Gorka Julio: “Aplikazioak euskaratzeko aukera bakarrenetarikoa software librea da”

Mugikorren munduan gauzak denbora gutxian asko aldatzen direla ezin da ukatu, eta aldaketa batzuen  “errudun” Android sistema eragilea da. Berria izanik ere, badira hainbat aditu horren inguruan, hoien artean Gorka Julio andoaindarra. Egunotan Eibarreko Markeskoa jauregian ari da ikastaro bat ematen.

Gai honek sortzen dituen harridura aurpegiak ezagututa azaldu Android zer den, mesedez.
GJ- Googlek bultzatutako sistema eragile bat da funtsean, Linux daramana bere bihotzean eta mugikorrentzako optimizatua dagoena. Baina hori baino gehiago da, programatzeko behar diren tresna eta  lan eremu egokiak eskaintzen baititu eta horri esker  eta software librea denez zati handi batean gutxienez, norberak nahi dituen aplikazioak sor ditzake. Beraz, orain arte ematen ez ziren aukerak ematen ditu Android-ek, ordenagailu txikiak diren mugikor hauetan gauza politak egiteko esfortzu txikiarekin.

Erabiltzaile orok, beraz, bere gustuko aplikazioak sor ditzake?
GJ- Bai, pixka bat jakin behar da aldez aurretik lan eremu honetan nola maneiatu, baina duela gutxi inorrek ez zuen uste mugikorrentzako aplikazioak sortuko zituenik, eta orain aukerak badaude. Software librea denez jendeak kodeak eskaintzen ditu, eta beste erabiltzaileek kode horiek erabiliz bere programa edo aplikazio propioa garatu dezakete. Hala ere, esan beharra dago mugikor guztiak ez direla Android jasateko gai, baina jasaten dutenek euren aplikazioak aukeratzeko parada dute, ekosistema pertsonal eta txikiak lortuz.

Software libreaz hitz egin duzu, hau al da etorkizuna?
GJ- Etorkizuna ez bada, errealitate bat behintzat bada, eta errealitate horren zati garrantzitsu izaten jarraituko du nahiz eta software pribatiboa ere hor egon. Euskararen etorkizunari begira, modu lokalago batean hitz eginda, euskarazko programak edo aplikazioak izateko aukera bakarrenetakoa da. Ez dut esaten enpresa handiek erabakiko ez dutenik programak euskaraz egitea, baina aplikazio batzuk euskaratzeko aukera bakarra software librea da, kodea aldatu daitekeelako.

Zeintzuk dira zure ustez Androiden aplikazio interesgarrienak?
GJ- Beno, Google-n telefonoa izaki, badira etxeko aplikazio oso interesagarri batzuk, hala nola, Gmail edo GoogleTalk. Baina horretaz gain, interesgarriak izan daitezke Qik bezalako aplikazioak, non mugikorra eta interneterako konexioa baduzu video streaming-a zuzenean egiteko aukera ematen dizun, zuzenean kaletik ordenagailuetara.  Beste batzuk badira Seesmic bezalakoak, sare sozialetan konektatzeko aukera ematen dutenak. Edo badira ere Layar bezalakoak, non grabatzen duzunaren gainean geruza batzuk ezar ditzakezun, adibidez kalean grabatzen zoazela puntu interesgarrien informazioa gehituz. Aldiko da beste aplikazio oso praktiko bat, e-bookak irakurtzeko aukera ematen du; nik uste nuen ez nintzela pantaila horren txikian irakurtzeko gai izango baina bai, posible da, eta pentsatzen nuena baina nahikoa erosoagoa gainera.

Hala ere esan nahiko nuke guk geuk, imajinazio pixkatekin gure herrirako edo gure auzorako baliagarriak diren aplikazioak sor ditzakegula, maila xumeago batean. Eta hau euskal munduan baliagarri izan liteke, sormenari bide berri bat emanez eta saltseroentzako aukerak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude