Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ainhoa Azurmendi: "Kirol arloan gertatzen dena gizartearen isla da, baina kirol arloan erresistentzia handiegiak daude aldaketarako"

Dokumentuaren akzioak

Ainhoa Azurmendi: "Kirol arloan gertatzen dena gizartearen isla da, baina kirol arloan erresistentzia handiegiak daude aldaketarako"

2020/10/01 - Unibertsitatea.net

Ainhoa Azurmendi Echegaray (Hernani, 1978) psikologian doktorea da. Kirolaren munduari loturik egon da txikitatik, zortzi urte egin zituen Judoan eta ondoren hogei urte eman ditu eskubaloi jokalari. UPV/EHUko irakaslea da Psikologia Fakultatean eta kirol aholkularia Avento enpresan.

 

Emakumeek entrenatzaile edo epaile izateko dituzten oztopo psikosozialak ikertu zenituen tesian.

Esango nuke nire kirol ibilbideak erabat markatu nauela bizitzan, zentzu zabalean; bai nortasunean, baita besteen eta taldeko ongizatea bilatzeko nahian, eta baita arlo honetan emakumeek dituzten oztopoez konturatzeko. Hortik aurrera, ikasketetan, aukera nuen guztietan kirola eta psikologia uztartzen nituen. 2003 urtean, EHUko emakume eta gizonen berdintasunaren gaineko masterreko amaierako ikerlana arlo honetan egin nuen; lan hori nazioarteko kirola eta genero arloko ikertzaileen bilkura batean aurkeztu eta adituekin eztabaidatzeko aukera izan nuen, eta hortik aurrera arlo honetan ikertzeko grina handia sentitu nuen.

Hala, kirol aholkularitzan genero ikuspegia praktikan jartzeko aukera izan nuen, paraleloki unibertsitatean gai honen inguruko ikerketa ezberdinak eginez, besteak beste, 2016an aurkeztu nuen doktoretza tesia. Azkenean tesia prozesu baten ondorio zen, izan ere, lehenago neskek kirola uzteko arrazoien inguruan ikertu nuen; kirolean erabaki-hartze postuetan zeuden emakumeen oztopoei buruz ondoren; eta konturatu nintzen emakume eta entrenatzaileen egoerari buruz gehiago jakin nahi nuela, eta oso ikerketa gutxi zeudela arlo honetan.

Zenbat emakume elkarrizketatu zenituen?

Tesiak bi parte ditu: ikerketa kualitatibo bat, non Gipuzkoako kirol ezberdinetan (arrauna, atletismoa, eskubaloia, futbola, gimnasia, igeriketa, pilota, saskibaloia, surfa, txirrindularitza, etab.) entrenatzaile edo epaile ziren 33 emakume elkarrizketatu genituen; eta beste parte kuantitatibo bat, non lehen ikerketaren emaitzetatik abiatuta Espainia eta Kanadako bostehun bat emakume eta gizon entrenatzaile eta epaileen egoera aztertzen den.

Zer nolako oztopoak izaten dituzte batik bat?

Hiru motatako oztopoak ezberdintzen dira: soziokulturalak, kirol erakundeen kudeaketa estilo edo modutik sortzen direnak, eta pertsonalak.

Soziokulturalak, gizarteko diskriminazio egoera orokorretik datoz. Hots, rol sozialen banaketa sexualetik, eta ustez emakumeentzat egokiak ez diren arloetan parte hartzeak dakartzan erresistentzietatik, esaterako, emakume epaileek jasan behar dituzten biraoak edo etxera harrikoa egitera bidaltzen dituztenean.

Kirol erakundeetako oztopoak emakume entrenatzaile edo epaileak gizonak baino gutxiago baloratzean datza, eta hori baliabide ekonomiko eta materialen banaketan pairatzen dituzten diskriminazio egoeretan antzematen da, adibidez, emakumeen partaidetza oinarrizko kategorietara mugatzea edo emakume epaileak emakume kirolariak epaitzeko esleitzea soilik, non diru-sarrera gutxiago jasotzen duten (maila berean berdina kobratu beharko lukete, lehiaketa gizonezkoena edo emakumezkoena den axola gabe).

Azkenik, oztopo pertsonalak, aurreko beste bi eremuetako oztopoak barneratzean aurkitzen ditugu; emakumeek haietaz espero dena sinetsi eta gizarteak eskatzen duen moduan pentsatu eta jokatzea litzateke, eta norbere buruan konfiantza gutxi azaltzen dute askotan. Oso adibide garbia da formakuntza maila handiagoa duten emakumeek kirol mailaz igotzeko oraindik esperientzia eta ezagutza gehiago behar dutela esatea, eta gizonek, aldiz, formakuntza maila baxuagoarekin saltoa emango luketela erantzuten dutenean.

Hala ere, aipatu hiru esparru horietan aurkitu dira baita ere emakumeen partaidetza ahalbidetzen duten mekanismo laguntzaileak, batik bat, eginkizun horietan jendea behar izatea, babesa ematen duten inguruko senide, lagun edo lankideak edukitzea, nortasun indartsua edukitzea, edota tradizioz emakumezkoen kiroltzat hartu direnetan aritzea.

