Dokumentuaren akzioak
Ainara Valencia: "IkerGazte kongresua Gure lana zabaldu ahal izateko erreminta garrantzitsua izan da"
Zertan datza egin duzun ikerketak?
Disruptore endokrinoak deritzen kutsatzaileen efektua aztertu dut bi araztegietatik gertu bizi diren korrokoietan. Izan ere, industriagune eta etxeetako urak araztegietan garbitzen dira baina zenbait konposatu ezin dira uretatik kendu, ondorioz, araztegiek ibaietara isuritako uretan kontzentratuta doaz. Egoera horren efektuak Gernikako araztegian orain dela urte batzuk ikertzen hasi ziren eta nik Gernikako zein Galindoko araztegietako arrainak aztertu ditut, beraien histopatologiari eta zenbait geneen transkripzio mailei erreparatuz.
Zertan lagunduko luke edota zein da egiten duen ekarpena?
Hainbat kutsatzaileek ingurunean, batez ere bizidun urtarretan izan ditzaketen efektuak zein diren jakiteko baliagarria da. Izan ere, kutsatuta dauden guneak gero eta gehiago dira eta kutsaduraren efektuak zein diren jakitea garrantzitsua da, ahalik eta azkarren aurre egin ahal izateko, esaterako.
Ikerketa amaitu baduzu zertan ari zara? Eta bukatzear bazaude...gero zer?
Ikerketa hau nire masterreko amaierako lana izan zen. Masterra egiten ari nintzen bitartean doktoregoa egin ahal izateko bekak eskatu nituen eta abenduan jakinarazi zidaten Eusko Jaurlaritzako beka eskuratu nuela. Beraz, orain, doktoregoa egiten nabil; kasu honetan, intersex arrainetan gertatzen diren aldaketak aztertzen saiatzen ari naiz.
Ze aldizkaritan argitaratuko da zure lana?
Ez nago ziur, Ekaian edo Elhuyarren
Zer suposatu du zuretzako IkerGazte kongresuan saria irabazteak?
Poz handia. Batez ere, batzuetan, lan taldetik kanpo gure ikerketek ez dutelako guk ematen diegun bezain beste garrantzi izaten, edo hori uste dugu guk behintzat. Sariari esker, egiten ari naizena besteentzako ere interesgarria dela konturatu naiz, eta gainera, egindako lana ondo eginda dagoela.
Ze ekarpen egingo du mota honetako kongresu batek ikerketari dagokionez?
Nire ustez IkerGazteri esker, herritarrak Euskal Herrian ikerketa asko burutzen ari direla eta ikertzaile euskaldun asko gaudela konturatu dira. Guretzako ere garrantzitsua izan da, ohituta gauden ikerkuntza modalitateaz gainera beste batzuk ere badaudela ikusteko aukera izan dugu. Gure lana zabaldu ahal izateko erreminta garrantzitsua izan da.
Eta euskarari dagokionez?
Euskarari duen balioa eman zaio kongresuan. Guztiok euskaraz aritu gara eta gure lana euskaraz aurkeztu dugu. Honek argi uzten du euskaraz ikertzerik badagoela, eta guztiok gai garela gure ikerketa euskaraz burutzeko.
Zer da kongresuan bizi duzunetik gehien azpimarratuko zenukeena?
Beste arlo batzuetako ikertzaileak eta beraien lanak ezagutzeko aukera, bai kongresuan baita kongresutik kanpo egin diren ekintzetan ere.