Elizabeth Olaskoaga: “Zure burua maitatzen duzunean soilik maite ahal izango dituzu besteak”


Tantra, lanketa sakona behar duen filosofia izan arren, haren oinarri filosofikoetara hurbilketa bat egin dute egunotan Baionan ‘Tantra. Maitasunaren atea’ ikastaroan. Elizabeth Olaskoaga pedagogoaren eskutik meditazioak, masajeak eta azalpenak landu dituzte.

–    Zer da tantra?
Ez da erraza tantra zer den azaltzea, gauza asko lantzen baititu. Baina hasteko tantrak presentzia lantzen duela esan genezake. Horretarako beharrezkoa da gorputzera jaistea, buruari bueltak emateari uztea, gelditzea.Tantrak hori guztia lantzen du.

–    Plazeraren bilatzea dela esan genezake?
Baita ere. Printzipioz tantrak energiaren mugimendua bultzatzen du. Tantraren arabera zazpi ‘txakra’edo gurpil ditugu eta energia gorputzean zehar mugituz gero, ez gara deskargatzen eta beti bizitzeko gogoz egongo gara. Energia hori mugitzeko askotan blokeoak izan ohi ditugu eta horiek gainditu behar dira. Lehenengo ‘txakra’ hain zuzen ere, genitala da, eta gure kultura kristaua dela eta, tabu handi bat existitzen da gure genitalen inguruan. Hori gainditu, onartu eta ezagutu behar dugu, gero disfrutatu ahal izateko. Era berean, tantrak ospakizuna lantzen du asko, esaten baitu bizitza ospatu egin behar dela. Beraz, bai, plazeraren bilatze hori ere lantzen du tantrak.

–    Tantra, lan indibiduala ala taldeko lana litzateke ?
Lehenik eta behin norbere buruarengandik hasi behar da. Norberak bere burua ezagutu eta onartu behar du. Zu zaren bezala maitatzen zarenean, orduan soilik maite ahal izango dituzu besteak.

–    Zer da ikastaro honetan lantzen duzuena?
Meditazioa lantzen dugu eta meditazioaren bitartez gorputzera jaisten ikasten dugu, eta ez pentsatzen ikasteko modua bilatzen dugu. Masajeak ere lantzen ditugu eta sexualitateaz ere hitz egiten dugu. Era berean, tantra desmitifikatzen saiatzen gara, tantra ez baita sexualitate exotikoa, askotan entzuten den bezala. Sexualitatearekin badu harremana, lehen ‘txakra’ genitala delako eta hori onartu behar delako. Kanporatzen ikasten ere saiatzen gara, erreprimitzen dugun guztiak kalte egiten baitigu.

–    Zein da tantrako ikasleen profila?
Nik uste dut, gaur egun, denetarik dagoela. Nik tantrako ikastaroetan jende oso heterogeneoa ikusi izan dut, oso arlo ezberdinetakoak. Saldu diguten ereduarekin ados ez daudenak hurbildu ohi dira tantrara, eta baita euren bizitza sexuala hobetu nahi dutenak ere edo lasaiago bizi nahi dutenak.

–    Ikastaroari ‘Tantra. Maitasunaren atea’ izena ipini diozue. Sexualitatea baino gehiago maitasuna lantzen du tantrak?
Bai. Sexualitatea gure energia primarioa da, baina maitasuna askoz handiagoa da. Sexualitatea maitasunik gabekoa izan daiteke. Maitasuna beste zerbait da. Eta tantran bereizketa hori oso garbia da. Maitasuna tantraren helburuetako bat da, bihotza zabaltzen ikasi behar dugu, baina hori ez dugu sekula lortuko lehen ‘txakra’ itxita baldin badaukagu.

–    Zeintzuk dira zazpi ‘txakra’-k?
Lehena perineoan kokatzen da eta horrek bizitzeko beharra sortuko digu. Bigarren ‘txakra’-k zilborretik beherantz hiru behatz hartuko lituzke, eta emozioei lotutakoa da. Hirugarrenak zilbor hestetik gorantz bi behatz hartzen ditu eta boterearena da; norbere boterearena. Laugarren ‘txakra’ bularrean dago eta maitasunaren da. Bosgarrena, eztarrian legoke eta komunikazioa eta kreatibitatea lantzen dituena da. Seigarren ‘txakra’-ri hirugarren begia deitzen zaio, kopetan kokatzen da eta intuizioarena da. Azkena burugainean kokatuko genuke eta horrek argialdia sinbolizatzen du. Eta pausoz-pauso landu behar dira. Denbora asko behar da, ikasiz joan behar dugun zerbait baita, mantso-mantso landu behar dena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude