Aitor Gabilondo “Irakaspen lana aktore baten ikuspegitik ikustea bilatzen dut”

Aitor Gabilondo aktorea, abeslaria eta irakasle izateaz gain, UEU Baionan aurrera eramaten ari den “Irakasleak eszenan” ikastaroaren arduraduna ere bada. Ikastaro horretan, irakasleek jendaurrean betetzen duten lana aztertuko da. Izan ere, aktoreek bezala, irakasleek ere “publikoa” baitaukate eta, nola ez, horren arreta piztea ezinbestekoa da. Horretarako, Gabilondok arnasketa, gorputza, ahotsa, espazioa, hizkuntza, etab. landuko ditu.

 

<img src=”%3Ca%20href=” IMG_1488

 

Irakaslea eszenan” ikastaroaz arduratzen zara UEUk Baionan antolatu dituen ikastaroetan. Zeintzuk dira lantzen dituzun ideia garrantzitsuenak eta lortu nahi dituzun helburuak?

Irakaspen lana aktore baten ikuspegitik ikustea bilatzen dut eta, beraz, hainbat lan tresna irakasten dizkiet ikastaroko ikasleei, euren lana ziurtasun handiagoz egin dezaten.

Zu aktorea izateaz gain, irakaslea ere bazara. Esango zenuke aktore lanak erraztasuna eman dizula ikasleen aurrean lan egiterako orduan?

Izugarri eta esperientzia horrexetatik dator ikastaro honen ideia. Nire aktore prestakuntzagatik hainbat egoera eramangarriagoak izan dira eta, nolabait, sentsazio horietatik abiatuta bururatu zitzaidan ikastaro hau egitea. Gainera, nire lankideek gurasoen aurrean egin beharreko hainbat ekintzatan pasatzen zituzten momentu txarrak ere presente izan ditut ikastaroaren beharra ikusterako orduan.

Nori zuzenduta dago ikastaroa, jende lotsatiari edo lotsabakoari?

Irakasle bat zenbait egoeratan aurkitzen da jendaurrean egotean, eszena egoeretan alegia: ikasleen aurrean, gurasoen aurrean, beste lankideen aurrean… eta, beraz, beharrezkoa da egoera hauei aurre egiten jakitea. Egoera horiek gehienetan lotsarekin lotura zuzena dutela kontuan izan behar da.
Lotsagabetasunari begira, ez dakit hau arazo bat izan daitekeen, agian bai, baina normalean lotsagabetasunetik zerbait ateratzen da eta ez da negatiboa izaten. Hortaz, landu beharreko esparrua, eszenara atera eta blokeatzen garenekoa da, horretan lotsa falta dagoenean baino arazo larriagoa ikusten baita.

Zihurrenik lotsa pasatu izan duzu bizitzako momenturen batean. Hori ekiditeko trikimailuen berri emango diezu ikasleei?

Askotan! Ezinegona edo beldurra sentitzen dugun egoeretan, gakoa arnasketa da, hau da, jendaurreko egoera batean gaudenean eta oso gaizki pasatzen ari garenean, hori guztia orekatzeko erarik erresena arnasketari bere lana egiten uztea da. Arnasketa kontrolatzen saiatzen bagara eta gorputzak berez egin ditzakeen gauzak guk geuk egin nahi baditugu, orduan egoerak okerrera egingo du. Arnasketari bere bidea egiten uzteko, ezinbestekoa da horri entzutea eta horixe zailena da, hots, tentsiozko egoeretan isiltasuna lortzea norberaren barruan topatzea. Hala ere, gomendio hori azaltzea erraza da, baina praktikara eramatea, aldiz, zaila. Beraz, “Irakaslea eszenan” ikastaroan horretaz arduratzen ari naiz: ikasleek egindakoa grabatzen dugu eta, ondoren, ikusi. Horrela, zure ahotsa entzutean edo zure irudia ikustean, sentitzen den lotsa menperatzea bilatzen dut eta bakoitzak bere irudiarekiko duen pertzepzioa onartzea edota, era negatiboan ikusten dugunean, horixe aldatzea.

Ikasleei eta irakasleei zuzendutako ikastaroa bada ere, esan dezakegu egun hainbat esparrutako jendeak aurkeztu behar duela bere burua jendaurrean. Horiei ere gomendatuko zenieke ikastaroa?

Jendaurreko egoerak kudeatu behar dituen edonorentzat egokia da ikastaro hau. Baina ikasle eta irakasleei zuzendu diegu, irakasleek euren burua klase osoaren aurrean egunero aurkezten dutelako eta, era berean, irakasleak ikaslea gainontzeko gelakideen aurrean aurkezpenak egitera behartzen duelako. Beraz, irakasleak horrelako egoerak sortzen ditu bere ikasleekin eta, horregatik, bere egoera pertsonalak kontrolatzen erakusteaz gain, ikasleek klasean bizi dituzten tentsio eta lotsa egoerak nola kudeatu ere lantzen ari naiz.

Zure ikastaroko ikasleak eszenako irakasle bikainak bihurtuko dituzu, baina aktore ukitu bat ere berenganatuko dute?

Aktore lanaren funtsa zure benetako emozioak benetakoa ez den pertsonai bati ematea da. Alde horretatik, gu ez gara sartu ikasleen sentimenduetan edota pertsonaiak nola landu behar dituzten.  Beste pertsona batzuen aurrean egotean sentitzen ditugun sentsazioak landu nahi ditugu, nola lortu dezakezun zu gehiago izatea. Norbanakoa berarekin gero eta hobeago sentitzean, bere lana era egokiagoan gauzatuko du, hobeto komunikatuko da, benetakoagoa eta naturalagoa delako. Beraz, ez gara sartuko pertsonaia baten lanketan, norbanakoaren naturaltasunean baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude