Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Onintza Belategi: "Ulertu eta sinetsi beharra daukagu erakundeko aktibo garrantzitsuena pertsonak direla"

Dokumentuaren akzioak

Onintza Belategi: "Ulertu eta sinetsi beharra daukagu erakundeko aktibo garrantzitsuena pertsonak direla"

2016/11/08 - unibertsitatea.net
Onintza Belategi (1974, Arrasate) Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileak iazko martxoan aurkeztu zuen doktorego tesia Oñatiko Enpresagintza fakultatean eta bikain cum laude aipamena jaso zuen “Zelako pertzepzioak eta nahiak dituzten langileek barne komunikazioari buruz kooperatibetan” ikerketagatik.

Zerk eraman zaitu ikerketara?
Ikertzen ekiteko arrazoiak bat baino gehiago izan dira: lehena, lana bera; bigarrena, interes pertsonala gauzen zergatia jakiteko; hirugarrena eta azkena, interes akademikoa komunikazio korporatiboarekiko, eta, bereziki, barne komunikazioarekiko.

Kooperatiba bateko barne komunikazioari buruz langileek dituzten pertzepzioak eta nahiak aztertu dituzu. Zein izan da atera duzun ondorio nagusia?
Ugariak dira ikerketak eman dituen ondorioak. Dena den, bi ondorio azpimarratuko nituzke. Batetik, langileek, orokorrean, onartzen dute pertzepzioa dutela informatuak sentitzen direla. Hala ere, informatuak sentitzeko pertzepzioan ematen dira ezberdintasun estatistiko esanguratsuak organoetako partaide, egoitza eta esku lan mota aldagaien artean. Bestetik, langileek, orokorrean, pertzepzioa dute gutxi entzuten zaizkiela berorien kezkak eta itxaropenak. Alabaina, entzuna sentitzeko pertzepzioan ematen dira ezberdintasun estatistiko esanguratsuak organoetako partaide, esku lan mota eta lan egoera aldagaien artean.

Bestalde, aipatu nahiko nuke ikerketa burutzen dela era transbertsalean MONDRAGONeko kooperatiba bakarrean. Alde horretatik, ikerketan lortutako emaitzak joerak erakutsiko dituzte baina ezin izango dira beste kooperatiba batzuetara orokortu. Edonola ere, lagungarriak izango dira ikerketatik ateratako ondorioak beste kooperatiba batzuetan aztertzerakoan langileek zelako pertzepzioak eta nahiak dituzten barne komunikazioari buruz.

Barne-komunikazioa zer den definitzerakoan argi al dugu zer den? Zuretzat zer da barne-komunikazioa edo zer ez da?
Hamaika definizio dago barne komunikazioaren gainean. Barne komunikazioaren definizio tradizionalek diote barne komunikazioa dela erakundeari kontatzea erakundeak egiten duena. Definizio horrek informazio-izaera nabarmena dauka, langileria informatu nahi baitu zelako berriak gertatzen diren enpresan. Ez da langileen parte hartzea bilatzen, informazioa helaraztea da asmo bakarra –barne komunikazioaz arduratzen den guneak interesgarriak estimatzen dituenak –.

Barne komunikazio kontzepzio horrek ñabardura dirigista du, eta bertan komunikazioa, edo hobeto esanda, informazioa transmititu, goitik behera egiten da bakarrik, zuzendaritzatik agindupekoetara. Alde horretatik barne komunikazioa kudeatzeko nahiago dira komunikabide informatiboak –enpresako aldizkaria, buletin informatiboa, eta abar – pertsonarteko komunikazioa baino. Testuinguru honetan, barne komunikazioa lotzen da bereziki informazio baliabideen ezartzearekin: barne aldizkaria sortu edo iragarki ohola ipini, besteak beste.

Hasi berri dugun milurtean, garatzen, borobiltzen eta heltzen joan da barne komunikazioa ulertzeko era. Egun onartzen da barne komunikazioa dela goitik beheranzko norabidean –bide hierarkikoa jarraituz – informazioa helaraztea helburu duen erreminta multzoa baino zerbait gehiago. Konpromisoa, inplikazioa, parte hartzea, langileen interakzioak… ideia horiek agertzen dira behin eta berriro, azken hamarkadako definiziotan.

