Dokumentuaren akzioak
42. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu UEUk Iruñean
Beste urte batez jarraian, aurten, 42. aldiz, UEUk Udako Ikastaroak antolatu ditu. Gaur horien aurkezpena egin dute Iruñean. Guztira, 38 ikastaro antolatu dituzte. Jakintza-arlo guztietakoak, gainera: esate baterako, arteari eta musikari, ingeniaritzari eta teknologiari, komunikazioari eta gizarte zientziei buruzkoak.
Saretu lelopean antolatu dituzte ikastaroak ekainaren 30etik uztailaren 23ra bitartean Eibarren, Baionan eta Iruñean; zehatzago esanda, Eibarren, ekainaren 30etik uztailaren 4ra eta uztailaren 14tik 18ra; Baionan, uztailaren 9tik 11ra; eta, Iruñean, uztailaren 21etik 23ra.
Udako Ikastaroen zerrenda osoa UEUren webgunean bertan dago eskegita, eta bertatik soilik egin daiteke matrikula, ikastaro bakoitzaren xehetasunei buruzko orrialdean. Izen-ematea irekita dago jada, eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago itxiko da.
Ikastaroez gain, Eibarren, lau jardunaldi ere antolatu dituzte:
- Osasun Zientzietako Ikertzaileen II. Topaketak maiatzaren 30ean
- Euskal komunikazio-eremua: ikerketa eta ekintzarako gure bideen bila. Euskal Hedabideen Behategirantz jardunaldia uztailaren 1ean
- Agroekologia, ikuspegi sozialetik gizarte eraldaketara uztailaren 3an eta 4an
- Hondakinen kudeaketa eta tratamendua: konposta uztailaren 14tik 16ra
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak homologatutako ikastaroak dira guztiak, eta, gainera, irakasleek beren merituetan parte-hartze ziurtagiria aurkeztu eta puntuak lortzeko aukera izango dute.
Horrez gain, diru-laguntzak ere izango dituzte ikastaroetan izena ematen dutenek: bizkaitarrek matrikula, egoitza eta joan-etorria doan izango dituzte; ikasle, langabe eta erretiratu donostiarrek diru-laguntzak izango dituzte; eta hainbat udalek ere laguntza ematen dute UEUren ikastaroak egiteko, herri bakoitzeko udalean egin behar da kontsulta.