Dokumentuaren akzioak
0,001 gradu baino gutxiagoko tenperatura aldaketak neurtzen dituzten zuntz optikoko sentsoreak
Daniel Leandro González (Irunberri, 1984) telekomunikazio ingeniariak tenperatura maila guztiz zehatzak (baita 0,001 ºC-ko aldaketak ere) neur ditzaketen zuntz optikoko sentsoreen sare berriak garatu ditu. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza tesian jasotako aurrerapen teknologiko horrek, besteak beste, sentsore bakoitzeko kostua jaistea dakar, gailu asko sartzen baitira zuntz optikoko sare bakar batean. Tesi horrekin Bikain cum laude lortu du, nazioarteko aipamenarekin.
Leandroren esanetan, “gaur egun, mota desberdineko sentsoreak ia esparru guztietan aurki daitezke, hala nola industrian, automobilgintzan, eraikuntzetan edo kontsumorako elektronikan". Adibidez, smartphone mugikorrek hamar sentsore baino gehiago dituzte.
Zuntz optikoko sentsorea zuntz optikoarekin egindako gailu bat da, argi-parametro baten edo gehiagoren modulazioan neurtu nahi den parametroaren (fisikoa, kimikoa edo biologikoa) kanpo aldaketak transmititzen dituena. Aldaketak horiek bariazioak neurtzen dituen detektagailu batek jasotzen ditu.
“Zuntz optikoko sentsoreak ohiko sentsoreek dituzten mugak gainditzeko irtenbide malgu gisa gailendu dira" ikertzaileak dioenez. "Adibidez, zuntz optikoa geldoa da kimikaren ikuspegitik, eta elektromagnetikoki pasiboa. Hori dela eta, ingurune leherkorretan lan egin dezake, erregai-tangetan edo gasbideetan adibidez, edota eremu elektromagnetikoan edo erradiazio bizia dutenetan. Zuntz optikoko sentsoreen beste ezaugarri garrantzitsu bat da trinkoak, txikiak eta arinak direla. Gainera, hainbat sentsorek distantzia handietan burutu dezakete monitorizazioa —ehunka kilometroko distantzian—, eta hori bereziki interesgarria da egitura handietan sartu diren sentsoreen kasuan; zubietan, tuneletan edo oliobideetan adibidez".
Beraz, ezaugarri horiengatik zuntz optikoak “hautagai ezin hobeak dira" Leandroren esanetan hainbat aplikazioetarako, "bereziki segurtasunarekin erlazionatutako horietarako; adibidez egitura handien egitura-osasuna monitorizatzeko (instalazio nuklearretan, tuneletan, oliobideetan edo gasbideetan, besteak beste), baita beste esparru batzuetan aplikatzeko ere: aeroespaziala, geoteknia, meatzaritza edo gasen detekzioa, besteak beste”.