Existitzen ez den lurraldeari argazkia


Inurri lana egin dute Gaindegia-ko kideek; Ipar Euskal Herriko argazkia egiten saiatu dira, bertako errealitate sozioekonomikoa ezagutzera eman asmoz. 1999. urtetik INSEEk (Frantziako estatistika eta ikerketa departamentuak) ez baitu Ipar Euskal Herriko daturik ematen. Lanaren zailtasuna nabarmendu zuten atzokoan Eneko Bidegain kazetariak, Lontzi Amado politologoak eta Eguzki Urteaga soziologoak UEUko udako ikastaroen baitan antolaturiko ‘Ipar Euskal Herriko argazki sozio-demografikoa’ txostenaren aurkezpenean. Lontzi Amadok, zailtasun horiek direla medio, txostena, oso baliagarria dela onartu arren, argazkia baino, zoritxarrez, pintzelada lodia dela adierazi zuen.

Egoera sozioekonomikoaz mintzatu zen Urteaga, eta hainbat datu kezkagarri ere aipatu zituen. Herri izaera onartzen dion legea bada, eta neurri batean politika publiko propioak garatu ahal izan baditu ere, Iparraldeak ez du benetako instituziorik, ez du aurrekontu propiorik, ez du konpetentziarik eta beraz, kasik ez du politika propiorik egiteko aukerarik.

Aipatu arazoen artean, unibertsitate propiorik ez izatearen kalteak nabarmendu ditu Urteagak. Izan ere, urtero, 8.000 ikasletik gora Ipar Euskal Herritik kanpora joaten da goi mailako ikasketak burutzera, eta horietako asko ez dira itzultzen. Arrazoi nagusia, soziologoaren hitzetan, Iparraldean goi mailako lan posturik ez dela sortzen.

Gabeziak eta etorkizuneko aukerak

Aktibitate tasa, hau da ehunetik zenbatek lan egiten duten azaltzen digun datua, egoera sozioekonomikoaren argazkia egiteko adierazle garrantzitsua da. Iparraldean %40,7koa den bitartean, hegoaldean %58koa da kopuru hori. Eta eredu beharko luketen herri nordikoetan, Eskandinavian, %74ra igotzen da zifra. Datu hori Ipar Euskal Herriaren gabezia baten adierazle da. Sortze tasa altua, erretretadunen kopuru altua, 50 urtetik gorakoen aktibitate tasa ahula aipatu ditu horren arrazoi gisa.

Hegoaldearekin alderatuz, iparraldeak industria gabezia nabarmenak dituela ere nabarmendu nahi izan zuen, langile bikoitza ari baita industrian lanean mugaren beste aldera. Orokorrean ekonomiaren dibertsifikazioa oso urria dela aipatu zuen, eta baita horren arriskuak aipatu ere. Iparraldean laborantzak eta turismoak huts egingo balute gainbehera geldiezina litzatekeela dio.

Urteagaren irakurketa, ordea, ez zen guztiz ezkorra izan, Ipar Euskal Herriak geroari begira giza eta teknologia baliabideak badituela azpimarratu baitzuen. Horretarako ikerkuntzan eta garapenean inbertitu beharko litzatekeela azaldu zuen eta goi mailako postuak sortu beharko liratekeela.

Bertakoak eta kanpokoak euskal ikuspuntutik

Eneko Bidegainek biztanleriaren eta familiaren atalaren inguruko irakurketa egin zuen. Berezko saldoa negatiboa da Ipar Euskal Herrian, baina etorkinei esker populazio handitzea jasan du Ipar Euskal Herriak. Dena den datu horiek interpretatzerako garaian euskal ikuspegitik hainbat zailtasun onartu ditu Bidegainek. Izan ere, biztanleriaren %95,7 bertakoak direla dio txostenak. Baina nortzuk dira bertakoak? Hego Euskal Herriko euskaldunak atzerritarrak dira? Estatistiken aburuz bai, baina ez euskal ikuspegitik. Era berean, Frantziatik etorritakoak bertakoak bezala edo atzerritar bezala hartu beharko genituzke? Halako gogoetetan jardun zuen Bidegainek.

Lontzi Amadok bere aldetik, estatistika hizkuntza bat dela kontuan hartzeko eskatu zien UEUko udako ikastaroen baitan antolatutako txostenaren aurkezpenera hurbildu zirenei. “Gaindegiak existitzen ez den eremu bat sorrarazteko egin du txosten hau”, adierazi zuen. Ipar Euskal Herria sortzeko, hain zuzen ere.

Baina kasu honetan Ipar Euskal Herria objektu bezala existitu araztea eta estatistika propioak izatea oso zaila dela gehitu zuen, izan ere, Ipar Euskal Herria inguruko lurraldeekin erabat lotuta dago. Beraz, emandako datuetan, estatistika guztietan bezala, distortsioak badirela onartu zuen.

Gaindegiaren ahaleginen zailtasunek eta distortsioek Amadorengan frustrazioa eragiten dutela onartu zuen. Baina politologoaren ustez, zailtasun, distortsio eta mugak onartuta ere, txostena ideiak eta hipotesiak botatzeko baliagarria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude