AOIk ikasle edo langile prestatuak heztea du helburu

“Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza (AOI) metodologia eta IKT unibertsitateko irakaskuntzan” izenburupean hasi da gaur Eibarko Markeskoa jauregian UEUk antolatutako ikastaroa. Hezkuntza metodologia hau ulertu eta praktikan jartzeko gakoak azalduko dizkiete ikasleei Iratxe Esnaola eta Olaia Jimenez irakasleek. Gu beraiekin izan gara solasean.

Azaldu labur mesedez zertan oinarritzen den AOI, irakurleek uler dezaten.
AOI edo Arazoetan Oinarritutako Irakaskuntza ikaste prozesu bat da, non ikasleek elkarlanarekin arazoak konpontzen dituzten beren esperientzietan oinarriturik. Irakaslearen parte hartzea gidari eta orientatzailearena da, arazoen konponbidea aurkitzeko bidea eman behar diete ikasleei, harremanak horizontala eta dialogikoa izan behar du. Metodo honen bitartez talde lana eta bakarkakoa bultzatzen dira, ikasleek beren taldeen ardura hartzen dutelarik. Bertan ikasleei arazo bat planteatzeko eskatzen zaie, eta arazo horri konponbidea bilatuz ikasketa prozesua aurrera eramaten dute. Azkeneko ebazpenekin emaitza soil bat lortu baino, ikastea eta arazoa edo gaia bizitzan bertan islatzea lortzen dute.

Euskal Herriko eta nazioarteko AOI-ren egoeraren artean zein alde dago?
Iruditzen zaigu esperientzia bakoitzean AOI metodologiak bere izaera hartzen duela  kontutan izanda lantzen ari garen arazoaren testuingurua, ikasle taldea, jakintza eremua, fakultatearen kultura, irakasleen egiteko erak… Beraz, AOIren aplikazioan aldeak beti egongo dira nahiz eta ezaugarri komunak izan, adibidez, arazoaren planteamendua eta eman beharreko urratsak. Ez dugu uste eredu ezberdinez hitz egin behar denik jakinik irakasleen esku hartzeak erabat baldintzatu dezakeela metodologia baten edo bestearen izaera, bai ordea metodologia beraren aldaera ezberdinez.

Hemen zein puntutaraino aplikatzen da?
Egoera ezberdinak daudela iruditzen zaigu: batetik, Hezkuntza Proiektuan txertaturik dutenak, hau da, metodologia bezala agertzen diren kasuak egon badaude; eta bestetik, erakunde mailako planteamendua izan ez arren irakasleek beraien kasa metodologia ezberdinekin frogatzen ari direnak.

Zer ekarpen egin ditzake AOI-k?
Ekarpen interesgarriak egin ditzakeela uste dugu eta zer esanik ez IKT eta AOI planteamendua osatua denean. Kontuan izanda jendartearen eta lan eremuko erronkak, hauek aipatuko genituzke: Hasteko autoikaskuntza, jarrera ekintzailea eta auto-arautzeko trebatzen du ikaslea, gainera arazoen ebazpenaren aurrean, prozesuen bilakaeran eta eraldatzean jarrera proaktiboa bultzatzen du. Aipatzekoa da baita ere sistema honek dakarren lan-taldeko partaidetza eta horrek guztiak eskatzen duena, komunikazioa, asertibitatea, jarrera kooperatiboa eta abar. Gainera arazoaren ebazpenaren emaitzen aurkezpenean ere aldaketak dakartza, ahozko zein idatzizko komunikazio konpetentzien garapena beharrezkoa baita IKTetan integratua. Azkenik, esan, prozesuetan murgilduta egoteak eskatzen duen malgutasuna ezagutzea eta horretan trebatzea ere garrantzizkoa dela, eta tituludun hutsak ez ezik, AOIk ikasle edo langile prestatuak sortzea du helburu.

Zer garrantzia dute IKT-ek gau egun unibertsitateetan?
IKTak, unibertsitatean eta, oro har, hezkuntza zentro guztietan ezinbestekoak dira. Baina  ez dira tresna soiltzat ulertu behar, IKTen erabilera bera ez baita helburua: IKTak helburu akademikoak lortzeko bitartekoak dira. Horretarako, ordea, bi alderdi hartu behar dira kontutan: batetik, marko pedagogiko koherente batean aplikatu eta integratzea; eta, bestetik, aplikatu eta integratu nahi diren IKTek hezkuntza-proiektuan zehazten diren balio eta printzipioekin bat etortzea. Horrela soilik probes gaitezke IKTen  izaera hezitzaileaz.

Nola uztartzen dira AOI eta IKT?
Hezkuntza proiektu baten koherentziaren laguntzarekin, alegia, hezkuntza proiektu batean ongi erroturik. Esango genuke uztarketa horretan argi izan behar dela IKTak ez direla baliabide bat soilik baizik eta AOIn abian jartzen den prozesua IKTek eskaintzen dituzten aukeretan kokatzen dela eta helburu akademikoak lortzera bideratzen gaituztela. Arestian aipatutako ideiak ahaztu gabe, adierazi nahi dugu WEB 2.0 tresnak erabili behar direla baliabide bezala bai talde lana eta bai bakarkakoa ahalbidetzeko, ez bakarrik lana egin eta horren emaitzak islatzeko. Web 2.0 eta AOIren jarrera bateratzen dira elkarlana, ezagutzaren eraikuntza, kooperazioa eta abar bezalako kontzeptuetan. Tresna erabilgarrienen artean egutegiak, berriak, foroak, taldeak, taldeen karpetak, inkestak, wikiak, buru-mapak… daude eta baliagarriak dira antolakuntzarako, taldeen osaketarako, talde lanen bilduma egiteko eta komunikaziorako.

AOI eta IKTak erabiliz eta egokituz emaitza oso onak eman ditzakete, beraz, mezua argia da: egiten ikasi behar dugu irakasleok eta hein berean, ikasleek ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude