Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian “Baxoaren ondotik zer? Nazio garapenerako giltzak” mahai-ingurua

Dokumentuaren akzioak

“Baxoaren ondotik zer? Nazio garapenerako giltzak” mahai-ingurua

2019/05/29 - Ikergazte2019
Ikergazte kongresuko saio osagarrien barruan eta UEU eta Eusko Ikaskuntzak antolatuta, “Baxoaren ondotik zer?” galderari erantzuteko Iker zentroko liburutegiko mahai bueltan bildu ziren astelehen arratsaldean Kepa Sarasola (UEU), Oihana Zanponi (Eusko Ikaskuntza), Eneko Bidegain (kazetari eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea), Txomin Poveda eta Maia Duguine ikertzaileak; eta Iban Thicoipe eta Jaki Agerre Bernat Etxepare lizeoko zuzendaria eta orientatzailea, hurrenez hurren.

Batasunaren kontzeptua galdua duen herri batean” bizi gara Eneko Bidegainen esanetan,  “Bidasoak eta Pirinioek markatzen duten hesia zein sakona den oraindik 2019an”. Horren adibide da ikasketen auzia.

Terminala egiten dutenen %90a Euskal Herritik doa. Hortik erdia ez dira Euskal Herrira itzultzen. Lana aurkitu dutelako edo bikotea aurkitu dutelako. “Hor bada indar xahutze bat”. Lurraldetik kanpo joanda hizkuntza ere galtzen dela dio Txomin Povedak. Ez hori bakarrik, lurraldeari begira ere galera izugarria dela uste du. Azken finean, elkarte ezberdinek sekulako indarra galtzen dute. Lurralde bati goi mailako ikasketek ekarpen ekonomikoa ere egiten diotela kontuan hartuta,  Ipar Euskal Herriko jendeak ordaindutako zergekin beste lurralde batera doa etekina. Formakuntza inbertsioa da eta “bidaltzen delarik jendea lurraldetik kanpo dirua ez da itzultzen”. Baionan beste formakuntza batzuk irekitzea baino garestiago ateratzen da ikasleak kanpora joatea. 

Berez badago eskaintza euskaraz ikasteko hegoaldean, baina zailtasunak ere bai. Batetik informazio falta, idazkaritzetan euskaraz ez jakitea, matrikulak egiteko epeak (epeak ez direla berak), papereria, homologazioak, gastu ekonomikoa, baremoak ezberdinak... Hori unibertsitatean. Lanbide Heziketan ikasteko ez dira prozesu errazagoak. Ate batzuk irekita badira ere, ate asko itxiak dira. Garraio publikoari dagokionez “zein erreza den Bilbotik Donostiara joatea egunero, baina Baionatik Bilbora zein zaila den” dio Kepa Sarasolak; eta hori ere ez da txikikeria.

Beti da zaila Euskal Herrian ikasten jarraitzea eta orduan “jende gehienaren mapa mental horretan, lizeotik haragoko urratsa izango da Paben, Bordelen” dio Bidegainek. Baionan ez da aukera handirik. Euskal Ikasketak dira Ipar Euskal Herrian euskaraz egin daitezkeen bakarrak eta “ez dira osoki euskaraz” Iban Thicoiperen esanetan. Horrek mapa zatikatua errepikatzea dakar belaunaldiz belaunaldi Bidegainek dioenez.

Lizeotik gehienek ikasketa luzeen aldeko hautua egiten dutela dio Jaki Agerrek, nahiz eta Lanbide Heziketa aukeratzen dutenak ere badiren; eta bera ere ados da ainitzen buruan muga gorde dela. Hala ere, azken urteetan hobera egin du eta bidea errazten ari da. Thicoipe ere uste berekoa da. UNEDek adibidez konbalidatu egiten du baxoa. Bernat Etxepare lizeotik sentsibilizazioan eta informazioaren zabalkundean egiten dute lan. Lizeo elebidunetan, bestalde, ez dago ia informaziorik. Oztopoak leuntze aldera ere ari dira lanean Etxeparetik. Ikasketa batzuk nota kontuengatik ezinezkoak badira ere, beste kopuru handi bat egingarria da Thicoipe esanetan, “gaur egungo zailtasunekin ere”. Lanbide Heziketan zailtasunak handiagoak dira unibertsitatean baino.

Baxotik landa berehala helgoaldera joaitea konplikatua bada” gerora zubiak gehiago direla uste du Duguinek. Errazagoa da mugitzea orduan eta arlo ekonomikoari begira ikerketa poltsak ere badira. Unibertsitateen arteko kotutoretza akordioak ere hor daude, unibertsitate ezberdin bitan diploma lortzea ahalbidetzen dutenak

Arazoak arazo, oztopoak oztopo Thicoipek dio gizartean ez dela aldarrikapen bat, entzuna dena politikoki. Botere publikoek aukera dutela gauza batzuk aldatzeko. Unibertsitateek ere badituztela aukerak. Hegoaldera joatea posible dela gaur egun. Etxetik hurbilago kasu gehienentzat eta gure hizkuntzan, gainera. Povedak ere uste du masa kritikorik ez dela goi mailako kasketetan euskaraz ikasteko. Hizkuntza politika egoki baten beharra ikusten du, “egiazko elebidunak ekoizteko”. Murgiltze sistema orokortu behar dela, ez dagoela beste aukerarik. Eta euskararen gaia instrumentalki jorratzearen beharra ere badago bere ustez, “bere interesetan dela ere euskaraz ikastea”. Adibidez, lanbide bat izateko. Lan eskaeretan euskara gaitasuna eskatu behar da horretarako. Eta bai, lan mundua garrantzitsua da Bidegainen iritziz, “lan mundua euskalduntzeak ekarriko dio hizkuntzari balio eta prestigio handiagoa”.  Plan integral baten beharra ere ikusten du Povedak, era guztietako eragileak bilduko dituena.

Egia da Baionako eskaintza handitzea komeni dela, baina bat datoz Bidegain eta Thicoipe esaterakoan duen pisu demografikoa duela eta duen presentzia duela euskarak Ipar Euskal Herrian. “Bada Euskal Herriko unibertsitatea, izan dadin benetan Euskal Herriko Unibertsitatea” dio Agerrek. Berez, hegoaldean euskaraz dagoen eskaintzan frantsesez Pabe eta Bordeleko inguru horretan dagoen ekibalentea da Thicoiperen esanetan. Eta horretan jarri behar dela indarra. Bide hori errazten.

Urtero Bernat Etxepare lizeotik 10 bat ikasle joaten dira hegoaldera eta Bidegainek uste du Ipar Euskal Herriko ikasleentzat Donostiara edo Bilbora joatea aberasgarria dela  “Euskal Herriko mapa hori elikatzen hasteko”. Lurralde estrategia gisa behar duela. Era berean, Sarasolaren iritziz Ipar Euskal Herriko ikasleak hegoaldera joatea oso positiboa da. Kontraesanak agerian uzteko. Bidegain ados da eskemak hausteko balio duela. 40 ikasletik bakarra bada ere iparraldekoa, euskaraz hitz egitera behartzen ditu besteak eta eskema asko apurtu.

Online irakaskuntzan ordea hutsune handia dago euskaraz eta aukera handia dago hor Sarasolaren esanetan. UEUk horren alde lan handia egin du azken urteetan. Herriaren maila kulturala igotzeko garrantzitsua izateaz gain, mugak ere hausten dituelako.