Josu Chueca: “Bi Mundu Gerrek eragin handia izan zuten Ipar Euskal Herriko frantses abertzaletasunean”

“Ipar Euskal Herria bi gerlen artean: 1918ko garaipenetik 1940 porrotera” izenburua nahikoa esanguratsua bada ere, ezin genuen Josu Chueca EHUko Historia Garaikideko irakasle eta UEUko kidearekin hitz egiteko parada galdu. Egunotan Baionako IUT unibertsitatean egiten ari diren ikastaroaren nondik norakoak komentatu ditugu irakasle nafarrarekin.

Gaiari buruz galdetu eta Chuecaren erantzuna argia izan da: “Gaiak ez du gaurkotasunik galdu zoritxarrez, gaur egun etorkizun hobe bateruntz joan beharko genukeenean, XXI. mendean sartu gara eta aurreko mendeko marka gainditzeko asmoa dugula dirudi”. Batzuetan, batez ere hegoaldean, gerra zibilak izan zituen ondorio latzak, Lehen eta Bigarren Mundu Gerren eragina lausotu egin dute,  baina historialariak dioenez: “XX. mendeko gudek nazioarteko dimentsio bat hartu zuten, batez ere suntsipen ahalmena ikaragarri hazi zelako hildakoak biderkatu egin ziren eta ez bakarrik  militarren artean, zibilak ere mordoa hil baitziren. Euskal Herrian eragin handia izan zuen, jende asko joan zen fronteetara, eta zehazki Bigarren Mundu Gerrari dagokionez, naziak Hendaiaraino iritsi ziren”. 1918an garaile suertatu zirenak, 1940an oso bestelako errealitate bati egin behar izan zioten aurre. “Alemania erabat suntsituta geratu zen 1918ko porrotaren ondoren, eta Frantzia aldiz indartua atera zen batez ere abertzaletasunari dagokionez, baina 20 urteren bueltan, eta 20 urte ez da deus, Alemaniarrek 40 egunetan hartu zuten Frantzia” azaldu digu Josu Chuecak, ikastaroari izenburua ematen dion esaldiari zentzua emanez. “Orokorrean bi Mundu Gerrek eragin handia izan zuten Ipar Euskal Herriko Frantses abertzaletasunean, lehenengoan, arestian esan bezala indartua atera zen, eta bigarrenean, resistance kontzeptua behin eta berriz aipatua izan da, eta horrek ere batasun zentzu bat eman dio”

Ipar Euskal Herrian ez da gehiegi landu den gaia hau, eta gutxiago euskaldunen ikuspegitik, eta egun hauetan UEUko udako ikastaroetan Eneko Bidegain kazetaria egiten ari den doktoradutza baliatuz, historiako garai honi behar duen garrantzia eskainiko diote. Ikastaroak asteazkenean izango du amaiera, eta mahai ingurua izango da arratsaldeko 15etatik aurrera

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude