Dokumentuaren akzioak
Ana Novoa: "Gizarte guztiek dituzte hilekoari buruzko aurreiritziak, sineskeriak eta honi lotutako ohiturak"
Ana Novoa (1996, Oñati), UPV/EHUn Psikologian graduatu ostean (2018), Castelló de la Planako Universitat Jaume I-en “Generoa eta Berdintasuna eremu publiko eta pribatuan” unibertsitate masterra burutu zuen, genero indarkeriaren prebentzioaren espezializazioarekin (2019). Egun, Psikologiako doktoregaia da eta UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea eta Azpeitiko Emakume Txokoko dinamizatzailea da.
Psikologia ikasketak egin zenituen eta duela gutxi ekin zenion tesia egiteari.
Ikasketa arloan oso inpultsiboa izan naiz beti. Psikologia ikastea azken unean bururatu zitzaidan zerbait izan zen, aurretik psikologiatik urruti zeuden ikasketak burutzea nuen buruan. Masterra ere azken momentuko bultzada baten ostean erabaki nuen eta doktoretzarekin berdintsua gertatu zitzaidan; une batetik bestera hartutako erabakia izan zen. Baina, egun, doktoretzako 2. urtean nagoela, hartutako erabakiez damutzen ez naizela onartu beharra daukat.
Hilekoaren fenomenoa generoaren ikuspuntutik ikertzen ari zara tesian.
Hasiera batean tesian honekin inolako zerikusirik ez zuen gai bat jorratu behar nuen. Baina, egun baten ibilbide profesionalean eta, batez ere, pertsonalean bidelagun dudan Joanesek hilekoari buruzko artikulu zientifiko bat eman zidan interesgarria irudituko zitzaidalakoan. Bete-betean asmatu zuen. Artikulu hori abiapuntu izanik beste batzuk irakurtzen hasi eta gaia jorratzeko beharraz jabetu nintzen. Izan ere, hilerokoa aztergai denean, ikuspegi biomediko batetik izaten da eta horrek, bestelako agente sozializatzaileekin batera, hilekoaren inguruan kaltegarriak izan daitezkeen sinesmen eta aurreritziak sustatzen ditu.
Hilekoaren inguruan dauden sinesmen eta aurreritziak asko direla diozu. Hau toki guztietan ematen den zerbait da?
Kulturatik kulturara desberdintasunak ematen direla ikusi den arren, gizarte guztiek dituzte hilekoari buruzko sinesmen espezifikoak, kontzeptu okerrak, aurreiritziak, sineskeriak eta honi lotutako ohiturak. Hauek guztiek, hilekoaren izaera dimentsioanitzaren adierazle direnek, jatorri ezberdina izan dezakete; batzuek oinarri erlijiosoa dute, besteek, aldiz, kultura eta tradizioetan dute iturburua. Halere, guztiek emakumeei buruzko iritzi negatiboekin, haiekiko etsaitasunarekin eta sexismoarekin izango dute zerikusia (jakin badakigun arren emakume guztiek ez dutela hilekorik eta hilekoa duen oro ez dela emakumea).
Esate baterako, menstruazioa ezkutuan mantentzen ahalegindu diren kulturak asko dira eta hilekoak irauten duen bitartean etxetik erbesteratzea inposatzen diete horrek ekar ditzakeen kalte fisiko, psikologiko eta sozial guztiekin. Beste adibide bat hainbat erlijioetan hilekoarekin harreman sexualik ez izatearen debekua azpimarratzen dela izan daiteke eta, egun, kontzienteki ala inkontzienteki bada ere, oso errotuta dagoen zerbait da. Aipatutakoaz gainera, ohikoa da hilekoa ezkutuan eraman beharreko zerbait denaren ustea. Laburbilduz, luze hitz egin genezake mundu mailan hilekoaren inguruan sortzen diren sinesmen zein praktiken inguruan.
Eta nolako begiekin begiratzen du euskal gizarteak hilekoa?
Ez dugu munduko beste puntara joan beharrik hilekoari buruzko sinesmen, aurreiritzi eta praktikekin topo egiteko. Hasteko, menstruazioa bera izendatzea kostatu egiten zaigu eta milaka pseudonimo asmatu ditugu zuzenean hilekoa hitza ez aipatzeko: hilabeteko egun horiek, Ameriketako izeba, emakume gorria… Lotsatik, ukapenetik eta ezjakintasunetik izaten dugu hilekoa. Baita zapalkuntzatik ere.
Baina, aipatutakoaz harago, galdera hau egiten didatenean, bi adibide argi jartzen ditut hilekoaren inguruan dugun ikuspuntua agerian uzteko. Batetik, hemen oso hedatuta dago bereizirik gabeko pilula antisorgailuak edota bestelako kontrazepzio metodo hormonalak errezetatzea. Baina, uste denaren kontrara, baliabide horiek ez dute hilerokoa erregulatzen, obulazioa eteten baizik eta obulaziorik gabe ez dago hilekorik. Esan gabe doa horrek luzera arazo larriak ekar ditzakeela. Izan ere, obulazioa ezinbestekoa da gure zikloaren ongizaterako ez ezik, gure osasun orokorrerako ere. Gainera, ezin aipatu gabe utzi praktika hau indarkeria matxisten barruan kokatzen den indarkeria ginekoobstetrikoa dela.
