Dokumentuaren akzioak
"Landa-ingurunearen aukerak eta erronkak klima-aldaketaren aurrean" Workshopean parte hartzeko deialdia egin dute
Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa zentroak Klimagune Workshopa antolatu du. Aurtengoa 5. edizioa da eta "Landa-ingurunearen aukerak eta erronkak klima-aldaketaren aurrean" da gaia.
Klimagune Workshopa klima-aldaketari buruz eztabaidatzeko zientzia-politika foroa da eta ezagutza, proiektuak eta garapenak partekatzea da helburua. Euskal gizartean eztabaida eraikitzailea sortu nahi da landa-ingurunearen erronkei, aukerei eta oztopoei buruz eta hori dela eta, gaian zeresana duten ikertzaile eta erabaki-hartzaileei beraien gogoeten ekarpenak egiteko deialdia ireki dute.
Gai hauetan hausnartu nahi da batik bat:
- Nekazaritza eta abeltzaintza-sistemak.
- Baso-kudeaketa.
- Energia, garraioa eta landa-ingurunearekin lotzen diren beste sektore batzuk.
- Giza portaera, heziketa eta politika publikoen rola.
- Hiritar/landatar dualtasuna eta lurralde-antolamendurako eredu sozioekologiko berriak.
Proposamenak urriaren 30a aurretik bidali behar dira eta euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz aurkeztu daitezke.
Abenduaren 4an ospatuko da UPV/EHUren Bizkaia Aretoan eta doako jardunaldi publikoa den arren, izena eman behar da abenduaren 2a aurretik.
(Iturria: BC3)