Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ainhoa Gonzalez: "Tesian, zelula amak kapsularatzen dituzten 3Dtako hidrogelak garatu ditugu"

Dokumentuaren akzioak

Ainhoa Gonzalez: "Tesian, zelula amak kapsularatzen dituzten 3Dtako hidrogelak garatu ditugu"

2020/12/01 - Unibertsitatea.net
2019an aurkeztu zuen tesia eta UPV/EHUko NanoBioCel ikerketa tadean ari da ikertzaile lanetan.

Ainhoa González Pujana (Gasteiz, 1991) Farmazian lizentziatu zen UPV/EHUn 2014an. Jarraian, Farmakologia eta Medikamenduen Garapena Masterra ikasi zuen eta ikerkuntzan hasi zen UPV/EHUko NanoBioCel taldean, CIBER-BBN-ek eskaini zion ikerketa-iniziazio beka bati esker. 2016an, Eusko Jaurlaritzaren (EJ) beka jasota, tesia hasi zuen zelula amen efektu terapeutikoa bultzatzen duten matrizeen diseinuaren inguruan. 2018an, Egonlabur beka batekin (EJ) Harvard Unibertsitatean egin zuen 6 hilabeteko doktoretza aurreko egonaldia. 2019an tesia defendatu zuen eta harrez gero NanoBioCel taldean ari da ikertzaile doktore bezala lanean.

Lehenik eta behin, zorionak! #txiotesia5 lehiaketako Txiolari ulergarriena izan zara.

Mila esker! Oso pozik nago hain ekimen politean txiolari ulergarriena izateaz. Ikertzaile askok partekatu zituzten beraien lanak, zein baino zein interesgarriagoa, eta maila hain altua izanda ez nuen espero irabaztea. Lehiaketa hau erronka handia izan da, 4 urtetako lana 6 txiotan laburbiltzea ez da batere erraza izan!

Lehendabizi askoz luzeagoa zen zirriborroa idatzi nuen eta pixkanaka-pixkanaka ideia garrantzitsuenekin geratu nintzen. Txioak prest zeudenean, mezua ulergarriagoa egiten zuten irudiak eta bideo bat prestatu nituen.

Farmazia ikasketak egin eta ikerketaren munduan murgildu zinen. Nola suertatu zen ikerketaren mundurako saltoa?

Betidanik interesatu zait ikerkuntzaren mundua eta horregatik farmazia ikastea erabaki nuen. Lizentziaturaren azken urtean, Eusko Jaurlaritzako lankidetza beka bati esker, EHUko NanoBioCel taldean izan nuen nire lehenengo kontaktua ikerketarekin, Teknologia Farmazeutikoa sailean. Han egiten zuten lana hainbeste gustatu zitzaidanez, masterra (Farmakologia; Medikamenduen Garapena, Balioespena eta Erabilera Arrazionala Masterra) eta tesia egitea erabaki nuen.

Zelula amen funtzio terapeutikoa hobetzeko modua bilatzen aritu zara tesian. Lehenik eta behin, zer dira zelula amak?

Zelula amak organismo multizelular guztietan aurkitzen diren diferentziatu gabeko zelulak dira. Zelula hauek ikertzearen motibazio nagusia haien ezaugarri terapeutikoak dira. Haien artean nabarmena da beste zelula motetan desberdintzatzeko gaitasuna aurkezten dutela. Ondorioz, alternatiba interesgarria dira ehunen sendaketan eta birsorkuntzan. Berez, 2015. urtera arte ikerketa gehienak arazo muskuloskeletikoen tratamendurako bideratu ziren, batez ere hezur eta kartilagoaren birsorkuntzara zuzenduta.

Ehunak birsortzeko ahalmenaz gain, ezaugarri immunomodulatzaileak ere badituzte. Zehazki, zelula amek ekoizten eta askatzen dituzten faktore terapeutiko anitzen bidez, zelula immune ugarien oinarrizko funtzioak erregulatu ditzakete, haien artean, makrofagoak, T, B eta zelula hiltzaile natural linfozitoak edota zelula dendritikoak daude. Horrela, potentzial handia erakusten dute gaixotasun immuneak tratatzeko, hala nola, ostalariaren aurkako mentu-gaixotasuna, hesteetako hanturazko gaixotasuna edo esklerosi anizkoitza.

Zelula amek tratamenduetan administratzeko moduak baina bere garrantzia dauka.

Zelula amen administrazio protokoloak influentzia zuzena dauka terapiaren eraginkortasunean. Gaur egun egiten ari diren entsegu prekliniko eta klinikoetan administraziorik erabiliena zain barneko zelula ama biluziena da. Baina honek limitazio handiak ditu. Alde batetik, administrazio sistemikoaren ondoren, zelulen erretentzioa organismoan eskasa da. Horrekin lotuta, ikerketa ugarik frogatu dute zelula gehienen bideragarritasuna goiz galtzen dela administrazioaren ostean. Horrez gain, baliteke administrazio kokalekuan mikroingurunea egokia ez izatea zelulak faktore immunomodulatzaileak askatzeko, haien ekintza terapeutikoa murrizten duena.

Zuek, hidrogel bat garatu duzue. Non eta nola aplikatu daiteke?

Nire tesian, zelula amak kapsularatzen dituzten 3Dtako hidrogelak garatu ditugu. Gure sistemek zelula amak ostalariaren sistema immunetik babesten dituzte eta haien erretentzioa bermatzen dute. Gainera, zelulen mikroingurune naturala imitatzen dutenez, bideragarritasuna eta eragin immunomodulatzailea sustatzen dituzte. Hidrogel hauek kokapen desberdinetan administratu ahal dira, esaterako intraperitonealki edo larruazalpean. Horrela, administrazio bakar batekin, zelula amak gorputzean geratzen dira faktore terapeutikoak epe luzez askatuz.

Gaixotasun immuneen tratamendurako aurrerapausoa da zuena?

Gure ikerketek horrelako hidrogelak zelula amak administratzeko plataforma interesgarria direla frogatu dute, baina gurea ikerkuntza basikoa da bakarrik. Oraindik pausu asko eman behar dira horrelako sistemak klinikara hurbiltzeko.

NanoBioCel ikerketa taldean egin zenuen doktorego tesia eta bertan jarraitzen duzu gaur egun ere. Ikerlerro berdinarekin jarraitzen duzu edo beste lan lerro batzuk dituzu orain eskuartean?

Momentuz, nire lana ikerlerro honetan zentratuta dago. Sistema optimizatuta dugula, orain ikerketa preklinikoetan murgildu gara eta hidrogelak hesteetako hanturazko gaixotasuna duten saguetan frogatzen ari gara.

Zein erronka dituzu epe laburrerako?

Hurrengo hilabeteetan eskatu dudan doktoratu ondoko laguntza eskuratzea da erronka, ikerkuntzaren ibilbide hain polit honetan jarraitu ahal izateko.

 

txiotesia,elkarrizketa