Diskriminazioa, bakardadea, gaitasunak zalantzan jartzea... "gizonen" kiroltzat katalogatutakoetan ematen da batik bat.

Tradizioz gizonezkoen eremutzat hartu diren kirolak batik bat ausardia, indarra, erresistentzia, eta arerioa amiltzea oinarri duten kirolak, eta kulturalki gizartean prestigio edota jarraitzaile asko dituztenak lirateke. Gure ingurune hurbilean arrauna, futbola, esku pilota, txirrindularitza, etab. lirateke.

Egitura arazo bat da.

Zalantzarik gabe. Kirol arloan gertatzen dena gizartearen isla da, baina kirol arloan erresistentzia handiegiak daude aldaketarako, eta horren arrazoietako bat da tradizioz esparru itxia eta iragazgaitza dela, anakronikoa, azken 30 urteetan aldaketa gutxi izan dituena. Diskriminazio egoerak errotik erauzi behar direla esaten dugunean, sakoneko aldaketak egin behar direla esaten ari gara. Honek esan nahi du sinismenak, baloreak, jarrerak eta jokabideak aldatu behar direla, eta horrek guztiak kirol erakundeen filosofian eragin beharko lukeela. Azken 10 urteetan gauzak zerbait aldatzen hasi direla esan dezakegu, baina halako injustiziaren aurrean ez nauzue ni gauzak poliki-poliki aldatzen doazela esan eta konformismoa azaltzen aurkituko.

Oztopoz beteriko bide horretan garrantzi handiko postuetara iristea ez da erraza emakume batentzat.

Tira, oztopoak handiagoak dira arestian aipatutako prestigio soziala duten edo ekonomikoki indartsuak diren erakundeetan.

"Old Boys Network"... azalduiguzu zer den.

Old Boys Network nazioarteko ikerketetan aski ezaguna den fenomeno bat da, alegia, gizonek, haien arteko sare informalez baliatuz, sistema itxi bat elikatzeko eta luzaroan bizirauteko erabiltzen duten mekanismoa. Ondorioz, soilik ezaugarri eta pentsamendu zehatzak dituzten pertsonek dute sistemara sartzeko aukera. Adibide bat litzateke, epaile batek mailaz igotzeko bete behar dituen eskakizunen irizpideak objektiboak, argiak eta publikoak izatea; edo zuzendari teknikoa izendatzeko prozesua gardena eta publikoa izatea. Sistema horretan sartzea lortzen duten emakume askok bakardadea sentitzen dute ez direlako kudeaketa estilo horrekin identifikatzen, edo haien ikuspegia ez delako kontuan hartzen. Alabaina, badaude sistema errepikatzen duten emakumeak. Horregatik, oso garrantzitsua da erabaki-hartze postuetan emakumeak ere egotea, itxura iragazkorragoa ematen duelako eta beste emakumeentzako eredu direlako, baina hori bezain garrantzitsua da berdintasuna sustatzeko beharraz kontzientzia duten pertsonak egotea.

Zeintzuk dira egoera honekin bukatzeko eman beharreko pausoak.

Lehenik eta behin erakunde publikoek legedia betearazi behar dute eta diskriminazio egoerak agertzen dituzten erakundeei diru-laguntzarik ez eman eta publikoki salatu. Bestetik, kirol erakundeetan aulkitik mugitu nahi ez dutenek albo batera pauso bat eman eta emakumeen hitza entzun eta erabakietan zein kudeaketan haien partaidetza bermatu beharko lukete; emakumeek elkartu egin behar dute eta aurrera pausoak eman dagokiena eskatzeko. Eta guzti guztiek, berdintasunari buruz formakuntza beharko lukete, eta eskura dauzkagun tresnak erabili kirol esparru guztian genero ikuspegia sartzeko.

Berdintasunaren alorrean lanean jarraitzen duzu.

Bai, hala da. Gustatuko litzaidake esatea jada gauza gutxi dagoela egiteko, baina tamalez, lan handia dago oraindik. Esaterako, kirol arloan erronka handia daukagu aurrean ikuspegi intersekzionala txertatu eta diskriminazio egoera anitzak kontuan hartzen. Berdintasuna bultzatzeko lan egitea nire identitatearen parte da, beraz, nagoen lekuan edo arloan nagoela ziur naiz horren alde borrokatuko dudala.

Txiotesian parte hartu zenuen... zer nolako esperientzia izan zen?

Bai, parte hartu nuen. Uste dut oso modu polita dela euskal ikertzaileen lanaren berri jakiteko. Jendeak oso gauza interesgarrietan egiten du lan eta ia ez dugu ezer ezagutzen. Aurtengo partaideei esango nieke gaiaz ezer ez dakien norbaiti kontatu beharko baliete prestatzeko, eta ahal duten neurrian sortzaileak izateko. Eta nola ez, esperientziaz gozatzeko.

txiotesia,elkarrizketa