Langileak enpresaren irudiaren parte dira. Are gehiago kooperatiban. Bazkide diren heinean jabe ere badirelako. Gehiegitan ahazten al dugu hori?
Azpimarratu nahi da berebiziko garrantzia duela ikerketa kooperatiba batean oinarritzeak. Lehenik, kooperatibak izaera bereziko enpresak direlako; izan ere, ahaleginak egiten dituzte euren jardun ekonomikoari bestelako balio batzuk txertatzeko –lanaren eta kapitalaren arteko harreman eraldatzailea (langile-enpresariaren irudia, zeinak parte hartzen duen kapitalean eta era berean, bazkide eta langile den), antolakuntza demokratikoa (bazkide bat, boto bat), konpromiso soziala, gizarte erantzukizuna eta elkartasuna, besteak beste – eta ahalegin horretan komunikazioak hartzen du protagonismo handia. Guztiarekin ere, eta itxura guztien arabera, badirudi kooperatibetan ere, komunikazio gaietan beti ez dela asmatzen.

Denak komunikatzen du. Langilea ez badago gustura ez du enpresaz ondo hitz egingo eta alderantziz.
Ondo diozun bezala, guztiak komunikatzen du. Erakunde batek ez komunikatzea erabakitzen badu ere, komunikatzen ari da.

Bestalde, aipatu beharra dago, erakundeak existitzen direla bizia ematen dietelako bertan lan egiten duten pertsonek. Eta hori horrela dela, erakundeak zein enpresak hasiak dira langileria enpresa edo erakundearen proiektuaren baitan integratzen. Ulertu eta sinetsi beharra daukagu erakundeko aktibo garrantzitsuena pertsonak direla. Berorien konpromiso, motibazio eta dedikaziorik gabe kaskarkeria da espero dezakegun bakarra. Ezin dezakegu aprobetxatu gabe utzi langileengan dagoen ezagutza, ekimenerako gaitasuna eta sormenerako ahalmena.

Halaber, hori guztia aurrera eramateko, ezinbestean komunikazioari izaera estrategikoa eman behar diogu, barne komunikaziori lehentasuna emanez. Barne komunikazioa nahitaezko erreminta bilakatu da egungo erakundeetan, pertsonen eta komunikazioaren garrantzia goraipatzen duen erreminta.

Gaur egun tresna asko daude barne-komunikaziorako, baina tresnak bitartekoak baino ez dira, zer behar da barne-komunikazio on baterako? Zein da errezeta?
Komunikazio erreminta ugari eta askotarikoak daude abisuak eta aldaketak helarazteko, mezuak bidaltzeko eta aginduak igortzeko. Haatik, benetako zailtasunak daude erakundeak zelan erabiltzen dituen. Ildo horretatik, erreminten erabilerak sortu du eztabaida ikertzaileen artean. Batzuentzat, berebiziko garrantzia dute. Besteentzat berriz, erreminta horiek dira barne komunikazioaren ondorioa, besterik ez. Horiek horrela, funtsezkoa bihurtzen da, beste hainbat gauzen artean, barne komunikazio erreminten eta mekanismoen ikerketa egitea. Izan ere, erremintak zehazki ezagutu ezean, ezin izango baita zehaztu zeintzuk egokitzen diren hobekien helburuak lortzeko. Gainera, erreminta batetik helarazitako komunikazioak gutxitan eragiten du beste erreminta batek helarazitako komunikazioaren ondorio berbera hartzaileek komunikazio erremintak balio ezberdinekin lotzen baitituzte. Edozelan ere, erakundeetan erabiliko diren komunikazio erreminta eta taktikak egongo dira estrukturaren, tamainaren, kulturaren eta langileen profilaren mende. Beraz, errezetak izan behar dute banakakoak eta norberaren testuinguruari egokitutakoak.

Bestalde, barne komunikazio on baterako ezinbestekoa bihurtzen da, aurrerago aipatu bezala, oso kontuan izatea konpromisoa, inplikazioa, parte hartzea eta langileen interakzioak bezalako ideiak.

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea? Zer suposatzen du horrek?
Jakin-minak dakar ikertzaile izateak. Hori bai, jakin-min hori asetzeko denbora behar da: denbora nahikoa. Horrenbestez, ikertzeak eskatzen du norberaren egunerokoan denbora atera beharra.