Dokumentuaren akzioak
Alazne Irigoien Domínguez: "Genero estereotipo asko sexu-eraso eta genero indarkeriaren inguruan dauden ebazpenetan agertzen dira"
Alazne Irigoien Domínguez (Uharte, 1992) UPV/EHUn doktore tesia egiten ari da Zuzenbide Fakultatean, Zuzenbidearen Filosofiaren arloan, Ikasketa Feministak eta Generokoak Doktorego programaren baitan. Genero berdintasunaren inguruan atzerrian lan egin eta gero, orain ikerlari eta irakaslea da.
Zuzenbidea eta Zientzia Politikoak ikasi zenituen eta zure ibilbide akademikoak emakumearen esparruarekin oso lotura estua izan du.
Bai, emakumeen esparruarekin, baina nik esango nuke batez ere generoarekin, ez baitira gauza bera.
Zuzenbidea eta Zientzia Politikoak ikasi nituen Madrilen baina unibertsitateko klaseetan ez genuen ia genero berdintasunaren eta feminismoaren esparrua landu, nahiz eta gure historiako eta pentsamendu politikoko arlo garrantzitsuak diren. Hala ere, gaur egun lantzen ari naizen gaiak jorratzeko baliabide ugari eman dizkidate ikasketa horiek.
Unibertsitatean Feminismoaren inguruan izan genuen klase bakarra doktoregai batek eman zigun, “Nazioarteko Erlazioak” irakasgaian. Klase horrek nire kontzientzia feminista nolabait piztu zuen, mundua beste ikuspegi batetik ikusten hasi nintzen pixkanaka, “betaurreko moreak” deritzon betaurrekoekin, hain zuzen ere. Hortik aurrera nire kabuz autore feministen obrak irakurtzen hasi nintzen eta mugimendu feministan murgiltzen. Urte batzuk geroago, Genero Berdintasun masterra egin nuen. Duela 2 urte Madrilgo unibertsitateko doktoregai horrexekin egin nuen topo kongresu batean. Harengana hurbildu, eta bera zela ziurtatu eta gero, esan nion: “zuk erakutsi zenidanagatik feminista naiz eta genero desberdintasunak gainditzeko lan egiten ari naiz gaur egun”. Bera emozionatu zen eta oso momentu polita izan zen.
Doktore tesia egiten hasi baino lehen Nazio Batuetan, Ginebran, emakumeen eskubideen alde lan egiteko aukera izan nuen Emakumeen Aurkako Diskriminazio mota guztiak Ezabatzeko Komitean -CEDAW sigla ingelesekin ezaguna den komitean-. Bruselara joan nintzen gero, eta emakume eta gizonen berdintasuna enpresa eta instituzioetan sustatzen zuen hainbat erakundetan lan egin nuen. Hango mugimendu feministan murgildu eta beste lagun feminista batzuekin batera gobernuz kanpoko erakunde bat sortu eta ‘Think tank’ feminista batean ikertzen ere hasi nintzen. Esperientzia horiek guztiak oso garrantzitsuak izan dira nire egungo ikerketarako.
Tesian, genero estereotipoak eta intersekzionalitatea ikertzen ari zara.
Genero estereotipoak giza eskubideen urraketarekin erlazionatzen zuen Nazio Batuetako txosten bat irakurri nuen eta gaiarekiko interesa sortu zitzaidan. Enpresa eta instituzioekin lanean aritu nintzenean ere konturatu nintzen genero estereotipoek eragin handia zutela emakumeen egoeran lan merkatuan. Nolabait, esango nuke estereotipoen inguruko tesia jorratzeko grina gertaera horietatik sortu zitzaidala.
Nire tesiak genero estereotipoen tratamendu juridikoa aztertzen du eta ikuspegi intersekzionala txertatzen du. Intersekzionalitatea modu askotan definitzen da, baina laburki, botere-sistema ezberdinen konexioa kontuan hartzeko kontzeptu analitikoa dela esan dezakegu; batzuentzat identitate ezberdinen gurutzaketari ere erreferentzia egiten dio. Genero estereotipoen analisian intersekzionalitatea integratzeak bermatzen du emakume eta gizon talde ezberdinen estereotipoak kontuan hartzen direla. Adibidez, emakume migratzaileei ezartzen zaizkie genero eta arrazan, bien loturan, sortutako estereotipoak. Horiek guztiak kontuan hartzea funtsezkoa da Zuzenbidetik egindako ikerketetan, giza talde batzuek pairatzen baitute bereizkeria eta injustizia estruktural gehien.
