Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ainara Valencia: "Sustantzia estrogenikoek obozitoak sortzen dituzte korrokoi arren barrabiletan"

Dokumentuaren akzioak

Ainara Valencia: "Sustantzia estrogenikoek obozitoak sortzen dituzte korrokoi arren barrabiletan"

2019/02/21 - Unibertsitatea.net
Ainara Valencia (Lazkao, 1990) biologian lizentziatua da eta Ingurugiroa, Kutsadura eta Toxikologian egin zuen masterra gero. Doktoregoa egiten ari da eta berarekin izan gara bere lana hurbilagotik ezagutzeko.

Pasaiako korrokoiak ikertzen dituzu. Zehazki kutsatzaileek espezie honetako arretan eragiten dituenak.

Korrokoien ziklo gametogenikoan (errute batetik hurrengora dagoen tartean) gonadak (obario eta barrabilak) birsortu egiten dira eta gure ikerketarako garrantzitsua da gonaden eratze eta aldatze prozesuan ematen diren aldaketak ulertzea. Aldaketa horiek ehun, zelula zein molekula mailan aztertzen ditugu. Honez gain, guk, sustantzia estrogeniko desberdinen eraginez barrabiletan obozitoak sortzen zaizkien korrokoi ar interesexak aztertzen ditugu. Pasaian badaude korrokoi intersexak eta ni hauekin lanean hasi aurretik ere Pasaian lanean zebiltzan. Bertan arrantzatzea interesatzen zaizkigun beste puntu batzuetan arrantzatzea baino errazagoa ere bada eta hori ere aprobetxatu egin behar da. Hala ere, azken urteetan Gernikan ere ibili gara, bertako arrainak araztegiak isurtzen dituen uretatik gertu bizi direlako.

Sustantzia estrogenikoen ondorioz beraz korrokoi arrei obozitoak sortzen zaizkie barrabiletan eta intersex egin.

Arrainen munduan 30.000 espezie inguru daude eta ondorioz ernalketa eta sexu desberdintzapen mota desberdinak aurkitu daitezke. Badaude hermafroditak diren arrain espezie batzuk. Gutxi batzuk gonada ar eta emeak aurkezten dituzte aldi berean eta aldibereko hermafrodita deitzen zaie. Beste batzuk, beraien bizitzan zehar sexuz aldatzen dute, gazteak direnean sexu batekoak dira eta gerora kontrako sexua garatzen dute. Hauek hermafrodita sekuentzialak dira. Proteandrikoak dira lehenengo ar izanik gero eme badira eta proteroginoak berriz alderantzizkoa gertatzen bada. Ez pentsa zerbait arraroa denik, ezagunak zaizkigun urraburua eta bisigua adibidez proteandrikoak dira. Aldaketa modu naturalean ematen da, estimulu desberdinen eraginez, baina ez kutsatzaileen ondorioz.

Arrain intersexak aldiz, ez dira hermafroditak, berez ar edo eme bezala garatzen dira eta kutsatzaile estrogenikoen eraginez bihurtzen dira intersex. Kutsatzaile horiek mota desberdinetakoak dira, baina guztiak dira gai arrainen sistema endokrinoarekin elkarreragiteko. Hauei disruptore endokrino deitzen zaie eta asko estrogenoa ordezkatzeko gai dira. Honela, sustantzia horiekin denbora luzez kontaktuan egon diren arretan berezkoak ez diren kinadak sortu daitezke eta obozitoak sortzen hasi. Hala ere, prozesua zehazki nola ematen den ez dago argi. Oraingoz intersex arrainekin lan egiten dugunok ez dugu lortu ar horietan ematen diren aldaketa zehatzak guztiz ulertzea. Gure kasuan, korrokoien gonadetako gene transkripzioa neurtzen dugu, ar, eme eta intersexetan. Adibidez, sexu garapenean garrantzia duten geneak aukeratu eta gonadetan zenbat adierazten diren neurtu. Horrela, hiru taldeak konparatuz intersexetan zein aldaketa eman diren ikus dezakegu. Batzuetan, intersexen gene transkripzio maila emeetan ikusitakoaren antzekoagoa dela ikusi badugu ere, ez dakigu horren eraginez eratu diren obozitoak edo alderantziz, gonadetan obozitoak egonik horrek eragin duen emeen antzekotasuna erakustea. Jada intersexak diren arrainak aztertzen ditugu eta ez intersex izan aurretik zer gertatu den, beharbada hori litzateke interesgarriena, baina ikerkuntzak bere mugak ditu. Ez dakigu prozesua eragiteko gai diren kutsatzaile zehatzak zeintzuk diren. Ohikoena disruptore endokrino ugari batera egotea da eta zaila da bakoitzak eragiten dituen aldaketak edo kalteak zehaztea. Intersex arrainak mundu osoan zehar deskribatu dira eta kasu askotan sustantzia antzekoak neurtu dira bizi diren uretan. Galdera asko erantzun gabe daude oraindik.

