Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Aimar Santos Garcia: "Osasun krisiak hirietako mugikortasunaren gabeziak eta honekiko dependentzia azaleratu ditu"

Dokumentuaren akzioak

Aimar Santos Garcia: "Osasun krisiak hirietako mugikortasunaren gabeziak eta honekiko dependentzia azaleratu ditu"

2021/04/15 - Unibertsitatea.net

Aimar Santos Garcia (1992), Arkitektura Oinarrietan Graduatua da. Gero, Arkitektura unibertsitate Masterra egin zuen eta ostean Elizalde akademian lanean aritu zen arkitekturarako ordenagailu programak erakusten. Hainbat arkitektura bulegotan lan egindakoa da: Isuuru arquitectos, Mangado y asociados eta AH asociados. Egun, doktorego tesia egiten ari da.

Arkitekturako ikasketak egin zenituen eta ikerketaren mundurako saltoa gero.

Arkitekturarekiko grina, egia esaten badut, txikitatik datorkit. Txikia nintzela dagoeneko marrazten nituen ohikoak ez ziren etxeak: etxe azpiko hodiak marrazten nituen edota, planoen antzera, goitik ikusitako etxebizitzak. Argi nuen arkitektura zela nire saltsa eta horrexegatik arkitektura gradua ikasi nuen. Gradua eta masterra aurrea zihoazela, argi nuen praktika profesionalaz gain irakaskuntza mundua gogoko nuela eta unibertsitatean irakasle izatea gustatuko litzaidakeela. Izan ere, irakastearen grina etxetik datorkit, etxean irakaslea ez den bakarra bainaiz. Eta irakaskuntza munduan murgiltzeko, egun, beharrezkoa da doktorego tesia. Hortaz, ikerketa munduan sartu nintzen lehenengoz tesiaren eskutik eta aitortu behar dut asko gustatu zaidala, nahiz eta orain arte niretzako gai guztiz arrotza izan.

Covid 19ak, gure hiriek dituzten bizigarritasun arazoak agerian jarri dituela diozu.

Hala da. Hiriaren kasuan COVIDak ez du arazo berririk sortu, baina behintzat orain dela urte askotik existitzen ziren arazoak azaleratzeko balio izan du. Alde batetik, oso agerikoa izan da egungo etxebizitzaren arazoa, izan ere, erakutsi digu etxebizitza parkearen gehiengoak ez duela kanpo espaziorik edo espazio nahikorik (terrazak, balkoiak, jardinak, gune komunitarioak…). Horretaz gain, telelana eta konfinamendua gure hobe beharrez agertu diren garai honetan, argi ikusi dugu etxebizitza gehienek ez dutela umeen jolaserako, lanerako edota kirola egiteko balio diguten erabilera anitzeko gelarik.

Beste alde batetik, eskala handiago bati begiratuta, osasun krisi honetan hirietan existitzen diren mugikortasunaren gabeziak, eta honekiko dependentzia, azaleratu dira. Historikoki, hirietako garraio publikoaren sareak zituen gabeziak estaltzeko balio izan dute ibilgailu pribatuek, baina, garraiobide publikoetan dagoen kutsatze arriskua dela eta, desplazamendu pribatuen erabilera handitu egin da (horrek dakartzan jasangarritasun arazoekin). Hala ere, nire ustetan, arazoaren muina desplazamendu horien dependentzian bertan dago. Auzo gehienetan, gure egunerokoan ditugun beharrak asebetetzeko beste nonbaitera joatera behartuta gaude (beste auzo, herri, hiri…), eta hori argi ikusi dugu mugimendua mugatu diguten unean.

Zuk, "Gertuko hiria" berreskuratu behar dela diozu. Zer da?

Gertuko hiria” hirigintza feministaren ildotik sortutako kontzeptu bat dugu, zeinak aipatutako mugikortasunaren dependentziari irtenbide bat bilatu nahi dion. Zehazki, hiri eskema berri bat proposatzen du, non egunerokoan behar ditugun zerbitzu guztiak gure etxebizitzatik gertu dauden, oinez edo bizikletaz erraz egin daitekeen distantziara. Horrelako eskema batean, ez genuke hainbeste diru eta osasun galduko eguneroko desplazamenduetan eta gure hiriak jasangarriagoak izango lirateke. Kontzeptu hau ez da ameskeria hutsa, izan ere, hirigintza munduan ideia antzekoak dituzten beste hiri kontzeptu batzuk sortzen ari dira, esaterako, “15 minutuko hiria” edota “super etxe irlak”. Horien kasuan ere, kontzeptuaren funtsa, oinezko desplazamenduan eta gertutasunean oinarritutako hiri antolakuntza da.