Nire ikerketa burutu ahal izateko, Iusfeminismotik, hau da, paradigma feministatik Zuzenbidea aztertzen duen jakintzatik, eta Zuzenbidearen teoria feministetatik abiatzen naiz.
Iruditeria kolektiboan genero estereotipo asko daudela diozu, eta kaltegarriak direla.
Bai, egia da. Genero berdintasuna sustatzea lan neketsua da maiz, legeak aldatzeaz gain, eredu soziokulturalak eta gure iruditeria kolektiboan oso errotutako ideiak aldatzea eskatzen baitu. Estereotipoak iruditeria kolektibo horren parte dira. Modu sinplean, genero estereotipoak gizonezkoek eta emakumezkoek dituzten edo izan beharko lituzketen ezaugarri edo rolei buruzko aurreiritzi gisa definitu izan dira. Nire ikerketak definizio hau moldatzen du, binarismoa gainditzeko eta estereotipoak subordinazioa eta botere desberdintasuna sustatzeko erabiltzen diren instrumentu gisa ulertzeko.
Gure iruditeria kolektiboan genero estereotipo askok bizirauten dute. Adibidez, emakumeak zaintza lanetarako ´naturalki´ hobeak direnen estereotipoa indarrean dago oraindik. 2017an Europako Komisioak ´Genero berdintasuna, estereotipoak eta emakumeak politikan´ izenburuko Eurobarometroak erakutsi zuen Europar Batasuneko hiritarren % 44k uste dutela emakumeen rolik garrantzitsuena dela etxea eta familia zaintzea; eta % 43k gizonena dela dirua irabaztea. Gehiengoa ez bada ere, oso ehuneko altuak dira. Gainera, 10 hiritarretik ia 7k uste dute emakumeek joera handiagoa dutela erabakiak emozioen arabera hartzeko, Eurobarometro horren emaitzen arabera. Emakumeak emozioekin eta gizonak arrazionaltasunarekin lotzen dituzten genero estereotipoak islatzen ditu azken datu honek. Oro har, datu hauek eta eskuragarri dauden beste hainbatek erakusten digute genero estereotipo ezberdinak bizirauten dutela gure gizarteetan.
Aspalditik, eta bereziki 60-70 hamarkadetako mugimendu feministen ostean, onartzen da genero estereotipoek eragin negatiboa dutela emakume eta gizonen berdintasunean eta emakumeek bizi ohi duten bereizkerian. Zuzenbidean, 1979ko Emakumeen Aurkako Diskriminazio mota guztiak ezabatzeko nazioarteko Hitzarmenak (CEDAW sigla ingelesekin ezaguna), genero estereotipoen eragina aitortu zuen.
Baina, nahiz eta genero estereotipoen eragin kaltegarriak duela denbora luzean ezagutu, Zuzenbidean ez dira gehiegi aztertu orain dela gutxi arte. Izan ere, zientzia juridikoan eta batez ere legegintzan, ahalegin handia egin da emakumeak zuzenean diskriminatzen zituzten arauak aldatzeko eta oinarrizko hainbat eskubide bermatzeko. Zentzu horretan, berdintasun formala, hau da, legearen aurrean berdinak izatea, oro har, Mendebaldeko gizarteetan lortu dela onartzen da. Hala ere, berdintasun juridikoak ez du lortu desberdintasun sozialak gainditzea eta horregatik, desberdintasuna sustatzen duten elementu sotilagoei erreparatzen hasi da Zuzenbidea. Genero estereotipoak emakume eta gizonei buruz barneratuta ditugun ideiak diren heinean, desberdintasunari eta bereizkeriari eragiten dieten elementu sotilak dira. Horregatik dira kaltegarriak.
Are kaltegarriagoak ebazpen judizialak genero estereotipoetan oinarritzen badira.
Ebazpen judizialak genero estereotipoetan oinarritzen badira, kaltea are handiagoa da, auzitegiek esaten dutena pisu handia du eta. Alde batetik, genero estereotipoak betikotzen dituzte eta bestetik, zilegitasun gehigarria ematen diete, epaileak autoritate handia duten jendarteko aktoreak baitira. Estereotipoek epaileek duten gertaeren pertzepzioa desitxuratu eta testigu eta biktimen sinesgarritasunean eragiten dute. Hots, epaileak ez die ekintzei eta kasuko probei erreparatzen baizik eta bere erabakia aurreiritzietan arrazoitzen du. Gainera, biktima ber-biktimizatzen dituzte.
Gure sistema judizialean, auzitegi gorenetako ebazpenek diotenari jarraitu behar diete beste auzitegi guztiek eta orduan, beraien ebazpenak genero estereotipoetan oinarritzen badira, efektu kaltegarria biderkatu egiten da.
