Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Alex Martinez de Agirre: "Nire tesiak nekazari lurren gainazaleko zimurtasunaren fenomenoa hobeto ulertzen lagundu nahi du"

Dokumentuaren akzioak

Alex Martinez de Agirre: "Nire tesiak nekazari lurren gainazaleko zimurtasunaren fenomenoa hobeto ulertzen lagundu nahi du"

2019/12/16 - Unibertsitatea.net
Nekazaritza lurren gainazalaren zimurtasuna ikertu zuen bere doktorego tesian (UPNA/NUP, 2017).

Alex Martinez de Agirre (Gasteiz, 1983) Topografian Ingeniari Teknikoa (UPV/EHU, 2006) eta Geodesian eta Kartografian Ingeniaria (UAH, 2009) da. Kliman, Energian eta Ingurumen-arriskuan masterra egin zuen gero (UAH, 2011) eta 2018ko martxoan aurkeztu zuen bere doktorego-tesia (UPNA/NUP, 2017): Analysis of surface roughness in agricultural soils using in-situ measurements and remote sensing techniques.

Ganteko Unibertsitatean (2014) eta Vienako Unibertsitate Teknikoan (2016) ikerketa egonaldiak burutu ditu eta tesiaren baitan egindako lan garrantzitsuenak argitaratu ditu goi-mailako aldizkarietan. 2015etik UPNA/NUPeko Geografi-Informazioko Sistemen eta Teledetekzioaren inguruko masterreko (MUSIGT) irakaskuntzan parte hartzen du. Egun, ikertzailea da UPNA/NUPeko Ingeniaritza Sailean, Ministerioko proiektu bateko lantaldean.

Nekazal lurren gainazalaren zimurtasuna. Horixe zure tesiko gaia.

Geodesia eta Kartografia Ingeniaritzako proiektua egitean hasi nintzen ikerketa munduan, 2009an. Alcalako Unibertsitateko (UAH) orduko Matematika Saileko José Antonio Malpica irakasleak zientziarekiko transmititzen zuen pasioak kutsatu ninduen eta ikerketan aritzeko ikasketekin jarraitu behar nuela argi izan nuen. Masterra egin nuen ikerketa proiektu desberdinetan kontratu txikiak tartekatuta eta 2012an, Ministerioko doktoretza aurreko beka (FPI) jaso nuen. UPNA/NUPeko orduko Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailean tesiarekin hasi nintzen, Jesus Alvarezek eta Rafael Gimenezek gidatuta. Nekazal lurren gainazalaren zimurtasuna gaia ikerketa proiektuaren baitan kokatuta zegoen. Nire kasuan, aukerak gaia erabaki zuen.

Nekazal lurraren gainazalaren zimurtasunak eragina du hainbat esparru zientifikotan.

Hala da, bai. Lurraren zimurtasunak prozesu hidrologiko garrantzitsuak eragiten ditu eta uraren kudeaketa hobetzeko ezagutu beharreko gaia da. Honez gain, gainazalaren zimurtasunak eragin zuzena du satelite bidezko radar sentsoreek egiten dituzten neurketetan. Eta ezin da ahaztu lurraren behaketan oinarritzen diren ikerketa arlo desberdinak garatzeko ezinbestekoa dela gaur egun hain erabiliak diren satelite bidezko neurketak.

Neurketa hauek lurrazalaren hezetasuna kalkulatzeko erabiltzen dira, uraren kudeaketarako ezinbestekoa. Lurraren zimurtasunaren ezaugarritze eta kuantifikazioa garrantzitsua da zenbait zientzia alorretan baina gai honen inguruko ezagutza guztiz eta unibertsalki onartua izatetik urrun dago.

Gure kasuan, gainera, nekazal lurren gainazaleko mikro-erliebe naturalak laborantza lanen eraginak jasan ditzake. Tesiak nekazal lurren gainazaleko zimurtasunaren fenomenoa eta berorren ezaugarritzea hobeto ulertzen laguntzea du helburu.

Neurketetarako erabiltzen diren ohiko parametroak zimurtasun mota desberdinak bereizteko gai diren ikertu duzu. Zer diote emaitzek?

Nekazal lurren zimurtasuna ondo kuantifikatzeko ezinbestekoa da zimurtasun parametro egokiak erabiltzea. Horretarako, tesiaren lehenengo atalean literatura zientifikoan erabili izan diren 21 zimurtasun parametro (lau kategoriatan banatuak) aztertu genituen nekazal lur desberdinetan neurtuak (Nafarroaren erdialdean erabiltzen diren laborantza tipikoei lotutakoak).