Gehien bat korrokoien gonadak aztertu baditut ere, beste organo batzuetan ematen diren aldaketak ere aztertu ditut, gonadetan gertatzen denaren eragile ere izan daitezkeelako. Izan ere, organo desberdinak konektatuta daude, adibidez burmuina eta gonadak; batean ematen diren aldaketak bestean eragina izan dezakete. Aurretik, gibelean emandako kalteak ere aztertuak izan dira. Beraz, sustantzia estrogenikoek zein beste batzuek sortutako kalteak mota askotarikoak izan daitezke.

Zein kutsatzaile dira aurkitu dituzuenak?

Kutsatzaile asko aurkitu dira, disruptore endokrinoen artean sintetikoak zein naturalak. Naturaletan landare, animali eta gizakiongandik datozen hormonak, estrogenoa esaterako. Sintetikoen artean hormona sintetikoak ere aurkitu ditugu, adibidez antisorgailu batzuek daramatzatenak. Beste asko ere gizakiok sortutako sustantzia sintetikoak dira, plastikoen sintesian erabiltzen diren ftalatoak, orain nahiko ezaguna den BPA (bisfenol-A), pestizidak eta horien eratorriak, hidrokarburo aromatikoak, detergenteetan dauden alkilfenolak eta beste batzuk ere. Jatorri anitza izan dezakete, batzuetan ez da erraza jatorri zehatza zein den jakitea, baina nekazal gune, industriagune eta hiriekin erlazionatu daitezke batzuk. Asko gure etxeetan erabiltzen ditugun produktuetatik eratorriak dira, garbiketa produktuak, plastikozko objektuak eta abar. Araztegiak dauden tokietan gainera, konposatu horiek kontzentratzen dira. Izan ere, araztegietan bertara iristen diren hiri zein industrietako urak garbitzen badira ere, aipatutako konposatuak ezin dira garbitu eta beraz, araztegietatik ibaietara isurtzen diren uretan daude. Euskal Herriko estuarioetan egin diren ur eta sedimentuetan egindako analisi kimikoek aipatutako sustantzien presentzia berretsi da. Arrainetan, behazunaren analisi kimikoa egin izan da. Izan ere, behazunean zer dagoen begiratuz, arrainek zein sustantzia hartu eta metabolizatu dituzten jakin daiteke. Arrainek sustantzia estrogenikoak metatzen dituzten jakiteko, bestelako analisiak egin beharko lirateke, hala ere, horrek ez du esan nahi ikusitako efektuak bai intersex egoera zein beste kalte batzuk konposatu horiek sorturikoak ez direnik.

Honek zein eragin izango du korrokoien populazioan?

