Bileren beharra inork ez du
kuestionatzen, baina horien eraginkortasuna edo baliagarritasuna askok eta
askok. Egun, edonoren bizitzan bilerek tarte bat daukate, ez dugu enpresari,
zuzendari, irakasle…izan behar horietan parte hartu behar izateko eta, beraz,
horiek prestatzerako orduan, zenbait teknika ezagutu behar ditugu. Teknika
hauen bidez, bileren dinamizazio egokia lortu ahal izango dugu. Ondorioz,
zabaldu nahi den informazioa era egokian transmitituko da. Horrela, askotan
bilerak aurrera eraman baino lehen, batzarren prestakuntza pertsonala gauzatu
behar da. Era horretan, lortu nahi ditugun helburuez gain, bileren
eraginkortasuna eta baliagarritasuna ere lortuko baititugu.
Eli Moreno Carrillo psikologoa,
bitartekari familiarra eta sexologoa da. Gaur egun orientatzaile lanak eta
formazioa tartekatzen ditu, baina aste honetan UEUk Baionan antolatutako
ikastaroetan “Bileren dinamizazioa” kurtsoaz arduratuko da. Ikastaro honetatik
lortu nahi duen helburu nagusia honakoa da: bilera eraginkorrak aurrera eramateko
tresna eraginkorrak ezagutaraztea. Ikastaro arrakastatsua izaten ari dela garbi
dago, talde oso heterogeneoak parte hartu baitu horretan; irakaskuntzako
jendeak, sindikatuetakoak, enpresetakoa…
Sarritan egon gara bilera batean,
eta gehienetan horietan ez da informazioa era egokian transmititu. Jarraitu
beharreko pausuak sinpleak omen dira: lehenik, antolakuntza jakin bat izan
behar dugu bileren aurrean eta, nola ez, garapen zuzena. Dena den, orokorrean,
Morenoren esanetan, “gizabanakoak ez daki dinamizatzaile ona izaten”. Horren
aurrean, bere gomendioak, sistematikoak izatea, erabiliko diren teknikak
ezagutzea, jendearekin enpatizatzea eta zenbait teknika erabiltzea proposatzen
ditu. Egia da ere norberak bere nortasun ukitua agerian uzten duela bileretan,
baina horren aurrean ez omen dago zereginik. Hala ere, horixe kontrolatzeko
beharra izango dugu, teknikak aplikatzeaz gain, gure jarrera zuzena izatea ere
derrigorrezkoa delako.
Ikastaroa aurrera eramateko,
klase praktikoak abian jarri ditu Morenok. Horretarako, role-playing teknika
martxan ipini du, besteak beste, antzezpenetan oinarritutako teknika baita.
Hori guztia ikusita, argi geratzen da probetxuzko ikastaroa izateaz ez ezik,
erabat baliagarria ere bada horretaz gozatu nahi duen edonorentzat.