Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian 468 ikertzaile aurkeztu dira Ikerbasquen Research Fellows programako 25 lanpostutara

Dokumentuaren akzioak

468 ikertzaile aurkeztu dira Ikerbasquen Research Fellows programako 25 lanpostutara

2014/04/04 - Unibertsitatea.net
Programaren helburua da zientzialariek EAEko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan lan egitea, ikertzaileen 'harrobi' bat sortzeko.

Research Fellow programa jarri du martxan Ikerbasquek hirugarren aldiz, EAEko unibertsitateeetan eta ikerketa zentroetan lan egiteko eta euskal ikertzaileen harrobi bat sortzeko. Guztira, 25 lanpostu eskaini ditu, eta postu horietara 468 ikertzailek aurkeztu dute euren burua.

Aurtengo Research Fellow programa jakintza-arlo desberdinetako 40 urtetik beherako adituak EAEra ekartzeko apropos sortutakoa da. Ekimen horren helburu nagusiena da atzerrira lanera joan diren ikertzaileak Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara ekartzea, edo atzerrira joan ez diren zientzialariak lanean bertan geratzea. Hautagaien batez besteko adina 37 urtekoa da. 468 hautagaien %37 emakumeak dira, eta %63 gizonak.

Ikertzaile hautagaiak ospe handiko erakundeetatik etorritakoak dira: hala nola, Cambridgeko, Saint Andrewseko, Harvardeko, Princetoneko edota Stanfordeko Unibertsitatetik. Halaber, Max Planck Institutetik,  Lawrence Berkeley National Laboratorytik, CNRSetik edota CSICetik ere jaso dituzte izen-emateak.

Hautagaitzak, orain, ebaluazio batzorde batek aztertu behar ditu.