Lehen esan bezala, erantzunik gabeko galdera asko dauzkagu oraindik. Gainera, aurrera egin ahala galdera berriak ere sortzen zaizkigu. Printzipioz ez da nabari korrokoien populazioak behera egin duenik, baina intersexak egoteak eta ar zein emeetan eman daitezkeen beste kalteak ere kontuan hartuta, ezin da korrokoien ernalketan arazoak egon daitezkeenik baztertu. Alde batetik, intersexak egoteak korrokoien populazioan duen eragina aztertzeko, arren eta intersexen espermatozoideen kalitatea konparatu nahi da. Modu horretan, intersexen esperma kaltetuta badago, ezingo dute ernalketan parte hartu eta ar gutxiagoren esperma egongo da eskuragarri. Nire lankide batzuk horretan dabiltza jada. Bestalde, Gernikako korrokoi populazioko emeetan ere kalte nabariak ikusi ditugu. Obarioetan atresia deritzon prozesua behar ez den garapen fasean ematen dela ikusi dugu. Obozitoen itxura aldaketa eta birxurgapen prozesuaren antzeko zerbait antzeman dugu emeen portzentaia altu batean. Beraz, zenbait emek ere arazoak dituzte obarioaren garapen egokia aurrera eramateko. Datozen urteetan ar zein emeetan detektatu ditugun kalteak hobe ulertzea eta espezie honetan populazio mailan eragin ditzaken kalteak zehaztea espero da.

Gizakiok hondakin asko sortzen ditugu eta denetarik erabiltzen dugu eragin dezaken kalteetan gehiegi erreparatu gabe. Egia da azken urteetan plastikoen erabileraren inguruan dugun kontzientzia aldatu egin dela, plastikoek eragindako kalteez jabetu garelako. Beste sustantziekin aldiz, zailagoa da konzientzia sortzea, eraginak ez direlako hain bisualak. Lehen aipatu dudan BPA sustantziaren erabilera debekatua dago adibidez umeen biberoietan. Zenbait herrialdeetan debekua gizakion erabilerarako produktu guztietara zabaldu da. Botila bat erosten ari naizela “BPA free” etiketa ikustean hori aukeratzera jotzen dut, baina egia esan, beste konposaturik ote duen irakurri gabe. Hala ere, badago jada BPB izeneko konposatu oso antzekoa eta askotan hori erabiltzen hasi dira. Konposatu berriagoa izanik, oraindik ez dira bere kalte posibleak zeintzuk izango diren ondo ezagutzen. Baliteke gure kontsumo ohiturak apur bat aldatzeak egoera hobetzeko lagungarri izatea. Tamalez, beti egongo da kaltekorra izango den beste konposatu berriren bat. Tamalez, lehen aipatutako sustantziak eta beste asko, urazpiko sedimentuetan metatuta daude. Horren eraginez, egoera desberdinen eraginez uretara pasa daitezke momenturen batean. Beraz, ez da erraza izango kutsatzaileen presentzia murriztea. Kontutan hartu behar dugu nik aipatutako sustantzia horietaz gain beste asko ere badaudela, azken urteetan adibidez uretan farmakoen presentzia aztertu da eta kontzentrazio altuetan aurkitu dira asko. Horiek ere eragina izan dezakete kontaktuan dauden arrain zein beste izakiengan.

Ikerketako zein fasetan aurkitzen zara orain?

Momentu honetan tesia bukatzen ari naiz, zati esperimentalarekin orain dela hilabeteak bukatu nuen eta idazketa prozesuan murgilduta egon naiz. Orain nire tutoreek iradokitako zuzenketak egiten nabil eta hurrengo hilabetean edo hilabeteetan bukatzea espero dut.

Biologiako ikasketak egin zenituen. Zerk bultzatu zintuen ikerketaren mundura?