Zure tesiaren emaitzetan ikusi duzu genero estereotipo gehienak sexu-erasoen eta genero indarkeriaren alorreko auzietan identifikatzen direla.
Gaiaren inguruko nazioarteko literatura juridikoaren analisiak erakusten du genero estereotipo asko sexu-eraso eta genero indarkeriaren inguruan dauden ebazpenetan agertzen direla. Esaterako, sexu-erasoa salatzen duten emakumeak gezurtitzat, interesatutzat, manipulatzailetzat eta abartzat hartu dituzten ebazpen ugari daude, eta antzeko gertatzen da genero indarkeria salatu duten emakumeen kasuan, ero edo ‘emakume zailen’ estereotipoak sarritan agertzen dira epaileen ebazpenetan.
Nire tesian, genero estereotipo kontzeptuari zuzenean erreferentzia egiten dieten ebazpen judizialei erreparatzen diet eta kasu horretan, jurisprudentziaren analisiak erakutsi du epaileek genero estereotipoak identifikatzen badituzte, normalean sexu-eraso eta genero indarkeriaren inguruko kasuetan ere izan dela.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hainbat ebazpen judizial aztertu ditut. Kasu gutxitan genero estereotipoei egiten diete erreferentzia EAEko epaileek, baina erreferentzia egiten dienen artean adibide positibo batzuk aurkitu ditut. Adibide horiek sexu-erasoen kasuetako ebazpen judizialak dira. Adibidez, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko, Zigor arloko salaren 2019ko maiatzaren 27ko ebazpenean, epaileak sexu-erasoa jaso duen emakumearen inguruko estereotipo batzuk deuseztatzen ditu bere arrazoiketan, sexu-eraso biktimek detaile handiz gertakariari buruz oroitu behar direla dioen ideia ukatzen du, besteak beste.
Horren errotuta dauden genero estereotipoekin hausteko, zer egiten da?
Hau galdera potoloa! Genero berdintasuna sustatzeko baliabide eta estrategia oro behar ditugu, aurrean dugun ataza oso konplexua da. Arlo guztietatik eta guztietan eragin beharko dugu berdintasuna lortzeko eta genero estereotipoekin hausteko, hezkuntzan, ekonomian, lan merkatuan, politikan, kulturan, kiroletan… eta abarretan.
Zuzenbidearen arloari dagokionez, apaltasun osoz, genero estereotipoekin hausteko nolabaiteko ekarpena egiten saiatzen ari naiz nire ikerketan. Adibidez, jurisprudentzia eta epaiketaren esparruari dagokionez, nire ikerketak erakusten du genero estereotipoei ikuspegi intersekzionalaren bitartez erreparatzea genero perspektibarekin epaitzeko tresna eta metodo baliagarria izan daitekeela. Epaileek egiten dituzten ebazpenen arrazoiketa juridikoetan genero estereotipoak detektatzea genero perspektibarekin epaitzeko tresna izan daiteke, alegia. Hori ahalbidetzeko genero estereotipoak deuseztatzeko betebehar juridikoa araudian garatzea ere garrantzitsua da eta horregatik alderdi horri ere, hau da, estereotipoen tratamendu normatiboari ere erreparatzen diot ikerketan.
Oraindik bide luzea dugu aurretik.
Tesiarekin ari zara... zein puntutan zaude?
Orain doktore programako 3. urtean hasi naiz. Nire tesiaren lehenengo urtean ez nuen tesia egiteko finantzaketarik lortu eta ekonomikoki momentu zailagoa izan zen. Beste proiektu batzuetan lan egin behar izan nuen, baita ikerketatik kanpoko beste lan batzuetan ibili behar ere. Baina gero, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa lortu nuen eta geroztik nire ikerketan zentratu naiteke erabat, pozik nago. Aurten tesia idazten ari naiz eta 2022an defendatzeko plana daukat. Zorionez, nire zuzendariaren sostengua daukat eta hori izugarri baloratzen dut. Izan ere, tesia egiteko prozesua zaila izan daiteke batzuetan, baina zuzendariaren gida eta babesa izateak asko laguntzen du. Fakultateko beste doktoregaien eta lankideen babesa ere sentitzen dut eta esker oneko naiz.
Txiotesian parte hartu zenuen, zer nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia polita izan zen. Egia esan, nik ez ditut sare sozialak gehiegi erabiltzen. Twitter-en gutxitan nabil, nahiz eta kontua aspalditik dudan. Baina Txiotesia proiektua interesgarria iruditu zitzaidan, gure ikerketak euskaraz zabaltzeko aukera ematen du eta.