Iosu Florentino UEUk Baionan antolatutako ikastaro bitxi baten arduraduna izan da, “Clown“moduan hastekoa, hain zuzen. Florentino KABIA antzerki ikerkuntza guneko partaidea eta Bilbao eszenako irakaslea ez ezik, irakasle-eskolako ikaslea ere bada. Bere ikastaroan Clownen izaera landu du eta ikasleei sentimenduen garrantzia erakutsi die, horiek positiboak zein negatiboak izan, duten garrantzia azpimarratuz.
Zeintzuk dira “Clown” ikastaroarekin lortu nahi dituzun helburuak edo landuko dituzun ideia garrantzitsuenak?
Ikasleak Clownen izaera nolakoa den ezagutzea bilatu dut; horien teknikak barneratzea, begiradak ezagutzea, nola funtzionatzen duen sudurra ipintzerakoan, zelako erlazioa duen publikoarekiko,etbar. Gainera, ikasleek jakin behar dutepailazoak eurek direla, baina izaera handitu batekin. Beraz, jarrerak ezagutu
behar dituzte eta horietaz gozatu, bai jolasterakoan, galtzerakoan,
irabazterakoan…
Alaitasunaren emozioa landu nahi duzu edota
gizabanakoak senti dezakeen edozein emozio?
Ateratzen diren
emozioen inguruan aritu naiz. Pailazoek irria bilatzen dutela egia
da, baina beste hainbat gauza ere bilatzen dute. Beraz, jolasen bidez
sortu daitezkeen emozioetan sakontzea eskatu diet ikasleei eta ez,
irrian soilik. Clownen inguruan dagoen ohiko emozioa alaitasuna bada
ere, ez da bakarra. Izan ere eta adibide modura, atzoko saioan
momentu oso hunkigarriak bizi izan genituen, pailazoak izan ditzakeen
beldur eta lotsak aztertzerakoan.
Esango zenuke
gizarteak pailazoen ezaugarriak bereganatu behar dituela bere
egunerokotasunari aurre egiteko? Emozioen maisuak, izaki libreak
edota komunikatzaile onak izaten ikasi behar dugu?
Bai, nola ez. Nire ustez,
gainera, gizarte honetan gero eta gehiago erakusten eta barneratzen
digute emozio batzuk onak direla eta beste batzuk, aldiz, txarrak.
Hori kaltegarria da. Baina maizago pailazoak izango bagina eta gure
emozioak gehiago azalduko bagenitu, osasuntsuagoak izango ginateke.
Nori zuzenduta dago ikastaro hau? Zer esparrutako jendeak
erabaki du honetan parte hartzea?
Oro har edozein pertsonari
zuzendutako ikastaroa izan da, bere buruarekin jolastu eta barre
egiteko gogoa duen edonori. Baina, gehienbat, irakasleak nagusitu
dira eta haiekin oso gustura ibili naiz. Kasualitatez ni ere ikaslea
naiz, irakasle-eskola ikasten bainabil, eta argi daukat horrelako
gauzak ez direla ez ikasten ez irakasten esparru honetan. Beraz, nik
esango nuke irakasleek behar bat ikusten dutela ikasleekin aurrera
eraman beharreko komunikazioa bideratzeko orduan. Era berean, klaseak
emateko era originalagoak ikasteko aukera paregabea da.
Oso ikastaro
originala izan da zurea. Erabilitako materiala edo metodologia ere
horren originalak dira?
Agian beste ikastaroekin
alderatuta ezberdinagoa da, baina berez jolasetan oinarritu naiz.
Horrtaz gain, ikasleen arteko erlazioa sendotu eta konfiantza
handitzeko ariketatxoak egin ditugu. Teoria landu badugu ere, horrek
espazio txikia izan du ariketak egiten genituen bitartean.
Planteamendu hori martxan jarri dut, azken batean teoria praktikara
eramanez gehien ikasten baita.
Zuk Clown gizakia
zureganatua daukazu egunerokotasunean? Esan daiteke pailazoaren
sudurra zure bizitzako osagarri bat dela?
Bai, beti nirekin
edukitzen saiatzen naiz eta, ahal dudan guztietan, sudurraz
gogoratzen naizenean, ipintzen ez badut ere, nire begirada
kanpoaldera edukitzen ahalegintzen naiz. Izan ere, begirada clownen
beste ezaugarri garrantzitsuenetariko bat da.
Clown ikastaroa
non da erabilgarriagoa, lan munduan ala bizitza pertsonalean?
Bizitza pertsonalean,
nire ustez. Hala ere, bizitza pertsonala lan munduaren barruan
dagoenez, lan munduan ere bai.