Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Aitor Cevidanes Miranda: "Gizakien jarduerek basanimalien osasunean eta gaixotasunen ekologian inpaktu handia izan dezakete"

Dokumentuaren akzioak

Aitor Cevidanes Miranda: "Gizakien jarduerek basanimalien osasunean eta gaixotasunen ekologian inpaktu handia izan dezakete"

2021/02/17 - Unibertsitatea.net

Aitor Cevidanes Miranda (Donostia, 1989) albaitaritzan lizentziatu zen 2012an Zaragozako Unibertsitatean. “Ekologia lehortarra eta Bioaniztasunaren kudeaketa” masterra egin zuen 2014ean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta bertan, paisaiaren urbanizatzeak mikrougaztunen ektoparasitoetan zuen efektua ikertu nuen.

Doktoregotza ikasketak Txilera eraman zuen. Bertan populazioen osasuna eta kontserbazio biologikoa ardatz dituen “Kontserbazioaren Medikuntza” doktoregotza programan burutu zuen tesia, Txileko Andres Bello Unibertsitatean. “Kapar, arkakuso eta bektore bidez kutsatutako patogenoen transmisioa Andeetako azeri eta txakurren artean Txileko paisaia antropikoan” tesia defendatu zuen 2019 bukaeran. Orain NEIKERen lan egiten du doktoradu ondoko ikerlari bezala.

Albaitaria zara eta ikerketak Txilera eraman zintuen.

Txikitatik gustatu izan zaizkit animaliak, batez ere animalia basatiak. Nire gurasoek, naturarekiko eta basanimaliekiko duten interesa eta errespetua transmititu zidaten. Albaitaritza ikasketetan zehar argi neukan basanimaliekin lan egin nahi nuela, baina azken urtean konturatu nintzen interesatzen zitzaidan ikuspegia basanimalien populazioen osasunarena zela. Guatemalako estazio biologiko batean, ikerlari laguntzaile boluntariotza egiten ari nintzela, berretsi nuen nire ikerketarako interesa. Gaixotasunek animalia basatien populazioetan zuten inpaktua ikertu nahi nuen.

Andeen magaleko txakurren eta azerien parasitoak ikertu dituzu. Zergatik?

Azken urtean argi geratu da animalien (gizakiak barne) eta ingurunearen osasuna lotuta daudela. “Osasun bakarra”-ren kontzeptuan gizakioi eragiten diguten gaixotasunak ikertu izan ohi dira batez ere, baina gizakiek eragindako jarduerek basanimalien osasunean eta gaixotasunen ekologian inpaktu handia izan dezakete.

Giza populazioa handitzen doan heinean etxe-abereak ere geroz eta ugariagoak dira eta hauen distribuzioa munduko leku gehienetara zabaldu da. Ez da ahaztu behar ekosistema gehienetan libreki mugitzen diren etxe-abereak espezie aloktonoak direla (ez dira bertakoak). Kontuan izanda parasito gehienak ostalari espezie desberdinak infektatzeko gai direla, basanimalia eta etxe-abereen arteko transmisioa gerta daiteke. Txile erdialdeko landa eremuak oso antropizatuak daude eta txakur asko libreki mugitzen dira azerien habitatean.

Landa txakurrek eta azeriek parasitoak partekatzen zituzten jakin nahi zenuten.

Txileko landa eremuetan libreki mugitzen diren txakurrak oso ugariak dira eta basanimalientzako arrisku bilakatu dira, besteak beste gaixotasunen kutsatzea dela eta. Txakur horien artean asko, mandazainen txakurrak izaten dira eta osasun-kontrolak ezohikoak dira. Honek azeriekiko arrisku epidemiologikoa sor dezake. Gainera, bektore bidez kutsatzen diren gaixotasunak, hala-nola kaparra edo arkakuso bidez, errazago kutsa daitezke, basanimalia eta etxe-abereen arteko kontaktu zuzenik behar ez dutelako.

Bizkarroi hauen transmisioak azeriaren biziraupenean eragin lezake?

Akain eta arkakusoek zuzenean bakarka egin dezaketen kaltea ez da handia. Baina hauen infestazio intentsitatea oso handia bada, ostalariari kalte zuzena eragin diezaiokete odolez elikatzen direlako. Gainera, larruazala kaltetu dezakete pruritoa, eritema edo erreakzio alergikoa sortuz. Hain zuzen ere, odolez elikatzeko duten portaera dela eta, patogeno batzuk irentsi, barruan erreplikatu eta ondorengo ostalariari transmititzeko gai dira ektoparasito hauek. Bestalde, basanimalia populazioak patogeno batzuekin kontaturik eduki izan ez badute, posible da populazio hori inmunologikoki prest ez egotea. Hau izan daiteke Andeetako azeri eta gizakiek txakurren bitartez sartu dituzten bektore bidez kutsatutako patogenoen kasua.