Bestetik, Euskal Herrian hilekodunen bizitzak guztiz zeharkatzen duen beste sinesmen erratu bat menstruazioak berarekin ezinbestez mina dakarrela da. Txikitatik erakusten digute mina sentitzen badugu, zerbait gaizki dagoelako dela. Aitzitik, badirudi hilekoaren kasuan ezgaitzen gaituen mina sentitzea normala dela. Ba ez, menstruazioaren mina gure gorputzak gure egoerari buruz ematen digun alerta da eta hori entzuten ikasi behar dugu. Maiz, pairamen horiek guztiek gure bizitzekin, testuinguruarekin edota ohiturekin harremana izango dute eta hauek arakatu behar ditugu arazoa non dagoen identifikatu ahal izateko. Gorputzeko beste prozesuren batek mina emango baligu (digestioa egiteak, esaterako) segituan larritu eta arrazoiak bilatzen hasiko ginateke. Hilekoarekin berdina egin beharko genuke; arazoaren muinera jo behar dugu askotan biderik errazena ez den arren.
Hilekoaren inguruko sinesmen hauek gizarte-egitura patriarkalarekin lotzen dituzu.
Hilekoaren zikloa jazoera biologiko soila izatetik urrun, testuinguru zabalago baten barruan bizi eta hautematen den gertakaria dela ulertu behar da. Azken batean, hilekoaren zikloaren inguruko ikuspegi ezkorrak, neurri batean behintzat, gizarte-egitura patriarkalaren adierazpen eta justifikazioak dira. Hau da, hizpide den zikloa emakumeari buruzko iritzi ezkorrekin, horien aurkako etsaitasunarekin eta, finean, matxismoarekin lotuta dago. Beraz, hilekoan eragiten duten faktore sozial eta kulturalek emakumeek gizartean pairatzen duten menpekotasunarekin harreman zuzena dutela esan daiteke. Dena dela, ezin aipatu gabe utzi, mendebaldeko kulturan gutxienez, hilekoa izatea edo ez emakume eta gizonen arteko gorputzak desberdintzeko faktore zurrun bezala erabiltzen den arren, ez dela emakume edota neska guztien ezaugarri komuna. Haurdun daudenak, transak direnak, histerektomiadunek… ez dute hilekorik izaten. Azken batean, ezaugarri zehatz batzuk dituzten eta bizitzako une jakin batean dauden pertsonek soilik dute hilekoa.
Zein pauso eman behar ditugu honi guztiari buelta emateko?
Aintzat harturik hilekoari lotutako sinesmen eta aurreiritziek harreman zuzena dutela gure gizarteko botere-harremanekin eta hauek sistemak egituratu zein moldatzen dituela, sistema bera irauli beharko da ezinbestez honi guztiari buelta eman ahal izateko. Bien bitartean, sortutako kalteak arintzeko, hezkuntza eta ikerketa izango dira oinarria. Hori horrela, nahitaezkoa da ikerlarien prekarietatearekin amaitzea eta ikerketetara dirua bideratzea, ondoren, bertatik jasotako ezagutzak hezkuntzan aplikatu ahal izateko.
Tesiaren zein puntutan aurkitzen zara?
Egun, etika batzordearen aldeko txostenaren zain nago lehen ikerketa martxan jarri ahal izateko. Lehen ikerketa honetan, bi hipotesi frogatu nahi ditugu. Batetik, hilekoaren irudikapen sozialak oinarri dimentsioanitza duela. Hau da, faktore soziokulturalek (hala nola erlijioa, ideologia…) eta psikosozialek (adibidez, bizi-kalitatea, babes soziala…) hilekoaren irudikapen sozialetan eragingo dutela. Bestetik, honetan guztian emozioek eragina izango dutela ere egiaztatu gura dugu. Azken batean, hilekoa inplikazio emozional handia duen prozesua da sentimendu ezberdinak sortzen baititu (lotsa, nazka, tristura, harrotasuna…).
Nolako esperientzia izaten ari da ikerketarena?
Errusiar mendi baten modura irudikatzen dut. Batzuetan oso pozik zein motibaturik zaude eta beste hainbatetan lur jota egon zaitezke. Baina, nire kasuan behintzat, momentu onek txarrak konpentsatzen dituzte. Halere, oreka hori emateko, oso garrantzitsua iruditzen zait honelako prozesuetan krisi emozionalak baretzen lagunduko zaituzten pertsonak izatea. Ni zentzu horretan oso pozik nago, izan ere, egoera berdinean dauden lagunak izateaz gainera, nire tesi zuzendariek laguntza emozional handia ematen didate.
Txiotesian parte hartu zenuen... nola bizi izan zenuen eguna?
Erronka bezala bizi izan nuen. Izan ere, oraindik tesiaren hastapenetan nagoen arren, dagoeneko informazio asko bildu dut eta hori guztia soilik 6 txioetan laburtzea ez da erraza izan. Era berean, asko poztu ninduen azken edizioko parte-hartzearen gorakadak. Ikerlari euskaldunon lana bistaratzeko ekimen polita da, beraz, garrantzitsua da ahots desberdinak jasotzea.