Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Adimen konputazionala, osasun-larrialdietako kudeaketa hobetzeko

Dokumentuaren akzioak

Adimen konputazionala, osasun-larrialdietako kudeaketa hobetzeko

2017/05/26 - unibertsitatea.net
UPV/EHUko Adimen Konputazionaleko taldeko ikertzaile den Asier Garmendiak algoritmo-sistema bat garatu du pazienteen egoeraren larritasuna zehazteko. Era horretan gaixoei arreta hobea eman eta osasun-zerbitzuen baliabideak hobeto kudeatzeko.
Adimen konputazionala, osasun-larrialdietako kudeaketa hobetzeko

Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Ospitaleetan zein bestelako osasun zentroetan datu-base handiak dituzte eta artatzen dituztenen aldagai fisiologikoak erregistratzen dituzte. Datu horiek aztertuta, osasun-langileek gaixoen egoeraren larritasuna zehaztu dezakete. Helburu hori duen sistema garatu tu UPV/EHUko Adimen Konputazionaleko ikertzaile den Asier Garmendiak. Adimen konputazionalean oinarritutako sistema, hain zuzen ere.

Txileko Santiagoko bi ospitaleko datu-baseak erabili ditu ikerketarako eta algoritmoa garatzeko. Datu-baseetako bat arnasketa-arazoengatik zainketa intentsiboetako unitateko gaixo pediatrikoena eta, bestea, berriz, larrialdi-zerbitzuetan izan eta alta jaso dutenetik zenbait egunetara itzuli eta ospitaleratutako gaixoena. Izan ere, Garmendiaren esanetan, bi horiek dira Santiago moduko hirietako arazorik nagusienak: "poluzioak eragindako arnas gaixotasunak eta arreta medikoaren bila joaten diren pazienteen arreta eta zaintzaren kudeaketa".

Lehenengo kasuan, ospitaleratuta dagoen bitartean jasotako aldagaien erregistroak erabiliz, gaixoak larritasunaren arabera sailkatzen dituen aldagaia, triaje-maila, neurtutako bestelako aldagaietatik abiatuta zehaztea zen helburua (tenperatura, oxigeno-asetasuna, arnasketa-maiztasuna, etab.).

Bigarren kasuan, larrialdi-zerbitzura joaten direnekin zer egin behar litzatekeen zehazten saiatu dira. Arazoa da alta jasotzen duten gaixo batzuk berriro ere larrialdi-zerbitzuetara itzultzen direla handik egun batzuetara eta ospitaleratu egiten dituztela. "Hiru eta zazpi egun arteko denbora-tartean kontsultara itzultzen diren pediatriako pazienteen % 14, gutxi gorabehera, ospitaleratu egiten dira. Paziente helduen kasuan, hirutik bat ospitaleratzen da".

Arreta hobea eskaintzeaz gain, "aurrezpen ekonomiko handia ekarriko luke" sistema honek. "Alde batetik, osasun-zerbitzuen baliabideak hobeto kudeatuko lirateke, eta, bestetik, gaur egun aseguruekin izaten den gorabehera bat saihestuko litzateke: aseguruak ez dira halako kasuetako ospitaleratzeen gastuen kargu egiten, lehen kontsultan alta ematea ospitaleko arduragabekeria dela ulertzen baitute".

Algoritmoek zehaztasun-maila %60koa izan zen. Hau da, "gure sistema gai izan zen itxura batean berehala ospitaleratu beharrik ez zuten hamar pazientetik seien larritasuna detektatzeko".