79 azeri eta 111 txakur ikertu dituzue ikerketan.

Denera Txile osotik zehar, gutxi gora-behera 300 bat azeriren eta 900 bat txakurren laginak bildu ditugu. Haragijale basatiekin edo edozein basanimaliarekin ikerketa sendoak burutzeko, kolaborazioa ezinbestekoa da. Albaitari, mikrobiologo, biologo eta teknikariek osatzen genuen lantaldea eta beste unibertsitate eta erakundeekin kolaborazioan egiten genuen lan.

Nire tesirako 79 azeri eta 111 txakur miatu nituen arkakuso eta kaparren bila. Ordu asko pasa nituen Andeetako magalean azeri bila. Azeriak tranpa bidez harrapatzen genituen eta anestesia bidez lokartu. Animaliak goitik behera miatzen nituen parasito bila, baina horretaz gain odola, gorotza eta bestelako laginak ere biltzen genituen. Laginak bildu eta anestesiatik errekuperatzean tokian bertan askatzen ziren azeriak. Lagin eta parasito guztiak laborategira eraman eta bertan analizatzen genituen.

Zer erakutsi dute emaitzek?

Bizkarroi espezie nagusiak desberdinak izan arren, landa txakurrek eta azeriek akain eta arkakusoak partekatzen dituztela esan dezakegu. Laborategian kaparrak eta arkakusoak morfologikoki identifikatu nituen mikroskopio eta lupa azpian zein espezie ziren ikusteko. Parasitazio intentsitateak eta prebalentziak konparatzeaz gain analisi genetikoak ere burutu genituen. Kaparra eta arkakuso batzuen ADNa sekuentziatu genuen genotipo desberdinak identifikatzeko. Parasito espezieak partekatzeaz gain, maizen detektatutako espezie hauen genotipo batzuk ere partekatzen zituzten, berezko genotipo batzuk eduki arren.

Horregatik esan dezakegu, partekatutako parasitoak mugatuak direla, baina egon badirela.

Azeriaren biziraupenari begira datu onak dira, beraz?

Bi ostalari hauen artean, arkakuso eta akainen transmisioa ematen da, baina uste baino mugatuagoa da. Mugatua izan arren, partekatze honek kezka pixka bat sortarazten digu. Batez ere, lehen esan dudan bezala, ektoparasito hauek gaixotasunak transmititzeko gai direlako. Bektore bidez kutsatutako patogenoak ere ikertu genituen txakur eta azerietan. Horien artean, adibidez, txakurretan ohikoa den eta txakurren akainen bidez kutsatzen den Anaplasma platys bakterioa aurkitu dugu azerietan. Oraindik ikertzeko dago aurkitu ditugun patogenoek azeriak gaixotzeko duten gaitasuna, baina horrelako patogenoak birusekin ko-infekzioan egonda (txakur-mukieria sortzen duen birusarekin adibidez) heriotza-tasa handiak eragin ditzakete haragijale basatien populazioetan.

Txileko abentura bukatu duzu? Zeintzuk dira eskuartean epe laburrean dituzun erronkak?

Txiletik 2020an bueltatu nintzen Euskal Herrira, pandemia hasia zela. Espainiako gobernuko doktoradu ondoko beka bat irabazi nuen NEIKERen bi urteko ikerketa kontratu bat aurrera eramateko. NEIKER, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea da eta BRTAn (Basque Research and Technology Alliance) sartu zen 2019an. Nire doktoradu ondoko ikerketak NEIKER-eko Animalia Osasun sailean burutuko ditut. Animalia Osasun sailaren ikerketa ardatz nagusiak zaintza epidemiologikoa, diagnostikorako teknika berrien garapena eta abereei zein baso espezieei eragiten dieten gaixotasunen kontrola da, gizakiarekin partekatzen dituzten gaixotasunak barne. Nire ikerketen ardatza “Bektoreak, bektore bidez kutsatutako gaixotasunak eta aldaketa globala” da orain.

Txiotesian parte hartu duzu. Zer nolako esperientzia izan da?

Erronka bat izan da dudarik gabe. Nire kasuan, ikerketei buruz idazteko denbora gehien ingelesezko artikulu luzeetan oinarritzen da. Horregatik, 4 urtetako lana 6 txiotan laburtzea oso erronka estimulatzailea izan da niretzako. Ikerlari guztiek egin beharko luketen ariketa bat da. Gure ikerketa lanak euskaraz zabaltzeko nahia areagotu zait. Esfortzu gehiago eskaini nahi diot horri.

 

txiotesia,elkarrizketa