Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketak. Komunikazioak bidaltzeko deialdia.

Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketak: Egungo Ikerlerroak.

Urte askotako etenaldiaren ondoren, eta hizkuntzalaritza-saila biziberritzeko asmoarekin, Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketak antolatzeari ekin diogu.

Eremu zabala hartzen du, inondik ere, hizkuntzalaritzak. Izan ere, hizkuntza ikergai dugunok askotarikoak gara formazioz eta askotarikoak ditugu lan- eta ikerketa-eremuak ere. Hizkuntzalaritzak eta hizkuntzalaritzako adar aplikatuek (soziolinguistikak, neurolinguistikak, hizkuntzalaritza konputazionalak…) ez ezik beste hainbat jakintza-arlok ere hizkuntza dute aztergai, hala nola, itzulpengintzak, glotodidaktikak, filosofiak… Bada, topaketetan horiek guztiak biltzea litzateke gure helburua, eta ikerlarion arteko truke honen ondorioz, diziplinarteko elkarlanari ere ateak zabaltzea.

Egungo ikerlerroak  
Egungo Ikerlerroak ezarri ditugu jardunaldi hauen ildo nagusi gisa, leku egin nahi baitiegu hizkuntza aztergai duten jakintza-arlo horietan guztietan abian diren proiektuei edota ikasleak egiten ari diren (edo egin berri dituzten) tesi-lanei. Hartara, jakin ahal izango dugu zertan ari garen, zein proiektu darabilgun esku artean edo zein tesi lantzen ari diren alor ezberdinetako doktoregaiak. Galdera horiei erantzuten saiatuko gara guztion artean, eta horrela, beharbada, hutsuneak detektatuko ditugu edota gure arteko elkarlanak sortzen ahalko dira.

Jardunaldiak egun bakarrean egingo dira, Uztailaren 4an, Eibarren, 2013ko Udako Ikastaroen barne. Hasteko, aurkezpen-hitzaldi bat izango da, eta ondoren, komunikazioak etorriko dira. Jardunaldiak amaitzeko, mahai-inguru bat antolatzeko ideia ere badarabilgu.

Gaur Topaketarako komunikazioak bidaltzeko deialdia irekitzen dugu.

Komunikazioak:
Aurkezpenak 15 minutukoak izango dira, eta beste 5 minutu galdera-erantzunetarako.

Zer egin?
Bidali  UEUko Hizkuntzalaritza sailburuei (hizkuntzalaritza@ueu.org) honako informazioa:

  • Komunikazioaren izenburua
  • Egileen izen-deiturak
  • Harremanetarako posta elektronikoa
  • Komunikazioaren laburpena (gehienez orrialde batekoa)

Epea:
Aurkezpenak bidaltzeko azken eguna 2013ko apirilaren 12a izango da

Informazio gehiago:
Ainhoa Latatu
a.latatu@ueu.org
943 82 14 26

Iruzkinak (3)

Utzi erantzuna ainara(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude