Uxoa Anduaga: “Frantses edo Espainiar perspektibatik askotan galdetu diguten zerbait izan da Euskal identitatea

Euzkadi: Euzkotarron aberria da?: Euskal identitatearen hausnarketa XXI.
mendearen hasieran
” ikastaroa
hasi dute Baionan Uxoa Anduaga eta Koldo Diaz Bizkarguenaga soziologoek. EHUko
ikertzaile aurredoktoralak dira, eta bakoitza bere tesian buru belarri
dabiltzan arren, lantzen ari diren ikergaiak komunean jarriko dituzte ikastaro
honetan.

<img src=”%3Ca%20href=” SAM_1229

Titulutik hasiko gara. Galdera bat planteatu duzue: “Euzkadi euzkotarron
aberria da?” Ez al da ba?

Ikastaroaren abiapuntutzat izan genuen eta azkenean izenburu bezala
ipini dugu. Galdera bezala planteatzearen arrazoia, duela mende bat esandako
esaldi honek gaur egun euskal identitatea ulertzeko moduarekin ez delako guztiz
asegarria jarri genuen. Izenburuaren barnean dauden elementu asko kolokan jar
daitezkeela pentsatzen dugu eta hori da pixka bat kurtsoan zehar planteatu
nahiko genukeena.

Euskal identitatea zer den baino, nola garatzen den aztertu duzue. Zein
alor hartu dituzue kontuan prozesu horretan?

Euskal identitatea aztertzerakoan ikusi dugu historian zehar oso ikuspuntu
existentzialista batetik aztertu dela. Guk hortik aldendu nahi izan dugu pixka
bat. Pentsatzen dugu gauzak beste modu batean ere egin daitezkeela, bai
formetan eta baita edukian ere. Kurtsoak aukera hori eskaini digu formetan.
Neurri batean akademiak proposatzen duen ikasle-irakasle baldintza hori
apurtzeko aukera izan dugu; gu dinamizatzaile kontsideratzen gara eta besteak
ere ez ditugu ikasle hutsak kontsideratzen, baizik eta guztion artean hartu
eman bat izan nahi dugu eta hori UEUk eman digun aukera bat izan da.

Bestaldetik, edukiari dagokionez,
uste dugu orain arte euskal identitatea erantzun orojakileetatik abiatu dela,
diziplina asko nahastu direla eta ez dela azkenean ezer argirik ikusi. Guk
ikuspuntu soziologiko batetik abiatuz, eta umiltasunarekin ere bai,
iker-galdera euskal identitatearen inguruan zehaztu nahi izan dugu; berbideratu
eta itxi. Izan ere, etapa edo bide horretan gauza asko nahastu dira. Horretan
ere ikusten dugu gure helburua ere badela adibide eta ikerketa oso
konkretuetatik orokortasunera eramatea. Horregatik ere etorriko diren hizlariak
beraien ikerketa proiektu zehatzak azaltzera etorriko dira eta hauek abiapuntutzat
hartuz orokortasun bat nahi dugu eman.

Aniztasuna bilatzen dugu. Euskal
identitatea askotan ez da ongi definitu edota esparru jakin batzuetara mugatu
da. Ikusten dugu badagoela egonezin bat hainbat diziplinetatik: artea,
soziologia, antropologia… hau lantzeko.

Ikastaro honen
helburua, azalpen teoriko edo zientifikoak eman baino, ikasleei gogoeta eta
hausnarketarako bidea irekitzea da, ezta?

Hori da, guk hasieratik uste genuen eduki asko zegoela jorratzeke eta
mami asko ateratzeko. Ez dugu uste, gainera, emaitza edo erantzun batekin
bueltatuko garenik Baionatik, inondik inora ere. Bertako parte-hartzaile
guztion artean, zenbait galdera egin nahi ditugu eta ea guztion artean
aberasten goazen. Guk bigarren egunean proposamen bat luzatuko dugu; helburua
izango da guztion artean eztabaida eta hausnarketa komun bat bideratzea.

Zer espero duzu ikastarotik? Jendeak parte hartzea?

Ohiko esparru edo marko akademikotik pixka bat ateratzeko, ez dugu nahi
izan ikastaro guztia maila teorikoan izatea. Horregatik, praktika sartu nahi
izan dugu. Pentsatzen dugu praktika ere aberasgarria izango dela. Praktika
bideratuta dago norberak euskal identitatea eta euskalduntasuna nola
irudikatzen dituen ikustera. Orduan, pentsatzen dugu oso aberasgarria izango
dela bakoitza bere esparrutik, maila mikrotik, maila pertsonal horretatik
alegia, euskalduntasuna nola ulertzen duen ikustea. Azkenean, hausnarketa bat
bideratzen duelako horrek ere.

 

 

Euskaldunok
identitatearen kontuarekin obsesionatuta gaude, edo hau gizarte guztietan
gertatzen den zerbait da?

Baliteke euskal obsesio bat izatea identitatearen kontu hau. Egia da,
gure partez, kurtsoa prestatzean lehenengo galdera etorri zitzaiguna izan zela
zergatik landu euskal identitatea eta ez espainiarra edo frantsesa. Gaian sakontzen
hasi ginenean konturatu ginen egia zela euskalduna izan dela euskara duena eta
definizio batzuk eman zaizkiona, baina ez direla bat ere asegarriak. Zalantza
hauetan sartuta konturatu ginen euskalduna beste identitate bat dela eta
jorratu beharreko zerbait. Planteatu zen gauzetariko bat izan zen frantses edo
espainiar perspektibatik askotan galdetu diguten zerbait izan dela euskal
identitatearen kontzeptua. Agian, justifikazio bat edota etengabeko
legitimitate baten bila egon gara gure identitate horretan. Historikoki oso
nabarmena izan da nazio eraketan esaterako, zer esanik ez euskalduntasun
eraketa batean oso zapaldua izan dena. Agian egoera honetan sentitu dugu
identitatea eta nortzuk garen azaltzeko beharra.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude