Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Zeramika piezek kontatutako Lizarraren historia
Erabiltzailearen akzioak

Zeramika piezek kontatutako Lizarraren historia

2017/10/25 - unibertsitatea.net
Jaime Aznar Auzmendi historialari eta arkeologoak Erdi Aroan Lizarrak merkataritza gune moduan izandako garrantzia aztertu du NUPen aurkeztutako bere tesian
Zeramika piezek kontatutako Lizarraren historia

Argazkia: NUP

Lizarra merkataritza gune garrantzizkoa izan zen Erdi Aroan, eta XIV. eta XVI. mendeen artean, bertako ekoizpena nagusi zen landa-gizarte izatetik, kosmopolitismoak eta konektibitateak markatutako agertoki burges batera pasatu zen. Hori guztia ondorioztatu daiteke hondakin arkeologikoak aztertuz gero, zehatzago esateko zeramika piezak. Horixe egin du Jaime Aznar Auzmendi (Iruñea, 1976) historialari eta arkeologoak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztutako tesian. Bikain "cum laude"a jaso du.

Ikerketan Aznarrek Lizarran 2000-2010 urteen artean egindako indusketa arkeologikoen emaitzak aztertu ditu. IX. mende bukaeratik XVI.mende hasierarainokoak liratekeen piezak hain zuzen ere. 

Lizarra hiri aberats bihurtu baino lehen, populazio gune sakabanatuak eta dentsitate txikikoek osatzen zuten ikerlanaren arabera. Antso I.a Gartzez erregearen eskutik Iruñeko monarkiak konkistatu zuenean aldatu zen egoera. XII eta XIII.mendeen artean Lizarra hazi egin zen, obra handiak egin ziren eta merkataritza bihurtu zen jarduera ekonomiko nagusia. Done Jakue bideak eragina izan zuen horretan.

XIV. mendean ziklo ekonomikoaren aldaketa izan zen, krisi politiko etengabeen eraginpean. Goseteak, Izurrite Beltza... Biztanle kopurua nabarmen txikiagotu zen. Zenbait auzo desgartu ziren. Gaztelaren aurkako gerra amaigabeak. 1512an errenditu zen Lizarra eta horixe izan zen "aspaldi amaitutako joritasunaren" epilogoa Aznarren esanetan. Kontaera historiko horretatik harago joan nahi izan du eta Ega bazterreko hiriaren historiara beste modu batez hurbildu.

Indusketetan aurkitu diren zatirik goiztiarrenak IX. mendearen amaierakoak edo X. mendearen hasierakoak dira, eta defentsarako egiturekin lotutako aztarnategietan zeuden. Aznarren esanetan gehienak sukaldeko tresnak dira, zenbait kasutan apaindura eta guzti."Horrek erakusten du Lizarra hiri oso bihurtu baino lehenagoko espazioan bazegoela bertako ekoizleen sare txiki bat, erdialdeko eta ekialdeko Nafarroan bezala".

Hiri guneko aztarnak XI. eta XII. mendeetatik aurrerakoak dira. "Teknikoki oso landuak diren lanabes batzuei buruz ari gara, gainazalen tratamendua daukatenak". Apaingarrien erabilera ere orokortzen hasten da eta horrek "Euskal Herria edo Errioxa bezalako eskualdeak bere baitan hartzen dituen merkataritza gune zabalago baten berri ematen du".

XIII-XIV. mendeetatik aurrera, bertako produkzioaren jaitsiera nabarmentzekoa da eta kanpotik ekarritakoen kopurua handitzen doa, bertako produkzioari gailendu arte. Berinaztatzea eta esmaltatzea ere hedatuko da. Apaingarriei dagokienez, lerro pintatuak gailenduko dira, eskematikoki zein figuratiboki. Sukaldeko, biltegiko edo mahaiko tresnetan ikusiko da hori, lerro sigi-sagatsuagoak eta landuagoak agertuko dira.

Aznarren esanetan, "lehenagoko alditik datorren merkataritza sarea nagusi da oraindik, eta horri gehitu behar zaizkio Muel, Huesca edo Teruel bezalako gune aragoiarretako produktuak. Ekialdea ere agertzen da, Manises, Alacant eta Castellótik etorriko aleak ere badirelako. Oso bakarka bada ere, Gaztelatik, Leondik eta Valladolidetik inportatutako piezak ere badaude, eta are Frantzia hegoaldetik ere, Montpellierretik, esaterako". Piezen bidezko ibilbide honek agerian uzten du merkataritzaren eragina.

Bilaketa
Hemeroteka

Hemeroteka

Argazki galeria
 
bisitari