Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ainize Odriozola: "Espermatozoideetan akats kromosomikoak dituzten gizonezkoentzako lehen baliabide terapeutikoa sortu nahi dugu"

Dokumentuaren akzioak

Ainize Odriozola: "Espermatozoideetan akats kromosomikoak dituzten gizonezkoentzako lehen baliabide terapeutikoa sortu nahi dugu"

2021/06/23 - Unibertsitatea.net

Ainize Odriozola LarraƱaga (Azpeitia, 1996) biomedikuntzan graduatua da. Ugalketaren Biologian egin zuen masterra Bartzelonan eta doktorego tesia egiten ari da egun UPV/EHUko Giza Ugalketa Taldean.

Biomedikuntzako ikasketak egin zenituen eta ikerketaren mundurako saltoa eman zenuen gero.

Txikitatik interes handia piztu izan dit osasungintzaren munduak. Medikuntza, Biologia, Farmazia edo Erizaintza bezalako graduak etortzen zaizkigu lehenik burura, baina Biomedikuntzako gradua aurkeztu zigutenean horixe ikasi nahi nuela erabaki nuen. Ikasketa hauen helburu nagusia gaixotasun ezberdinen jatorria ezagutu eta hauentzako tratamendu berriak sortzeko baliabideak eskaintzea da. Nahiz eta irtenbide profesional gehiago badiren, gehienbat ikerketara zuzenduta dago gradua, eta nire kasuan hortik jotzea erabaki nuen. Hainbat laborategitan praktikaldiak egin ondoren Ugalketaren Biologian masterra egin nuen Bartzelonan, eta master amaierako lana egiten ari nintzen bitartean EHU/UPV ko Giza Ugalketa taldea ezagutu nuen. Hauekin kontaktuan jarri nintzen eta Doktoretza egiteko aukera sortu zitzaidan, beraz bi aldiz pentsatu gabe aurrera jo nuen!

Antzutasun arazoak dituzten gizonezkoentzako "baliabide terapeutikoa" erreminta sortzea du helburu zure ikerketak.

Gero eta gehiago dira antzutasun arazoak dituzten bikoteak. Munduko Osasun Erakundearen arabera, azken 10 urteetan antzutasun kasuak esponentzialki areagotu dira herrialde garatuetan, eta gaur egun 186 milioi pertsonari eragiten die. Emakumeen antzutasunaren zergatia aztertzeko hainbat tresna badira ere, gizonezkoen kasuan oso gutxi dira erabili daitezkeen baliabideak.

Lagundutako Ugalketa Tekniken garapena antzutasunaren tratamendurako aurrerapen handienetako bat izan da, ugalkortasun-arrakastarako aukerak areagotuz. Hala ere, transferitutako enbrioien % 30 soilik iristen da haurdunaldi osasuntsu batera. Izan ere, bikote askok ez dute lortzen Lagundutako Ugalketan arrakastarik izatea ohiko diagnostikotik ihes egiten duten akats espermatikoekin lotu daitezkeen arrazoiengatik. Egungo diagnostiko espermatikoan ez dira akats kromosomikoak aztertzen, eta hauek gizonezkoen antzutasun kasuen % 6-27a izatera iritsi daitezke. Honen harira, gure ikerketaren helburu nagusia antzutasun mota hau jasaten duten gizonezkoentzako lehen baliabide terapeutikoa sortzea da.

Kromosometan alterazioak dituzten espermatozoideak detektatu nahi dituzue. Horretarako osasuntsuak diren eta alterazioak dituzten espermatozoideen proteinak alderatuko dituzue.

Bai. Horretarako hozi zeluletan alterazio kromosomikoak dituzten eta osasuntsu dauden gizonen semen laginak jasotzen ditugu Gurutzetako eta Galdakaoko ospitaleetatik, eta espermatozoideen buruan dauden proteinak aztertzen ditugu. Bi taldeen artean dauden desberdintasunak bilatzen ditugu eta alteraziodun espermatozoideetan soilik dagoen proteina bat edo batzuk identifikatzea da gure helburua.

Alterazioak dituzten espermatozoideak laginetik baztertzeko modua lortu behar da gero.

Hori da. Gaur egun, espermatozoide helduetan dauden ezaugarri morfologiko eta molekularretan oinarritzen diren hainbat hautaketa metodologia daude, baina hautaketako teknika bakar batek ere ez du frogatu akats kromosomikoen tratamenduari dagokionez eraginkorra denik.

Gure kasuan, enpresa bioteknologiko batzuekin elkarlanean, gailu mediku bat sortzen ari gara akastun espermatozoideak laginetik baztertzeko. Gailu honen xedea espermatozoideetan akats kromosomikoak dituzten gizonezkoentzako lehen baliabide terapeutikoa eskaintzea da, eta gainera, Lagundutako Ugalketa Tekniken arrakasta tasak igoko genituzke.

Nolako emaitzak izaten ari zarete?

Momentu honetan akats kromosomikoak dituzten espermatozoideen buruko mintzean dagoen proteina espezifiko bat identifikatzea lortu dugu. Hurrengo pausoa gailu medikua sortzea da, eta horretan gabiltza buru belarri.

Emaitzak esperotakoak badira, noizko egon daiteke erreminta erabilgarri?

Guztia espero bezala joanez gero, gailua 2023rarko merkatuan egotea izango litzateke gure asmoa. Hala ere, badakigu zientzian epeez hitz egitea arriskutsua dela, eta gogor lan egin beharko dugula epe hori betetzeko.

Epe laburrean, zein erronka dituzu eskuartean?

Lehen esan bezala, orain dugun erronka nagusia gailu medikuaren diseinua eta erabilgarritasuna dira. Lagundutako Ugalketa Klinikak beren egunerokotasunean erabil dezaketen gailu batek erraz erabiltzeko modukoa izan behar du, sinplea eta eraginkorra. Gainera, giza laginekin erabiliko denez hainbat araudi eta etika komite pasatu beharko ditu merkatura irten ahal izateko. Beraz, nire kasuan zientzia basikoa egitetik enpresa mundua ulertzera iristea ere bada epe laburreko erronka galanta!

Txiotesian parte hartu zenuen, zer nolako esperientzia izan zen?

Txiotesian parte hartzea erabaki nuenean, gure proiektua ahalik eta modu sinpleenean eta dibertigarrian azaltzea izan zen nire helburua. Lagunei edo familiari espermatozoideekin lan egiten dudala esandakoan asko dira barre txikia egiten dutenak, eta askok galdetzen didate nolakoak diren. Zapaburu txikiak bezalakoak direla esan izan diet behin baino gehiagotan, eta hortik sortu zen nire txiotesirako ideia. Espermatozoideak zapaburuak alderatuz akastunak arrantzatzeko tresna bat sortu behar genuela azaldu nuen, eta egia esan dibertigarria izan zen proiektu handi bat umeei azalduko bagenio bezala azaltzea.

txiotesia,elkarrizketa