Dokumentuaren akzioak
Aitziber Elejalde: "Neologismoak hizkuntzan egunero sortzen diren hitz berriak dira, batzuk espontaneoki sortzen dira eta beste batzuk planifikatuta"
Aitziber Elejalde (Amurrio, 1986) Itzulpengintza eta Interpretazioan (UPV/EHU) lizentziatua da eta master bat du Itzulpen Zientifiko-Teknikoaren arloan (UPF). 2010. urtetik aurrera itzultzaile autonomo gisa lan egin du. Orain dela 5 urte ikerketaren munduan murgildu zen eta tesia prestatzen hasi zen. Joan den urtetik geroztik TRALIMA/ITZULIK ikerketa-taldean sartu zen (UPV/EHU).
Itzulpengintzako ikasketak egin zenituen eta ikerketaren munduan ari zara orain.
Beti gustuko izan ditut hizkuntzak (bereziki ingelesa) eta erraztasunez ikasten ditut. Banekien hizkuntzekin lan egin nahi nuela, baina ez nekien zertan. Batzuk Turismoa ikastea gomendatu zidaten, beste batzuk Ingeles Filologia, baina Itzulpengintza eta Interpretazio lizentziatura Gasteizen zegoela ikusita, informazio biltzen hasi nintzen eta azkenean ondo aukeratu nuen. Itzulpena nire pasioa bihurtu zen eta urte batzuk autonomo gisa lan egin eta gero, ikerketaren mundua erakartzen hasi zitzaidan. Itzulpengintzaren arloa oso zabala da eta aspektu asko daude analizatzeko.
Neologismoak ikertzen ari zara tesian. Zer dira?
Laburtuz, neologismoak hizkuntzan sortzen diren hitz berriak dira. Hizkuntzak izaki bizidunak dira eta berez aldatzen dira. Egunero sortzen dira hitz berriak, batzuk espontaneoki, naturaltasunez, sortzen dira, eta beste batzuk planifikatuta daude, eleberrien eta filmen kasuan, alegia. Nik hauek aztertzen ditut, idazleek sortzen dituzten neologismoak.
Zientzia fikzioaren alorrean sortzen direnak ari zara aztertzen. Zergatik?
Zientzia fikziozko generoan istorioak mundu ezberdin batean girotuta daude. Hori dela eta, mundu horien bitxikeriak nabarmentzeko hitz berriak sortzen dira. Mundua gurearekin konparatuta zenbat eta ezberdinagoa izan, orduan eta neologismo gehiago. Esan dezakegu oso genero ugalkorra dela neologismoetan eta irakurleek ere hori da espero dutena. Testuingurua ezin hobea da planifikatutako neologismoak nola sortzen eta itzultzen diren aztertzeko.
Eta zehazki Altered Carbon-en kasua. Zergatik?
Altered Carbon-en kasua oso berezia da gaztelaniaz bi itzulpen literario daudelako. Berritzulpenak oso ohikoak dira, baina ez hainbeste zientzia fikzioaren generoan eta are gutxiago bi edizioen artean oso urte gutxi pasata (11 urte). Gainera, neologismoen kasuan, erabilitako itzulpen-teknikak oso ezberdinak izan dira bi itzulpenetan eta hori deigarri egin zitzaidan. Horregatik aukeratu nuen eleberri hori nire ikerketarako. Bestalde, 2018an Netflix-ek eleberri horretan oinarritutako telesaila egin zuen eta nire ikerketa ikus-entzunezkoaren arlora ere zabaldu da.
Aurkitu dituzun neologismoen corpus bat sortu duzu. Espero baino gehiago izan dira?
TRALIMA/ITZULIK ikerketa taldean sortutako softwarea erabili dut corpusa biltzeko, TAligner deitzen da. Corpusak eleberriaren jatorrizko testua eta gaztelaniazko bi itzulpenak biltzen ditu. Gainera, telesailaren jatorrizko hizketak eta azpitituluak, eta bikoizketa eta gaztelaniazko azpitituluak biltzen ditu. Eleberrian espero nuena baino gehiago daude, baina telesailean liburuan agertzen direnen erdia baino gutxiago daude (moldaketetan normala denez, ezin da dena pasa). Neologismo batzuk istorioan pisu handia dute (eta asko errepikatzen dira) baina kasu askotan behin bakarrik agertzen dira eta hori ere kuriosoa iruditzen zait.
Itzulitako neologismoen ulermen maila frogatzeko esperimentua ere egin duzu.
Oraindik ez dut egin, diseinua prestatzen ari naiz. Hainbeste adibide izanda oso ondo aukeratu behar dut zeintzuk erakutsiko dizkiedan esperimentuan parte hartuko duten pertsonei.
Ulermen maila honetan irudiek duten eragina ere ikertu duzu.
Hori nire ikerketaren hipotesi bat da. Hau da, eleberrian irakurritako neologismoak ulertzeak idazlearen azalpen eta deskribapenen menpe daude. Baina irudi bat badugu, errazagoa al da neologismoa ulertzea?
Euskaraz ere neologismoak sortzen dira?
Noski baietz! Esan dudan bezala, hizkuntza guztietan eta egunero sortzen dira neologismoak. Alde batetik espontaneoki sorten diren neologismoak daude, hauek oso ugariak dira gazteen hizketan (batez ere ingeles eta gaztelaniaren eragina dela eta). Bestaldetik komunikabideek gizartearen eta teknologiaren aurrerapenekin erlazionatutako hitz berrien hedapenean eragin handia dute eta erakundeekin batera lan egin beharko dute hitz berri guztiak ingelesaren maileguak ez izateko. Euskarara itzulitako eleberri askotan ere neologismoak daude, agian kasu ospetsuena Harry Potterrena da.
Zein erronka dituzu eskuartean?
Oraingoz, nire helburua esperimentua egitea eta erantzunak aztertzea da nire hipotesiak egiaztatu edo errefusatzeko. Irrikan nago! Eta gero tesia bukatu eta defendatu.
Txiotesian parte hartu zenuen, zer nolako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia positiboa izan zen, batez ere beste doktoregaien ikerketak ezagutzeko aukera izan nuelako eta haien originaltasunaz harrituta geratu nintzen. Tesiak milaka hitz dituzte eta guzti hori 6 mezutan bakarrik kapsulatzea erronka handia da. Gainera, euskaraz egiteak gure hizkuntzan ere ikertzen dela erakutsi zuen. Gure lana gizarteratu behar dugu eta txiotesia aukera paregabea da.