Etxe blokeetako patioen garrantzia ere azpimarratzen duzu. Zergatik?

Gertuko hiria egikaritzeko beharrezkoak dira bilkura espazioak, esate baterako, plazak, parkeak, jolastokiak… Izan ere, gure auzoan egin nahi badugu eguneroko bizitza, espazio publikoak beharko ditugu. Baina espazio publikoez gain, gertuko inguruarekin (bizilagunekin, familiarekin etab.) erlazionatzeko guneak behar ditugu, hain publikoak ez direnak. Gure ikerketan “tarteko espazio” izendatu ditugu, hiriaren publikotasunaren eta etxearen pribatutasunaren artean daudelako. Espazio horietan egiten dira zaintza lanak, edota erlazionatzen gara gure bizilagunekin, eta nire ustetan etxe irletako patioak horretarako leku ezin hobeak dira. Gainera, azken urte honetako irudiak begiratuz gero, gogoratuko dugu konfinamendua ezarri zenean etxe irletako patioak izan zirela bizilagunen arteko erlazio, solidaritate eta maitasunaren erakusleiho.

Gertu, oinez, bizikletan, eskura, pertsonen arteko gertutasuna... nondik hasi?

Egia esan, hori galdera nahiko zaila da. Uste dut gure erosotasun indibiduala erraietan sartuta dugula (hein handi batean kapitalismoagatik) eta ez dela erraza horri uko egitea. Baina, proposatzen dugun eskema berri hau ez da deserosoagoa, baizik eta desberdina. Horrek mentalitate aldaketa eskatzen du, baina kontuan izan behar dugu aldaketa ingurugiroaren mesedetan eta gure onerako dela. Hein batean, esango nuke gizartearen mentalitate aldaketa hasi dela dagoeneko, eta belaunaldi berriek ideia jasangarriagoak, bizimodu osasuntsuagoa... baloratzen dituztela. Hala ere, uste dut mundu akademiko eta politikotik bultzada eman behar zaiola gertuko hiriaren moduko ideiei, jendearen nahiak ez dituelako modu magiko batean aldatuko hirietako azpiegiturak edo espazio publikoak.

Covid-19ak agerian utzitako bizigarritasun arazo horiei aurre egiteko pausoren bat eman da azken urtean?

Oraingoz “hirigintza taktiko”-ko esku-hartzeak ikusi ditugu, hau da, denbora baterako eta desegingarriak diren aktuazioak. Horien artean topatu ditzakegu, obra gabeko peatonalizazioak, bizikletentzako bidegorri gehiagoren sortzea, edota espazio publikoen handitzea aparkalekuak okupatuta. Esku-hartze hauek ez dute hiriaren funtzionamendua aldatuko, baina haien aplikagarritasun azkarra dela eta balio izan digu ikusteko zein diren espazio hauen onurak. Gainera, esku-hartze hauen bidez, hirigintza tradizionalak eskatzen dituen epe luzeak moztea lortu da, arazoei momentuko konponbide bat emanda.

Nolako hiriak irudikatzen dituzu 15 urte barru?

Segur aski hirien eboluzioa nahi baino polikiago joango da. Nahiko argi dut. Azken finean, hirigintzak aktore eta burokrazia asko ditu tarteko, eta agian 15 urte barru egikarituko dena urte bete barru pentsatutako zerbait izango da. Hala eta guztiz ere, uste dut pandemia honek mundu akademikoan pentsamolde aldaketa sakona sortu duela eta agian aipatzen ditudan ideiak islatzen saiatuko direla nahiz eta politika tartean jarri.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Oraintxe bertan fronte asko ditut irekita aldi berean: tesia, artikuluak, kongresuak, estantzia internazionala, eta proiektu pertsonalen bat… Esan nezake erronka nagusia malabarismoan jarraitzea dela (burua eta osasuna galdu gabe).

Txiotesian parte hartu zenuen, zer nolako esperientzia izan zen?

Egia esan esperientzia interesgarria izan zen oso, sintesi lan izugarria. Buruan ideia asko ditut bueltaka eta ia astero tesia bera modu desberdinean ikusten dut. Hortaz, buruan nituen ideien baheketa egitea eta kontzeptu garrantzitsu eta ulergarrienak aukeratzea ez zen batere erraza izan. Baina aldi berean, berbalizazioaren modura, ideiak idazteak nire buruko kontzeptuak antolatzen eta sendotzen lagundu zidan.

txiotesia,elkarrizketa