Emaitzen arabera, kategoria bakoitzean aztertutako parametro gehienek korrelazio altua zutela ikusi zen; gainazaleko zimurtasunaren inguruan emandako informazioa oso antzekoa zen. Horren harira, parametro konplexuagoak beharrean, parametro sinpleagoak aukeratzea gomendatzen da, informazio bera eman baitezakete.

Radar sentsoreen behaketan eragin handia du lurraren zimurtasunak. Gai honi ere ekin diozu ikerketan.

Jakin badakigu, gainazalaren zimurtasunak satelite bidezko radar sentsoreek behatutako neurketetan eragin handia duela. Baita, nekazal lurren gainazalaren zimurtasunak multi-eskala osagai argia duela. Hain zuzen, neurtzeko erabiltzen den "erregelaren" arabera fenomeno desberdinak azaleratzen direla. Hori dela eta, neurketa tartea (profilaren luzera) eta maiztasun baxuko eta altuko zimurtasun osagaien eragina aztertu genituen radar behaketetan parte hartzen duten zimurtasun eskalak zehazteko.

Jasotako emaitzek zimurtasunaren neurketa eskalaren eta parametroen balioen arteko menpekotasun argia egiaztatu zuten. Gure kasuan, radar sentsorearen neurketen zimurtasun osagairik nabarmenena 5 eta 100 zentimetro artekoa dela iradoki zutelarik. Horrek nekazal lurreko gainazalaren zimurtasuna ezaugarritzeko aukera berriak ireki ditzake radar sentsoreen neurketak modelizatzeko.

Neurketak egiteko laginaren tamaina zein izan behar den ere zehaztu duzu.

Aurreko galderarekin lotuta, nekazal lurretan radar aplikazioentzat zimurtasun parametroen estimazio zehatza lortzeko behar den laginaren tamainari heldu zitzaion. Kasu honetan, analisia 1 eta 20 bitarteko profilen lagineko tamaina kontuan hartuta egin zen. Horretarako, zimurtasun parametrorik erabilienen portaera, korrelazioa sentsoreen neurketekin, eta modelo desberdinen doitasun maila aztertu ziren.

Lortutako emaitzek agerian utzi zuten aurretik aipatutako 1 m. baino gutxiagoko zimurtasun eskalak eta radar sentsoreen neurketen arteko korrelazioa.

Neurketarako erabiltzen diren 2D teknikak 3D teknika berriekin alderatu dituzu. Desberdintasun nabarmenak aurkitu dituzu?

Zimurtasun baldintza desberdineko nekazal lurretan "Terrestrial Laser Scanner" (TLS) eta "Structure from Motion" (SfM) fotogrametria 3D teknikak eta oso erabilia den profilometroa (2D teknika) erabili ziren zimurtasuna neurtzeko.

Emaitzek nekazal lurren gainazalaren zimurtasuna neurtzeko TLS eta SfM tekniken gaitasuna erakutsi zuten. Hala ere, teknika biek (SfM batez ere) maiztasun altuko (eskala milimetriko) zimurtasuneko informazio galera erakutsi zuten, eta, hortaz, eragin zuzena izan zuten zimurtasun parametro batzuetan. Osotara, TLS eta SfM teknikek gainazaleko zimurtasunaren inguruko 3D informazio baliotsua eman zuten; norabidearen inguruko analisi zehatza ahalbidetzen baitute. Eta, hori, garrantzitsua da nekazal lurren prozesu hidrologikoetan edota radar teledetekzio aplikazioetan.

UPNA/NUPen diharduzu irakasle.

Irakasle lanak Geografi-Informazioko Sistemen eta Teledetekzioaren inguruko masterrera (MUSIGT) mugatzen dira, RADAR eta LiDAR teledetekzioko irakasgaian. Nire betebehar nagusia aurreko proiektuarekin lotura handia duen beste proiektu baten ikerlari lanetan aritzea da. Gure erronka ureztatze lanak hobetzeko satelite bidezko (Sentinel-1) irudiekin nekazal lurren hezetasuna ezagutzea da. Bestalde, tesian sakondu gabe geratu zen azken analisi bat amaitzen ari naiz, bertan, nekazal lurren zimurtasunaren analisi multi-tenporala egiten da.

Txiotesian parte hartu zenuen. Nolako esperientzia iruditu zitzaizun?

Esperientzia aberasgarria oso. Euskal zientzialari eta ikerlarien arteko harremanak sendotzeko aukera paregabea. Dena den, aitortu behar dut, gure ikerketa arloan zailtasun handiak ditugula hiztegi tekniko propio bat euskaraz erabiltzeko eta modu dibulgatibo batean aurkezteko.

 txiotesia,elkarrizketa