Biologiako lizentziatura bukatzen ari nintzela argi neukan master bat egin beharko nuela. Egia esan pare bat master besterik ez zitzaizkidan gustatzen eta azkenean UPV/EHUn bertan geratu nintzen Ingurugiro, Toxikologia eta Kutsadura masterra egiten. Nahiz eta aurretik ikerketa munduarekin kontaktua izan nuen, masterreko amaierako lana egiten hastean izan nuen ikerkuntzarekin kontaktu gehien. Master amaierako lana Zelulen Biologia Ingurugiro Toxikologian ikerketa taldean egin nuen eta orduan hasi nitzen korrokoiekin lanean. Egia esan esperientzia ona izan nuen, gai antzekoan tesia egiten ari zirenek ondo tratatu ninduten. Masterra bukatzea zen nire helburua eta bukatu arte nire etorkizunean zer egin ez nuen gehiegi pentsatu nahi. Hala ere, masterrean nintzela, nire tutoreek tesia egiteko beka eskatu eta beraiekin tesia egiteko proposatu zidaten. Baietz esan nuen, izan ere gaia asko gustatzen zitzaidan, Gernika eta Galindoko (Bilbo) araztegien inguruan bizi ziren korrokoiak aztertu nituen eta intersexak aurkitu ere. Arrain intersexek jakin-min handia sortzen zidaten eta orduan genituen galderen erantzunak aurkitu nahi nituela erabaki nuen. Eusko Jaurlaritzako tesia egiteko beka lortu eta azkenean tesia egiten bukatu nuen.

Txiotesian eta IkerGazte kongresuan parte hartu zenuen... ikertzen ari zaren hori gizarteratzea garrantzitsua da zuretzat?

Oso ohikoa da nazioarteko kongresuetan parte hartzea eta arlo berean edo antzekoan lan egiten dutenen artean gure lana erakustea. IkerGazte sortu zenean, diziplinarteko kongresua izanik, interesgarria iruditu zitzaidan nire gaiarekin zerikusirik ez zuten ikerlarien artean nire lana zabaltzea eta baita beraien lana ezagutzea. Zer esanik ez, normalean ingelesez idazten eta aurkezten dugu gure lana eta euskaraz lan egiteko aukera aprobetxatu nahi izan nuen. IkerGazteko legenengo edizioaren ondoren Elhuyar aldizkarian idazteko aukera izan nuen eta dibulgaziorako prestatu behar izan nuen IkerGazten aurkeztutakoa. Ariketa zaila eta aldi berean oso interesgarria izan zen egindako lana modu dibulgatiboan idaztea. Nire ustez ikertzaile guztiok gizarteratu beharko genuke gure lana. Ikertzaileak ez diren lagunekin hizketan ohartu naiz asko interesatzen zaiela ikertzaileok egiten duguna, baina ez dute aukerarik izaten modu erraz batean irakurtzeko edo ez daude ohituta horrelakoak bilatzera eta irakurtzera. Elhuyar aldizkaria bezalako hedabideak edota zientzia blogak badaude, baina propaganda gehiago egin behar zaie gizarte osora iritsi daitezen. Txiotesia beste adibide on bat da, orain hain modan dauden sare sozialetan gure tesiak bezalako gaiak txio gutxitara murriztea zaila da, baina lortu dugu. Gaur egun jendea presa handiarekin bizi da eta inork ez du denborarik galdu nahi, beraz, artikulu oso bat irakurri ordez nahiago dugu pare bat txio begiratu eta beste zerbait egitera azkar pasatzea. Pentsatu nahi dut benetan interesa pizten zaionak esfortzua egingo duela gero gure lana hobe azalduta dagoen nonbait irakurtzeko.

Zein erronka dituzu eskuartean epe laburrean?

Egia esan orain dudan helburu bakarra tesia bukatzea da. Behin hori lortuta hausnarketa sakona egin beharko dut ikerketa munduan jarraitu nahi dudan erabakitzeko. Ez dut erraza ikusten ikertzaile izaten jarraitzea, berriz ere beka bat eskatu beharko nuke edo intereseko ikerketa talde bat aurkitu, zortearekin norbait kontratatzeko ideiarekin dagoena. Kanpora joatea baztertzen ez badut ere, ez zait aukerarik erosoena iruditzen. Dibulgazioan aritzea ere ez dut baztertzen, gustuko dudan zerbait da eta.

txiotesia,elkarrizketa