Irati Fernandez: “Teknologiak geroz eta leku gehiago izango du itzultzaileon lan-ohituretan”

UEUk UPV/EHUren lau berezko titulu sustatu ditu 2019/2020 ikasturterako; tartean “Itzulpengintza eta teknologia” izenekoa. Zazpigarren edizioa du graduondoko honek eta azken edizioan parte hartu du Irati Fernandez hendaiarrak. Itzulpengintza eta Interpretazioa egin zuen Fernandezek UPV/EHUn, eta Miarritzeko udaletxeko euskara zerbitzuan lan egiten du gaur egun.

Zerk bultzatu zintuen graduondokoan izena ematera?
Itzulpengintza eta interpretazioko gradua bukatzear nengoela lanean hasi nintzen itzultzaile bezala lanaldi partzialean. Iruditzen zitzaidan nahiz eta lau urtetan asko ikasi, aberasgarria izan zitekeela gehiago sakontzea. Denbora librea nuenez, erabaki nuen graduondoko hau egitea.

Zer nolako esperientzia izan da?
Esperientzia ona izan da. Metodologia asko gustatu zait, ikastaroa online egiteak askatasuna ematen dizulako: nahi duzunean eta nahi duzun tokian egin ditzakezu lanak. Gainera, zereginak ariketa praktikoak dira gehienetan (teoria irakurri ondotik) eta iruditzen zait itzultzaileentzat hori dela ikasteko modurik onena.

Itzulpen automatikoetan oinarritu duzu zure graduondo amaierako lana. Itzultzaile profesionalen eta erabiltzaile arrunten helburu-testuen arteko aldeak aztertu dituzu. Zerk eraman zaitu hori aztertzera?
Banuen jakin-mina itzulpen automatikoaren inguruan, azken urteetan izan dituen aitzinamenduak ikusita, ea itzultzaile profesionalen lana aldatuko ote duen, zein izango diren horren ondorioak merkatuan…

Zeintzuk dira atera dituzun ondorioak?
Oraindik lana bukatzen ari naiz, baina badirudi Euskal Herriko itzulpen enpresetan jadanik gogoetatzen hasiak direla itzultzaile automatikoaren eta bere ondorioen inguruan. Bestalde, esan dezakegu emaitza desberdina izango dela itzulpen automatikoa itzultzaile profesional batek erabiltzen badu edo erabiltzaile arrunt batek erabiltzen badu.

Zergatik gomendatuko zenioke jendeari graduondokoan izena emateko?
Gaia interesgarria delako, azken finean, itzultzaileok teknologiarekin lan egin behar dugu eta gainera, geroz eta leku gehiago izango du gure lan-ohituretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude