Aurkezpena: Kaixo Mundua!

Denbora nahikotxo igaro dut lehenengo post-a idazteko, baina ez da gauza makala izan! Proiektu bat eskuartean dudanean, nola burutuko dudan argi daukadan arte, zaila egiten zait hasten.

Blog-aren deskribapenean esan bezala, tesia egiten pasatu ditudan 4 azkenengo urte hauetan izandako sentipenak eta gogoetak islatzen saiatuko naiz, prozesu horretan daudenei lagungarri izateko itxaropenarekin eta bidez batez, nire esperientzia nire buruan ordenan ipintzeko.

Lehenengo eta behin, nire burua presentatuko dut: Iratxe Pérez Urdiales naiz. Nire tesia, emakume immigranteen Euskadiko osasun zerbitzu publikoetarako sarbideari buruzkoa da. Tesi internazionala egin dut, Suediako Umea University-n ikerketa estantziak burutuz. Tesi prozesuan zehar, beste herrialde asko ezagutzeko aukera izan dut, batez ere konferentzietara joanez. Apirilak 15 defendatu nuen tesia, Aste santuko astelehenean.

Suedian, artikuluen batuketaren bidezko tesia egiten da eta tesiaren hasieran, “Locating myself” deitutako atala gehitzen dute, hau da, gaiarekiko zure posizioa zein den aurkezteko atala. Tesian zehar gauza asko ikasten dira, besteak beste jadanik idatzita dauden testuak aprobetxatzen. Beraz, nire lehenengo post-a, nire burua tesi gaiarekiko nola kokatu nuen azaltzen duen atala izango da:

Nire burua gaiarekiko

Bilboko langile-auzo batean hesitu nintzen eta txikia nintzenetik, generoan, etnian edo klase sozialean oinarritutako bereizkeria sumatu nezakeen, nahiz eta honen atzetik zeuden arrazoiak ezin ulertu. Gaztea nintzelarik, auzoko gizarte eta kultura erakundeetan lan boluntarioan aritu nintzen.

UPV/EHU-n erizaintza ikasi nuen.Honi esker, ospitalean eta adinekoen etxean lan egin nuen urteetan zehar. Beste kultura eta herrialdeak ezagutzeko desirak, Latinoamerikara eraman ninduen erizaintza bukatu eta urte bat geroago. Bertan, ohitura eta praktika kultural asko ulertzeko gai ez nintzelaz konturatu nintzen. Beraz, bueltatzerakoan, Gizarte eta kultura antropologia ikastea erabaki nuen. Honek nire mundua ikusteko modua ireki zuen, baina batez ere, ohiturak eta praktika kulturalen multzoak modu zientifikoan ikasi daitezkeela erakutsi zidan. Ikasten nuen bitartean, erizain lanak ere egiten jarraitu nuen eta Deustu Unibertsitateko Amnistía Internacional taldean militatu nuen, Giza eskubideen urraketei buruzko sentsibilizazio kanpainetan parte hartuz.

Bukatzerakoan, Nazioarteko lankidetzari buruzko master bat egin nuen. Honi esker, Munduko Medikuak Euskadi GKE-an praktikak egin nituen. Bertan, lehenengo aldiz osasun zerbitzuak guztiontzako izan beharko liratekeelaz ohartu nintzen. Masterraren bitartez, Malawiko FAO organizazioaren Genero departamentuan praktikak egin ahal izan nituen, non nekazaritza politiketan genero ikuspegia sustatzen saiatzen ginen. Urtea pasatuta, Euskadira bueltatu nintzen eta Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra egin nuen.

Munduko Medikuak Euskadin emakumeen genitalen mutilazioaren kontrako kanpainetan parte hartzen jarraitu nuen eta urte batzuen buruan, osasun sistema publikoan sartu ez daitezkeen immigranteentzat daukaten kontsultan erizain boluntario bezala lanean hasi nintzen. Ordurako, immigranteentzako osasun zerbitzuak murrizten zituen 2012ko legea indarrean zegoen eta immigranteak osasun sisteman sartzeko eta erabiltzeko daukaten zaurgarritasunaz lehenengo aldiz ohartu nintzen.

2013an UPV/EHU-n erizaintza departamentuan hasi nintzen lanean, non doktorego tesia egiteko aukera sortu zitzaidan. Nola ez, immigranteak eta osasun sistemaren arteko erlazioa hartu nuen gai bezala, Euskadin ematen den egoera hobeto ezagutzeko eta ezagutarazteko.

Tesiari buruz informazioa luzatuko dut hurrengo post-ean! J

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude