gai direnak. Beste aplikazio bat, zeta bera bakarrik mugitzeko gai izatea izan da, urruneko prozesu bat abiarazteko gai izan dadin. Bestalde, Zetaren gainean hezur zelulak haztea lortu genuen, eta oraintsuago, zetak kutsatzaile ezberdinak xurgatzeko duen gaitasuna frogatu dugu. Gaitasun hau, ura deskontaminatzeko oso erabilgarria izan daiteke.

Hala ere, bio-oinarritutako materialek plastikoa ordezteko bide luzea geratzen dela diozu. Zergatik? Zenbat urtez ari gara hizketan?

Galdera interesgarria egin duzu. Hau, puntu kritiko bat izan da tesian. Gure nahia, prozesu toxikorik gabe eta material naturalak erabilita erabilgarriak diren materialak egitea izan da. Ikerketa hau erreferentzia gisa erabiltzea da asmoa. Beste aukera bideragarri batzuk erakusten lagunduko duen hondar ale txiki bat.

Zalantzarik gabe, oso prozesu luzea da hau, baina emaitzak ikusten hasi garela uste dut. Pixkanaka-pixkanaka kontzientzia sortzen ari da, eta jasangarriak ez diren zenbait ekintza ordezkatuak izaten ari dira. Hala ere, bide luzea dago aurretik. Zorionez gobernuek planteatutako helburu berri asko jasangarritasunean oinarritzen dira. Beraz, prozesua azkartzea espero daiteke.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Nire helburua ikerketan jarraitzea da, eta, ahal bada, jatorri naturaleko materialen potentzialean aurrera egiten jarraitzea. Nire ustez, ama naturak milaka urtetan zehar, material ezin hobeak sortu ditu. Bere ahalmen guztia ustiatzen ikastea besterik ez zaigu geratzen. Horregatik, une honetan 3D inprimaketan zentratu naiz, inprimatzeko gai diren material berriak bilatzen saiatuz. Ikuspegi biologikotik, bereziki, material horiek potentzial handia dute; izan ere, jatorri naturala dutenez, haien egitura giza ehunen oso antzekoa da, eta, beraz, ehunak eratzen laguntzen dute.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia ona izan zen. Egia esan, ez dut eskarmentu handirik sare sozialetan, eta, etekin guztia ateratzeko gai ez nintzela izan uste dut. Zalantzarik gabe, aukera handia izan zen ikerketaren emaitzak erakusteko. Horri esker, ikerketa inoiz baino pertsona gehiagorengana iritsi zen.

txiotesia,elkarrizketa